Antzerkiaren eztena sartzen

Arriskuak hartzen dituen antzerkia bultzatzea. Hori da Errenteriako Mikelazulo elkarteak arte eszenikoen arloan bultzatu nahi duena. 2009an hasi zen Eztena antzerki eta dantzaren jaialdia antolatzen. Aurten beteko du zazpigarren aldia. Normalean, ekain partean egiten dute jaialdia. Horren osagarri gisa sortu zuten, 2013an, Zizt zikloa. Elkarteko kide Oier Guillanen arabera, Eztenan sartzen ez ziren proposamenei leku egin nahi diete Zizten, igande arratsaldetan. Etzi hasiko da zikloa.

“Eztenak oso ongi funtzionatu du, eta publikoak oso ongi erantzuten du; jende askok parte hartzen du”. Horrez gain, antzerkilarien artean, elkargune bat bilakatu da. “Saiatzen gara ohiko zirkuituetan ikusten ez diren lanak ekartzen. Lehentasuna euskarari ematen diogu, eta, bigarrenik, Euskal Herrian sortutako lanei, gazteleraz izanda ere. Eta, tarteka, kanpoko talderen bat etortzen da”.

Eztena jaialdia, ekainaren erdialdean izanda, gehienbat kalean egiten da; Zizten kasuan, berriz, formatu txikiko antzezlanak edo dantza emanaldiak dira, eta elkartearen egoitzan egiten dira. Ez zuten urtarrilean hastea espero, baina, azkenean, etzi ekingo diote zikloari: “Gure asmoa martxoan, apirilean eta maiatzean egitea zen. Hilabete batzuk lehenago, alegia, iaz bezala”, azaldu du Mikelazulo elkarteko kideak. “Baina etzikoa suertatu egin da. Usurbilgo lagun batzuek ekarri dute obra, Madrildik, nahiz eta Ana Plaza aktorea kataluniarra den. Usurbildarrek esan ziguten bi obrarekin zetozela. Bat Usurbilen egingo dute, gaztetxean, bihar —La esclusa—. Eta galdetu ziguten ea posible genuen beste bat egin Mikelazulon. Ideia ona iruditu zitzaigun”.

Errenterian Ana Plazak antzeztuko duen lana Dario Fo eta Franca Rameren obra bat da. Guillani horrelako obra bat ikustea “opari” bat dela iruditzen zaio, “egile oso garrantzitsuak direlako teatroaren historian”. Horregatik aurreratu dute Zizten hasiera urtarrilera. Eta sorpresarik ez bada, martxoan berriro ekingo diote zikloari: “Hasiera batean, ez dugu uste otsailean ezer egingo dugunik, baina ikusiko dugu… hau ere inprobisatua izan da”.

Datorren hilabeteko zalantzak aparte, martxoko antzezlana zein izango den lotuta daukate. Horrela, D-rumbo performancea eskainiko dute. Azaroaren 15ean estreinatu zuten antzezlan hori, Donostiako Kontadores aretoan. Poesia, dantza eta musika zuzenean nahasten ditu obrak.

Hortik aurrerakoa oraindik zehaztu gabe dute. “Apirilekoa eta maiatzekoa ari gara lotzen, eta ekain erdialdean izango da Eztena. Udan beste dinamika bat dago: kale antzerkia, herrietako jaiak… Hala ere, momentuan bizi gara, gaudenen indarren arabera. Eztena eta Zizt hazten joan dira urtez urte. Aurrera jarraituko duela pentsatzen dut, baina oraingoz nahikoa lan aurtengoa lotzeko”.

Antzezlan horiek guztiak bermatze aldera, Eztenakide figura sortu dute —babes ekonomikoaren truke onura batzuk jasotzeko aukera ematen du—. Publikoak babes handia eman dietela ziurtatu du Guillanek, eta, gainera, jarrera “oso aktiboa” dutela. “Emanaldiak bete egiten dira Zizten zein Eztenan, eta horrek motibatzen zaitu gauzak ekartzen jarraitzeko. Beste proposamen batzuetarako lekua eta publikoa badagoela erakusten digu horrek”.

Dioenez, lanketa bat behar dute Eztenak eta Ziztek, ez da programatu eta bere horretan uztea: “Ez da aukera bat ematea bakarrik: landu, zabaldu, jendeari helarazi zer den proposamen hori eta interesa piztea antolatzaile zaren heinean. Eztenan ikusi da: proposamen oso ausartak ekarri dira dantza zein teatro arloan, eta etekina ematen du”.

Antzerkia, sasoiko

Oiartzualdean antzerkiaren topagune nagusietakoak dira Eztena eta Zizt. Guillanen ustez, arte eszenikoak sasoiko daude eskualdean. Hori da antzerkigintza munduaren barrutik duten inpresioa: “Antzerki munduan nabil, eta barrutik esatea agian zaila da. Baina egia da Errenterian zein eskualde osoan —Lezo, Pasaia eta Oiartzunen— antzerki tradizio handia egon dela historikoki. Errenterian, garai batean, Niessen zaharrean antzerki talde ugari egon zen, eta mugimendu handia bazen”. Gaur egun, berriro, “jende asko” dabil lanean. Xehetasun batekin: “Kasu honetan, gehiago da euskaraz. Egun gabiltzan taldeen artean batzuek Mikelazulon ezagutu dugu elkar. Bakoitzak bere estetika eta bide propioa eramaten duen arren, harreman jarraitua izaten dugu. Eztenan elkartzen gara hainbat talde edo proiektutan gabiltzan jende pila bat, jaialdia denen artean aurrera eramateko. Jaialdia elkargune bat bilakatzen da herrian zein inguruan antzerkian gabiltzanontzat. Aukera dugu hemen topatzeko, egoteko, pentsatzeko, gauzak ikusteko… baita publikoarentzat ere”.

Guillanek gainbegiratua egin die eskualdeko taldeei. “Tradizio handia egon da Oiartzunen Intxixu antzerki taldearen garaitik, Lezon Orratx dago, Pasaian Badia eskola sortu da, Errenterian Deja Buk koordinatzen du udalak bultzatutako antzerki eskola… Arte eszenikoei dagokienez —Kukai ere hor dago—, momentu interesgarria da Errenterian zein Oarsoaldean”.

Errenteriako Olibet auzoko Lekuona okindegi zaharra eraberritzen ari dira, Euskal Herriko Arte Eszenikoen Zentroa egiteko asmoz. Datorren urterako bukatuko dute Oiartzun ibaiaren ondoan dagoen eraikina doitzen. Errenteriako Udalaren arabera, proiektu hori estrategikoa izango da udalerriarentzat.

Arte eszenikoen munduan egonda, Guillanek baietsi du “interes handiz” jarraitzen duela proiektua, baita Eztenako gainontzeko kideek ere. “Jakin-min handiarekin gaude. Niretzat, erantzun bat baino, galderak dira Lekuona. Bultzada izatea nahiko nuke”. Horrez gain, egun arte eszenikoen munduan maila lokalean dabiltzanek harremanak lotu nahi dituzte zentroa sustatu duten erakundeekin: “Taldeen independentzia mantentzea nahi genuke, ezinbestekoa delako arte eszenikoen arlo osasuntsu bati eusteko”. Era berean, uste du instituzioekin elkarlanerako bideak aurkitu behar direla, “taldeen izaera eta lan egiteko moduak errespetatuz, baina zubiak eraikiz”. Guillanen arabera, historikoki “gutxitan” gertatu da instituzioetatik sortutako azpiegitura handietan dinamika interesgarri bat sortu izana. “Beti daukagu itxaropena gauza berri bat sortzean ez dela hori gertatuko. Baina ez dago gure esku”.

‘LA ESCLUSA’

Non. Usurbilen, gaztetxean.

Noiz. Bihar, 22:00etan.

Zer. Nagual konpainiako Ana Plazak Michel Azamaren antzezlana taularatuko du.

‘LA MUJER SOLA’

Non. Errenterian, Mikelazulon.

Noiz. Etzi, 19:00etan.

Zer. Nagual konpainiako Ana Plazak Dario Fo eta Franca Rameren antzezlana taularatuko du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.