Beasaingo Igartza Klubak antolatuko du Euskadiko Arku Tiroko Txapelketa. Urtarrilaren 18an jokatuko da, Azkoitian. Oraindik izen-emateak ixteko badaude ere, lehiaketan Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 90 lagun inguruk parte hartzea espero dute antolatzaileek.
Ez da lan hau hartzen duten lehen aldia, arku tiroan oso onak izateaz gain lehiaketak antolatzen ere badute-eta esperientzia.
Ligako lehiaketa bat klub batek antolatzen badu, klub horren instalazioetan jokatzeko eskubidea lortzen dute; horregatik, beste inora joan beharrik gabe, zenbait klubek nahiago dute eurek antolatu lehiaketa, beste inora lehiatzera joan baino.
Igartza klubak neguko txapelketak soilik antolatzen ditu, ez baitaukate kanpoko zelairik, ez entrenatzeko, ez eta lehiatzeko ere. Horietako bat izan da Gipuzkoako arku tiroko lehiaketa, orain gutxi antolatu dutena. Kluba entrenatu ohi den lokalean jokatu zuten txapela, Antzizar kiroldegiko azpiko aldean, abenduaren 14an.
“Arku konposatuko modalitatean, txapelketa oso parekatuta egon zen, eta lehenengo postuak lortzeko asko borrokatu ziren”, esan du Igartza klubeko Joseba Iturbek.
Gipuzkoakoa pasa berri da
Kanporaketa guztiak gaindituta, Igartza klubeko Vicente Riesco izan zen Gipuzkoako txapelduna. Finala puntu bakar baten aldearekin irabazi zion Rafa Gonzalezi —Igartza klubeko arkularia da hura ere—. Hirugarren postua Azeri taldeko Aitor Berridik lortu zuen. Beraz, Igartza klubak urrea eta zilarra lortu zituen txapelketa horretan.
Arku makurgarriko modalitatean Ostadar taldeko Josu Illarramendi izan zen irabazlea. “16 urte soilik izan arren, sekulako markak lortzen ari da, eta dagoeneko hasi da nazioarteko lehiaketetan parte hartzen”, dio Iturbek. Bigarren postua Ostadar taldeko Endika Garciak lortu zuen, eta hirugarren postua, Diarco taldeko Andoni Larrabeitik.
Arku kurbatuko emakumezkoetan Ostadar taldeko Eider Vazquez arkulari gaztea izan zen garaile. Bigarren postuan, Diarco taldeko Maria Teresa Sanchez, eta hirugarren postuan, Diarco taldeko Miren Amorrortu.
Arku tradizionalaren modalitatean, urrea Diarco taldeko Miguel Fernandezentzat izan zen, zilarra Diarco taldeko Iñaki Barrenetxearentzat, eta brontzea Txantxiku taldeko Gorka Martinezentzat.
Txapelketa horrekin, Euskadiko Neguko Liga ere amaitutzat eman dute arkulariek. Hor ere, Igartza taldeko arkulariek sekulako arrakasta lortu dute aurten arku konposatuko modalitatean, podiumeko hiru postuak irabaziz: Euskadiko ligako irabazlea Rafa Gonzalez izan da, bigarrena Vicente Riesco, eta hirugarrena Miguel Rial; guztiak Igartzako taldekideak.
Igartza taldekoak “oso gustura” daude txapelketan lortutakoarekin, eta orain Azkoitiko txapelketara begira jarrita daude. Igartza klubak berak proposatu zion Euskadiko Federazioari lehiaketa eurek antolatzea, laugarren aldiz. Taldea beasaindarra izan arren, “Beasainen arkua jada ezagutzen delako, beste leku batzuetara zabaldu nahi” zuten arku tiroaren afizioa, eta, hala, hilaren 18an jokatuko den Euskadiko txapelketa hori Azkoitian egitea erabaki zuten, klubeko kide bat azkoitiarra delako, besteak beste.
Hogeita hamar federatu
Entrenamenduak Beasaingo Antzizar kiroldegiaren azpiko lokaletan egiten dituzte. Adin askotariko lagunak biltzen dira: aitona bat bilobarekin ere bai, eta egunkari hau hara joan zen egunean “hau da gure etorkizuna!”, zioten, barrez. Pare bat gazte ere badabiltza taldean, eta, dudarik gabe, espirituz guztiak daude gazte-gazte. 30 federatu inguru ditu taldeak guztira.
Baina ez ziren hainbeste lagun biltzen hasieran: “Jeronimok bere kasa botatzen zuen, eta Miguelek ere bai. Ander, berriz, ia kasualitatez hasi zen kirol honetan. El Corte Inglesera joan zen egun batean arkua ikusi, eta erosi egin zuen bi aldiz pentsatu gabe. Gutxika hasi ginen batzen 1991. urte inguruan edo. Urteak aurrera joan ahala, taldea handitzen joan da”, diote taldekideek.
Gainera, lehiaketetan hasi orduko, garaipenak pilatzen hasi ziren Beasaingo taldekoak: “Leonen parte hartu genuen lehen aldiz; Miguel laugarren gelditu zen, eta Ander, seigarren”.
Kirol ezezaguna Gipuzkoan
Gipuzkoan ez da oso kirol ohikoa arku tiroa, kalean behintzat, baina sekulako maila dago. Gipuzkoako klub handiena Donostiako Diarco kluba dela diote Igartza klubekoek, eta beste klub aipagarri batzuk Errenteriako Ostadar, Hondarribiko Azeri eta Legazpiko Luma direla azaldu dute. Bestalde, basoko arku tiroketa egiten duten klubak ere badaude, Ordizian eta Oñatin, esaterako. “Ordizian ere badago arku taldea, baina haiek senezkoan eta ehizakoan aritzen dira, eta gu zehaztasunekoan ibiltzen gara”, diote taldekideek.
Urte osoan Igartza taldeko arkulariek hainbat ekintza egiten dituzte herriko hainbat talderekin: “Aspacekoekin eta Gureak-ekoekin jardunaldiak egiten ditugu, eskolekin udalekuetan aritzen gara, eta azkenaldian despedidaren batean ere aritu gara erakustaldiak egiten!”.
Orain, Euskadiko txapelketa antolatzen buru-belarri ari diren honetan, babesleen beharra dutela azaldu dute Igartza klubekoek, lehiaketak sortzen dituen gastuei aurre egiteko.
“Diru laguntza gutxi daude kirol honetarako. Federazioak txapelketarako materiala errazten du (dianak, markagailuak…), baina dena prestatzea klubeko arkularien esku gelditzen da, eta eskua bete lan dugu!”, esan du Iturbe taldekideak.
Ilusioz doaz lehiaketara, dominaren bat lortuko duten esperantzarekin. Eta ez da gutxiagorako. Igartzakoen lorpenen zerrenda ez baita nolanahikoa: maila gorena erakutsi dute azken urteetan.
Leave a Reply