Azpeitiko Uztarria herri aldizkarian kolaboratzen du Aintzane Larrañagak (Azpeitia, 1992), eta argitaratzen duen komunikazio taldetik jaso zuen Patxi Azkargortari buruzko liburuxka biografikoa egiteko proposamena. Iazko irailean proposatu zioten, eta “ezustekoa” izan zela dio: “Orduantxe hasita nengoen aldizkarirako artikuluak idazten, baina ezer gehiago egin gabe nengoen. Bat-batean liburu bat egiteko proposamena jasotzea ezustekoa izan zen niretzako”.
“Pozik eta ilusio handiarekin” idatzi du Azkargorta zenari buruzko liburuxka.
Irailean jaso zenuen proposamena, eta noiz hasi zinen liburua egiteko lanean?
Irailean, Uztarriakoek Azkargortaren familiarekin hitz egin zuten, eta liburuxkarako elkarrizketak egiten urrian hasi nintzen.
Patxi Azkargorta ez zenuen ezagutzen, eta lan hau egiteko orduan, zer-nolako pertsona iruditu zaizu?
Aurretik, Patxi Azkargortaz nekien Azpeitiko Ilunpe pilota elkartean ibiltzen zela, gazteekin eta, baina gainontzean ez nuen ezagutzen. Gero, jakin dut lan handia egindako gizona izan zela: Azpeitiko Ikastolaren sorreran jarduna, arropa garbitegia zuen, Azpeitiko danborradan hasieratik ere ibilitakoa eta baita Ilunpe pilota elkartean ere. Gauza pilo bat egindako gizon langilea eta hitzekoa zela ikusi dut. Liburuxka egiteko hitz egin dudan guztiek horixe nabarmendu didate Patxiz: hitzeko gizona zela eta umoretsua. Arropa garbitegia zuen, eta hori zuen bizibide, baina lan hori egiteaz gainera, beste gauza asko egiteko gai izan zen, eta horrek asko harritu nau. Alor oso desberdinetan aritu zen lanean, baina denek euskara zuten ezaugarri komun.
Izatez bergararra, baina azpeitiar peto-petoa izan zela esan zenuen aurkezpenean. Zergatik?
Patxi Azkargorta Azpeitira etorri eta hasiera-hasieratik herriko hainbat alorretan parte hartzen hasi zen, bertakoa balitz bezalaxe jardun zuen.
Patxi Azkargortari buruzko lana egiteko zeinekin egon zara?
Hasteko, haren seme-alabekin, Irunerekin eta Iñakirekin; Xabierrekin ezin izan naiz egon kanpoan zegoelako, Bolivian. Pilotarien aldetik, Jesus Ruiz Argandoña Keuttin-ekin hitz egin nuen eta ikastolaren sorreraren kontuaz, berriz, Inaxio Mari Olarterekin. Lau pertsona horiek izan dira oinarrizkoak lana egiteko.
Baten batekin hitz egitea faltan sumatu al duzu lana egiteko orduan?
Hasteko, Patxi bera. Pena handia izan da; hura hil eta tarte gutxira hasi nintzen biografia egiten, harekin egon eta ezagutzea ederra izango zen niretzat. Hala ere, familiaren bitartez hari buruzko informazio asko jaso dut, eta hori eskertu beharra daukat.
Joan den larunbatean aurkeztu zenuten lana jendaurrean.
Oso esperientzia polita izan da; nik uste nuen baino jende gehiago joan zen aurkezpenera. Urduri egon nintzen, baina familiakoek harrera ona egin diote lanari, eta oso gustura gelditu naiz.
Leave a Reply