Sormena eta teknologia uztartzen dituen egitasmo berria jaio da Tolosaldean. Bizzia enpresak sustaturik, Doplay enpresarekin elkarlanean, Laskorain Ikastola, Obeki eta Mecanizados Harri enpresen lankidetzari esker garatu da Gazztek, kreatibitatearen eta teknologiaren kluba izateko xedez sortu den egitasmo aitzindaria.
Gazteengan sormena, ekintzailetasuna edo autonomia sustatzea xede duen hezkuntza proiektua da, eta Bizzia enpresako arduradunak, Gemma Zelaiak azaldu moduan, “behar edo hutsune bat betetzera dator, gisa honetako ezer ez baitzegoen hezkuntza sisteman”.
Izan ere, hizkuntzarekin nahiz kirolarekin loturiko eskolaz kanpoko jarduerak badiren bitartean, teknologiari bideraturiko ekinbideak oso urriak dira. Hain justu, alderdi horretan emango ditu lehenengo pausoak Gazztek proiektuak. Tolosako Laskorain ikastolan hasi dira eskaintzen gazteek euren proiektu zientifiko-teknikoak garatzea bultzatzen duen aisialdi jarduera alternatiboa.
Duela hilabete batzuk hasi ziren, Laskorain ikastolan bertan, robotikari eta bideojokoei buruzko tailerrak eskaintzen. Orain, baina, pauso bat haratago emanez, proiektua indarturik dator, tailerrak gehituz eta izena ematearekin batera, klub edo talde izaera emanez: “Kirol taldeak dauden moduan, sormena eta teknologia lantzeko klub edo talde modukoak izatea da gure asmoa”.
Eginaz ikasi
8 eta 17 urte bitarteko Tolosaldeko gazte orori irekia den kluba edo taldea astean behin biltzen da Laskorain ikastolan. Ikasleak berak aukeratzen du, gainera, hobekien datorkion ordutegia, ostiral arratsaldeetan (17:00-18:30) edo larunbat goizetan (10:00-11:30). Askotariko tailerrak proposatzen dituzte asteroko saiorako, ardatz nagusiak robotika eta bideojokoen sorkuntza direlarik. Horrekin batera, asmakizun dibertigarriak izeneko tailerra ere izango dute, elektronika eta sorkuntza landuz.
Taldeak adinaren arabera sailkatzen dituzte, eta tailerrak “oso aktiboak” direla azaldu du Zelaiak: “Gazteek egiten dituzte euren sorkuntzak, sortzen doaz, talde lanean, begiraleen laguntzarekin”. Eginaz ikasi metodologia erabiltzen dute, eta sormena lantzearekin batera, tarte atsegin bat igarotzeko tailerrak prestatzen dituzte: “Jarduerak erronketan edo proiektuetan planteatzen dira. Begiraleak gaia azaltzen du, azalpen egokiak ematen ditu, lortu beharreko helburua planteatzen du eta talde bakoitzari laguntza eskaintzen dio kezkak, zalantzak eta arazoak ebatziz; soluzioaren garapen prozesuan zehar lan taldea da protagonista”.
Eskualdeko proiektua
Gazztek eskualde proiektu moduan jaio da, eta Zelaiak nabarmendu duen moduan, Laskorain ikastolan eskaintzen den arren, Tolosaldeko gazte guztiek har dezakete parte. Era berean, ikastolaren harrera “oso ona” izan dela azpimarratu du, eta aurrera begira, ikastetxe gehiagok proiektuarekin bat egitea dela helburua adierazi du: “Ekimenak dagoeneko interesa piztu du Tolosaldeko hainbat ikastetxetan eta neurrirako soluzioak eta proposamenak lantzeari ekin diogu”.
Proiektua bere egiten duten ikastetxeei balio erantsi bat gehitzen zaiela argi du Zelaiak: “Eskolaz kanpoko eskaintzetan beste aukera hori emango baitu, orain arte beste inon eskaintzen ez dena”. Tolosaldean bezala, gainerako eskualdeetara zabaltzen joan nahi duen proiektua da Gazztek sormenaren eta teknologiaren kluba.
Leave a Reply