Kaixo, bi pa… eta isiltasuna

Lagun alemaniar baten bisita izan dugu Urtezaharrean etxean. Euskal Herriari buruzko erreferentzia askorik gabe iritsi zen —horrela izan ohi da gehienetan, desengaina gaitezen—. Eta pozarren itzuli da, “itsasoa ere baduen Suitza bat” aurkitu ondoren. Atsekabe txiki batekin ere bai, ordea. Bertakoekin nahi baino askoz gutxiago jardun ahal izan omen du.

Alemanaz gain, ingelesa menderatzen du gure bisitak, eta frantsesez ere moldatzen da. Familiakoak saiatu dira, modu xarmagarrian, hura mimatzen eta estropezuz betetako solasaldi zoroekin dibertitzen. Eragozpenak kalera irtendakoan azaldu dira, ordea.

Ezagunen bat aurkeztu, bi pa elkarri eman —edo ez, ohitura xelebrekeriatzat dute Europa iparraldean—, eta isiltasun ezerosoa izan dugu laster asko. “Ufa! Ingelesez ni gaizki”, esan, eta bisitariari buruzko konpromisozko galderaren bat, ondoren. Niri. Euskaraz.

Ez dut mapa soziolinguistiko baten beharrik gurean atzerriko hizkuntzen ezaguera erdipurdikoa —eskuzabala naiz— dela idazteko. Curriculumetako gehiegikeriak oso sinpatikoak dira, baina haietan maila ona klasiko hori idazteak lotsa gehixeago eman beharko liguke ziur aski. Belaunaldi berriarekin askoz itxaropentsuago naiz behintzat; iloba solte asko aritu zen gure bisitarekin.

Eta Ipar Euskal Herrian ere ingelesarekin erosoago dabiltzala iruditzen zait beti. Egun haien gaztelaniak gure frantsesak baino itxura hobeagoa duelakoan nago gainera, oro har.

Aspaldi, Iruñean bizi nintzela, taberna batean harpa jotzen zidaten usu gipuzkoar gehienak Nafarroan jaioz gero erdaldun peto-petoak izango ginatekeela esanez. Etxean eroso asko jasotako hizkuntza erabiltzeagatik puztea patetikoa zela zioten. Euskal herritar hertsi eta nagienak ginela errepikatzen zidaten beti. Orain askoz hobe ulertzen diedala uste dut.

“Kontatu izan didazu euskara oso berezia dela. Hizkuntza bat hainbeste maite baduzue, zergatik jakin-min falta hori beste guztiengatik?”, galdegin zidan gure bisitak, aireporturako bidean. “Zure lagunak hizkuntzen frikiak izatea litzateke logikoena”, gaineratu zuen. Buruarekin amen egin nion, eta nire artean pentsatu nuen: “Ikastolako kide mordoa euskaraz bi esaldi idazteko ezgai dela jakingo balu…”.

Autobideko Euskal Herria dioten ikurrekin dugun saltsa azaltzen hasi nintzaion orduan, gaia aldatze aldera. Atzerritarrei beti egiten die grazia zazpi lurralde nanoen arteko istilu bitxien berri jakiteak, tutik ulertzen ez badute ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.