Patxi Azkargorta zenari buruzko lana argitaratu du Uztarriak

Bergaran jaio eta 24 urte zituela joan zen Azpeitira bizitzera Patxi Azkargorta Arteaburu zena, ezkondu zenean. 1950. urtea zen. Azpeitiko Santiago kalean lehen arropa garbitegia zabaldu zuen orduan. Aitaren lanbideari heldu zion Azpeitira joanda ere: aitak Bergarako Onena tindategian garbiketa eta tindaketa lanak egiten zituen, eta han ikasi zuen ofizioa Patxik. Besteak beste, Azpeitiko Ilunpe pilota elkartearen eta ikastolaren sortzailea izan zen Azkargorta. “Langilea eta umore handiko gizona” zela nabarmendu dute hura ezagutu zutenek. Iazko irailaren 10ean hil zen, 88 urterekin.

Azkargortari buruzko biografia liburuxka kaleratu berri du orain Azpeitiko Uztarria komunikazio taldeak. Aintzane Larrañaga kazetari gazteak egin du, eta joan den larunbatean aurkeztu zuten jendaurrean Azpeitiko Sanagustin kulturgunean.

Uztarriak 2009ko martxoan jarri zuen abian hainbat azpeitiarren soslaiak egiteko proiektua eta Azkargortarena proiektuko hamaikagarren lana da.

Aintzane Larrañaga biografiaren idazlea denak lanaren aurkezpenean esan duenez, Azkargortak herrigintzan lan handia egin zuen: “Lanerako gogo handikoa zen. Garai gogorrak ezagutu izan zituen frankismoan eta, baina Azpeitiko pilotan, ikastolaren alde eta bestelakoetan hainbat lan egin zuen”.

Iñaki eta Irune Azkargortak, Patxiren seme-alabetako bik, Uztarria taldeari eta biografia idazleari eskerrak eman zizkieten haien aitari buruz egindako lanagatik: “Lanaren enamoratua zen gure aita, eta alaia ere bai. Umore handia zuen”.

Bigarren etxea, frontoia

Betiko zaletasuna eskupilota izan zuen Azkargortak, eta horri lotuta lan egin zuen Ilunpe pilota elkartean, hainbat gazteri pilotan erakutsiz. Gainera, Ilunperen lehen presidentea eta bakarra izan zen. Haren gertukoen arabera, “bigarren etxea” zuen Azpeitiko Frontoi Txikia. Euskaltzalea eta abertzalea ere bazen “Bergarako” azpeitiartua, eta Azpeitiko lehen ikastola sortzeko 1960ko hamarkadan “ahal zuena eta gehiago eman zuen”.

Liburuxka biografikoen proiektua, hainbat azpeitiarren biografiak argiratu eta herriko kazetari gazteei idazteko aukera emateko helburuekin sortu zuen Uztarriak. Patxi Azkargortari buruzko biografia hamaikagarrena da. Aurretik honako hauenak atera ditu: Julian Bereziartua, Leo Etxeberria, Valentina Agirre, Santi Lazkano, Amaia Garmendia, Enkarna Arregi, Iñaki Bergara Pio, Bernardo Aizpitarte Kabra, Enrike Zurutuza eta Maria Jesus Arregi. Aurten ere liburuxka biografikoen proiektuarekin jarraituko du Uztarria komunikazio taldeak, baina iragarri du hamabigarren liburuarekin proiektuari bukaera emango diola.

Leave a Reply

Your email address will not be published.