Krisia. Duela gutxira arte, historia liburuek hitz horrekin laburbiltzen zuten XVII. mende osoa, izan Parisen, Bruggen, Toledon nahiz Ordizian. Krisi ekonomikoa, krisi demografikoa, krisi erlijiosoa… Orokortasuna eta azalekotasuna nagusi izan dira askotan eskuliburu horietan, eta, horren ondorioz, Euskal Herriko errealitateak ez du tokirik izan kasik historiografia ofizialean. Egungo ikerlari askok, baina, zalantzan jarri dituzte orain arte egiatzat hartzen ziren horiek.
Hitzaren erabilera bera kolokan dago gaur egun: krisia. Krisi bakar batek jo zuen kontinente osoa? Herrialde guztietan modu eta aldi berean eragin al zuen? Jatorri bera al dute aldaketa demografikoek, ekonomikoek eta sozialek? Ez. Ezin da ukatu garai nahasien lekuko izan zirela mende horretako euskal herritarrak, baina —Hego nahiz Ipar Euskal Herrian inposatutako historiografia ofizialak kontrakoa adierazten duen arren— horien bizimoduak zerikusi gutxi zuen Gaztelako edo Britainiako biztanleek zutenarekin, adibidez.
Egiazki, aldaketa prozesu txiki asko gerta daitezke mende oso batean. Horren adibide garbia da Gipuzkoako 30 herrik, Tolosatik, Ordiziatik nahiz Seguratik bananduta, hiribildu izaera ofiziala lortu izana. Garai hartako sektore gehienak zipriztindu zituzten aldaketa prozesuok, eta ezinbestekoak izan ziren hurrengo mendeetan gertatutako iraultzak ulertu ahal izateko. Hauek dira aipagarrienetako batzuk.
Aldaketa demografikoak
Europako zati handi batean zabaldutako izurriteak oraindik erabat gainditu gabe, egoerak ez zuen hobera egin XVII. mende hasieran. Orduan ere hondamendi handiak izan ziren kontinente osoan: lehorteak, izozteak, erauntsiak, eurite bortitzak… Eta horri guztiari gerren eragina ere gehitu behar zaio. Ondorioz, demografian ere aldaketak izan ziren. Atzerakada edo hazkunde negatiboa sarritan aipatu izan diren arren, egiazki, populazioak jasandako aldaketak tokian tokikoak izan ziren, eta, askotan, hazi ere egin zen herritarren kopurua.
Gipuzkoan —eta Euskal Herrian, oro har—, hazkunde demografikoa mantsotu egin zen XVII. mendeko lehen hamarkadetan. Donostian eta beste zenbait herritan, hilkortasun tasak gora egin zuen. 1635etik aurrera, ordea, asko hazi zen biztanleria, eta 1655az geroztik, gainera, modu jarraituan, etenik gabe. Mende horretako azken hamarkadetan, 82.000 bat biztanle zituen Gipuzkoak, garai hartako kronika eta agirien arabera.
Ez zen gauza bera gertatu Mediterraneo aldean edo Europa erdi-ekialdeko erresumetan. Eremu horietan, lehengaien eskasiak, prezioen igoerak, izurriteek eta gerrek zeharo gutxitu zuten populazioa. Erromatar-germaniar inperioko hainbat eremutan, adibidez, hazkundea %40 murriztu zen.
Hazkunde demografikoa mantsotzeaz gainera, populazio horren ezaugarriak aldatu egin ziren Europan. Hirietan, hazkunde hori gelditu zen, askok nekazaritza guneetara mugitzea erabaki zuten, eta Gipuzkoako hiribilduekin gertatu bezalaxe, beste hainbat tokitan ere, herri txiki askok indarra hartu zuten, hiriburuen kalterako eta —hiribildu sortuberriek ordaintzen zuten kuotari esker— zenbait monarkien mesedetan.
Ekonomia
Alor ekonomikoan ere, krisialdia arinagoa izan zen Euskal Herrian Europako beste lurralde askotan baino, eta, zehazki, Gaztela eta Frantzia auzo monarkietan baino. Gipuzkoan, zehazki, eraberritu egin zuen bere ekonomia. Oihalgintzak behera egin ahala, burdinaren eraldaketa nagusitu zen. Nekazaritzan, bestalde, artoaren laborantzak garrantzi itzela izan zuen krisialdiaren gainditzean. Urte horietan, arrantzak garrantzia galdu zuen; izan ere, Ingalaterrak eta Herbehereek Ipar Atlantikoko itsasorako sarbidea oztopatu zieten euskal arrantzaleei. Berez, arrantzaren jarduera ez zen desagertu, baina nabarmen jaitsi zen.
Burdinaren industriari zegokionez, Bizkai eta Gipuzkoako behe labeko burdinolak ez ziren Europako beste herrialde batzuetakoak bezain aurreratuak. Liejako eta Suediako burdinaren konpetentziak kalte handiak eragin zituen Euskal Herrian. 1612an, Gipuzkoak eta Bizkaiak elkar hartuta egin zuten lehen protesta. Su-armen ekoizpenari zegokionez, Soraluzeko arma fabrikak bere jarduera mantendu zuen, Gaztelako koroak eskatutako arkabuz eta mosketeei esker.
Politika eta gizartea
Gatazka ugariren lekuko izan ziren euskal herritarrak XVII. mende osoan. Gerrak, matxinadak, iraultzak… Erresumen arteko gatazka politikoaz gainera, gizarte arazoek piztutako liskarrak ere izan ziren nagusi.
Irunen eta Hondarribian, adibidez, Nafarroako Erresumaren eraginpera itzultzeko hainbat saialdi izan ziren. 1638tik 1666ra, Gaztelako eta Nafarroako tropen arteko borrokaldiak etengabeak izan ziren arrazoi horregatik, bi herrien setioek agerian uzten dutenez.
Gizarte arazoei dagokienez, berriz, klase herrikoiak behin baino gehiagotan altxatu ziren jauntxoen nahiz erregeen erabakien kontra protesta egiteko. Zerga berri bat ezartzearen, zerealaren garestitzearen eta mirabetzaren berrezarpenaren aurka egin zuten, besteak beste. Finean, Erdi Aroan ezarritako eskubide eta erabilerak ziren gaitzesten zirenak. Garai hartako altxamendu nagusienetakoak izan ziren Fiteroko jaunen kontrakoa (1627) eta gatzaren matxinada (1631).
Leave a Reply