Estreinakoz egingo da Euskal Herrian ONCEren Antzerki Bienala. Hamabosgarren edizioa izango da aurtengoa, eta urtarrilaren 14tik 17ra bitartean egingo da. Guztira, Euskal Herriko bederatzi udalerritan emango dituzte emanaldiak, hiru Gipuzkoan: Eibarren (Coliseo antzokian), Irunen (Amaia KZn) eta Donostian (Viktoria Eugenia antzokian). Gipuzkoako hiriburuan Cadizko (Espainia) Orozu taldeak eskainiko du bienalaren amaierako emanaldia, urtarrilaren 17an.
Bienalean Arte Eszenikoen Amateur Max saria jaso duten zortzi antzerki taldek parte hartuko dute: Galiziatik Ourenseko Muxicas eta Coruñako Valacar, Herrialde Katalanetatik Palmako Sa Boira eta Bartzelonako Sarau, Espainiatik Madrilgo La Luciernaga eta Cadizko Orozu eta Euskal Herriko Oroimenak Donostiako taldea.
Javier Dominguez Donostiako ONCEko zuzendariaren esanetan, “itsuen ardura handienetariko bat kulturara eta, zehatzago, antzerkira iritsi ahal izatea izan da beti. Ardura horren babespean, orain 30 bat urte ikusmen urritasuna zuten aktoreez osatutako antzerki taldeak sortu ziren, kultura zabaltzeko asmoz, eta antzerkia taularatzearekin batera modu intentsoan bizitzeko ere bai”. Reyes Lluch bienalaren zuzendari eta kultura eta braille sustapenerako saileko buruaren iritziz, “pertsona hauen bizitzarako osagarri garrantzitsua da, batetik, kulturara gerturatzen dituztelako eta, bestetik, mugikortasuna lantzen laguntzen dietelako. Izan ere, pertsona itsuentzat batetik bestera ibiltzea beti baita zaila”.
Sarrerak doan izango dira, eta antzokietako leihatilatan eta ONCEren zentroetan jaso daitezke, eserlekuak bete arte. Egitarau zabala prestatu dute, lan garaikideak eta klasiko egokituak tartean, eta ikusleek taldekako manifestazio artistiko handi bat ezagutzeko aukera izango dute. Esteve Ferrer bienalaren zuzendari artistikoaren ustetan, “pertsonek interpretatutako lanak ikusteko aukera izango dute ikusleek, elbarritasunak alde batera utzita”.
Donostiako talde bat
Oroimenak Donostiako taldea 2004an jaio zen antzerki tailer gisa, Maribel y la extraña familia lanarekin. Ordutik hona, hamar bat izenburu muntatu eta ehun bat emanaldi eskaini ditu Hego Euskal Herrian eta Kantabrian (Espainia).
Parte hartuko duen antzerki talderik zaharrena Bartzelonako Sarau izango da. 1970eko hamarkadan sortu zen, Arco Iris izenarekin. Hala ere, 1994an, Esteve Ferrerren gidaritzapean, izenez eta estiloz aldatu zuen. Irunen izango dira Federico Garcia Lorcaren Los amores de don Perlimplin con Belisa en su jardín lanarekin.
Eibarren, berriz, Galiziako Valacar antzerki taldea izango da, Somos tan imbéciles antzezlanarekin.
Leave a Reply