Cartooning for peace erakusketa baliatuta, Gipuzkoako hainbat ikastetxetako ikasleekin tailerrak antolatu dituzte. Egitasmo pedagogikoa da, eta DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko lehen mailako ikasleei begira prestatu dute. Batetik, hausnarketa eragin eta gazteen iritziei “balioa” eman nahi diete; eta bestetik, praktikan landuko dute gaia. Azken horretan, giza eskubideen adierazpen unibertsalaren 30 artikuluetako bat aukeratu beharko dute gazteek, eta horren gaineko marrazki edo adierazpen grafiko bat egin. Mural bat osatuko dute amaieran lan guztiekin. Aintzane Gamiz hezitzailearen arabera, “oso garrantzitsua” da halako dinamika bat gazteekin jorratzea, “kasu orokorrak kasu errealekin erlaziona ditzaten”.
Ekinbidearekin, Gipuzkoako gazteak giza eskubideen inguruan heztea da helburua, ezagutza areagotu, horien inguruan sentsibilizatu eta kontzientzia hartzea. Heziketa eta kontzientzia bi tresna garrantzitsutzat jo ditu diputazioak “gazteek ikuspegi kritikoa eraiki ahal izateko”.
Egitasmo ibiltaria da, eta beraz, erakusketa egongo den herrietako ikastetxe guztiek parte hartu ahal izango dute tailerretan.
Errenterian hurrengo astean egingo dituzte; lau ikastola ariko dira: Orereta ikastola, Koldo Mitxelena, Kristobal Gamon ikastetxea eta Langaitz Ikastola. Tailerretatik aparte, gida pedagogiko bat emango diete irakasleei, ikasturtean zehar eta aurrera begira gaiari buruzko materiala izan dezaten.
Leave a Reply