Euskararen erabilera eta ezagutza bultzatzeko “benetako beharrak” detektatu behar dira, hori uste du Villabonako Udalak, eta ideia horretatik abiatuta parte hartze prozesu bat abiarazi zuen 2013an. Helburua bakarra zen: 2017a bitarteko Euskara Sustatzeko Ekintza Plana diseinatzea, baina ez bakarrik egitekoa, Euskara Ados lan mahaia osatzen duten eragileekin bildu baitira udal arduradunak.
Izan ere, orain arteko dinamika eten eta planaren lanketa herritarrekin partekatu nahi izan dute Villabonan. Maite Arregi Tejeria da udaleko Euskara teknikaria eta, azaldu duenez, 15 bat eragilerekin bildu dira egitasmoa osatzeko. Lehentasunak finkatuta, denen artean lortu dute 2017. urtera arte indarrean egongo den Euskara Sustatzeko Ekintza Plana diseinatzea.
2013an hasi ziren lanean, eta euskararen egoeraren inguruko diagnosia egiteko baliatu zuten urte hori. “Hutsuneak antzeman genituen”, esan du euskara teknikariak. Joan den martxoan egin zuten lehen bilera eragileekin, eta, ordutik, arloz arloko bilerak egiten aritu dira.
“Diagnosia arlo bakoitzeko eragileei bidali genien, eta hortik 15 bat egunera berriz ere biltzen ginen iritziak biltzeko. Gaiak eskatu duenean, beste bilera bat ere egin dugu”, gaineratu du Arregik. Bilera horiekin eta posta elektronikoz jasotako beste ekarpen askorekin osatu ahal izan du udalak Euskara Plana. Hori bai, administrazio arloan, udalari zuzenean dagokionez, ez dute bilerarik egin. “Eta sentsibilizazioaren arloa ez dugu bere horretan landu, gai guztietan lantzen zen gaia zelako”, esan du.
Guztira, sei alorretan banatu dute plana: euskalduntzea eta alfabetatzea; familia bidezko transmisioa; irakaskuntza; aisia eta kirola; arlo sozioekonomikoa; eta hedabideak, publizitatea eta teknologia berriak. Euskara Planean urtez urteko lehentasunak finkatu dituzte, baina plana ez da itxia, eta, “beharrezkoa bada, ekintza berriak zehaztuko ditugu datozen urteetan ere”.
Leave a Reply