Martin Garzia historialariak bereizi egiten ditu 1615 aurretik eta ondoren sortutako herriak. Hala, 1615ean hiribildu titulua eskuratu zuten herriei sortze berriko herriak deitzen die, eta aurretik zeudenei, sortze zaharrekoak. Gipuzkoan, sortze berriko 30 herrik erosi zuten hiribildu titulua urte hartan, Gaztelako Felipe III.a erregeak 1615eko urtarrilaren 26an kaleratutako errege zedulari esker. Aurten, euren sorreraren laugarren mendeurrena ospatuko dute guztiek.
Sortze berriko herri horiek ez ziren bat-batean eta ezerezetik sortu; XIV. mende bukaeratik Tolosa, Segura eta Ordiziari atxikita zeuden. “Sortze zaharreko hiribilduak lau mende lehenago eraikiak ziren, harresiz inguratuta, ahaide nagusietatik edo garai batean kontrako aldean zegoen Nafarroako Erresumatik babesteko”, azaldu du Garziak. Eta, harresiena ez ezik, erregeak emandako foruen babesa zuten, eta horien bidez pribilegio ekonomiko, komertzial eta fiskalak ere bai.
Alderantzizko piramidea
Harresiaren eta pribilegioen ondorioz, herri zaharren eta berrien piramide demografikoa justu alderantzizkoa zen. “Sortze berriko herrietan jende gutxi bizi zen kalean, eta jende asko mendi eta baserrietan barreiatuta; sortze zaharrekoetan, ordea, oso jende gutxi bizi zen harresiz kanpo”.
Gainera, hiribilduetan jarduera ekonomiko ezberdinak garatzeko aukera zegoenez, klase sozial berriak sortzen joan ziren. “Hiribilduetatik kanpo nekazari eta abeltzain bizimodua zuten; harresien barruan, foruei esker, oso bestelakoa zen bizimodua. Merkatua egiten zuten, klase berriak azaleratzen joan ziren; merkatariak, eskribauak… Agintari klase berri bat zen, harresietatik kanpo existitzen ez zena”.
Bestalde, sortze zaharreko herriek falta zutena lurrak ziren, eta hori haiei atxikitako herriei esker lortzen zuten. “Herrixka horiek lur asko zituzten, hiribilduek baino askoz ere zabalagoak. Ordiziak 5,7 kilometro koadro zituen, eta Beasainek, 29,9 kilometro”.
Handien babesa
Lur zabalak izan arren, harresien babesaz eta foruen pribilegioez gozatzeko modu bakarra sortze zaharreko hiribilduei atxikitzea zen. Hala, Ordiziak zortzi herri zeuzkan atxikita (tartean, Ataun, Beasain eta Zaldibia); Segurak zazpi zituen (besteak beste, Idiazabal, Ormaiztegi eta Zegama); eta Tolosak, azkenik, hamalau (Alegia, Amasa, Amezketa, Berastegi eta Andoain, esaterako). Hiribildu titulua eskuratu zuen 30. herria Urnieta izan zen; ordu arte, Donostia, Aiztondo eta Hernaniri atxikitakoa.
XIV. mendearen hondarretan hasitako harreman hori, harreman liskartsua betiere, 1615ean amaitu zen. Harreman gatazkatsu horretaz Marta Truchuelo historialariak hitz egiten du. Andoainen, herriaren sorreraren urteurrena dela-eta eginiko erakusketa atontzeaz arduratu da bera.
Hiribilduaren eta atxikitako herrien arteko harremanak ez ziren errazak izaten, eta horretan bat egiten dute bai Garziak eta bai Truchuelok. Hiribilduari zegokion herrixka horien zergak biltzea, herri horietako konponketak egitea eta beharrei erantzutea, haien eskubideak Batzar Nagusietan defenditzea eta baita herritarren arteko auzietan justizia administrazioaren lana egitea ere. “Harreman horretan Andoain ia erabat Tolosaren menpekoa zen; gauza garrantzitsu guztiak Tolosan erabakitzen ziren, eta Tolosa aprobetxatu egiten zen menpekotasun horretaz”. Truchueloren arabera, “Andoainek ikusten zuen Tolosan ez zirela bere gauzak eztabaidatzen eta borrokatzen berak nahi bezala”. Hala, Andoainek —eta baita gainerako herriek ere— hainbatetan jo zuen Batzar Nagusietara “bidegabekeria” horiek salatzera. Batzar Nagusietan, ordea, ordezkaritzarik ez zutenez, gutxitan lortzen zuten arrazoi ematea. Garziaren arabera, herriak “harrapatuta” zeuden egitura horretan. Beste bidea Gaztelako Gortera joatea zen.
Andoainek eta Tolosak izaniko liskarretako bat armen alardearen ingurukoa izan zen. Urtero egiten zen alardea, eta Tolosako alkateak bere menpeko herrietako arma guztien ikuskaritza egiten zuen. Baina Andoainek ez zuen jada gehiago Tolosara joan nahi armak erakustera, eta alardea herrian bertan egin zuten. Liskar handia izan zen, eta Tolosako alkateak, harena baitzen justizia administrazioaren eskuduntza, Andoaingo hainbat herritar zigortu zituen alardea egitera ez joateagatik.
Gortea, dirurik gabe
Hainbatetan eskatu zuen Andoainek Tolosarekiko desanexioa, eta, Garziaren arabera, baita Beasainek ere. Gainerako herrietan ere tankera bereko gertaerak maiz izaten ziren, eta, Garziaren arabera, atsekabe hori primeran etorri zitzaion Gaztelako Gorteari bere diru kutxa betetzeko. “Felipe II.a hil berria zen, eta Borboiek erabateko porrot ekonomikoan utzi zuten estatua. Koroak dirua behar zuen, eta hiribilduen erosketa izeneko formula berria asmatu zuen. ‘Eman diezaiegun hiribildu titulua, eta bete ditzagun gure diru kutxak'”.
Bizilagun bakoitzeko —bizilagun familia unitateari deitzen zioten, ez biztanle bakoitzari— 25 dukat ordaindu behar zituen herriak, independentzia lortzeko. “25 dukat kopuru handia zen garai hartan”. Eta herrixkek ez zuten dirurik, baina bai lurrak, eta horien bidez lortu zuten ordainketa egitea. Izan ere, hiribildu tituluak erosteko aukera ematearekin bat, bere tutoretza pean zeuden herri lurrak saltzeko baimena eman zien Felipe III.ak. Erregeak ez ezik, herriko handikiek ere atera zioten probetxua salerosketari. “Beasainen, eta gainerako lekuetan ere bai, handikiek aurreratu zuten dirua, interes batekin; eta, gero, diru horren truke herri lurrak eskuratu zituzten, hirugarren enkantean eta berezko prezioa baino %30 gutxiago ordainduta. Horrelakoxea zen garai hartako ingeniaritza ekonomikoa”.
30 herriek independentzia eta Batzar Nagusietan euren burua ordezkatzeko eskubidea irabazi zuten horrela, euren burua gobernatzeko eskubidea. Eta Segurak, Tolosak eta Ordiziak, pisu ekonomikoaz gain, pisu politikoa nabarmen galdu zuten. “Herri horien galerarekin Ordiziari erdira jaitsi zitzaizkion suak, eta ordezkatzen zituen suek ematen zioten pisu politikoa herri bati Batzar Nagusietan”.
Bestalde, Truchueloren arabera, Gipuzkoako 30 herri berri horiek une horretan hasi zuten gaur egun direna bilakatzeko bidea. “Erabaki hori izan zen oinarria. Euren burua gobernatuz, Andoainen beharren arabera hasi ziren gauzak egiten. Komertzioa eta azokak ere garatuz joan ziren, obra berriak egiten, udaletxea eraikitzen hasi ziren, eta herriaren beraren egitura moldatzen joan zen”.
Leave a Reply