Burmuinaren funtzionamendua konplexua zela pentsatuta, kuriositatez eta gazterik sartu zen psikologian Lorena Perez (Donostia, 1980). Gremio bereko beste zenbait lagunekin Psikosolidari@k egitasmoa jarri zuen abian duela urtebete, eta zortzi bat hilabete daramatzate arreta psikologikoa diruz ordaindu ezin duten pazienteei terapia eskaintzen.
Kuriositateak eraman zintuen psikologian lizentziatzera.
Oso gaztea nintzela erabaki nuen psikologoa izan nahi nuela, zein karrera egin erabakitzeko orduan edo. Jendeari laguntzea gustatzen zitzaidan, burmuinaren gaia konplikatua iruditzen zitzaidan, eta kuriositate handia eragiten zidan. Eta asmatu dut: pazienteen prozesuekin neu ere hazten eta sendatzen ari naizela sentitzen dut.
Poliki-poliki, zeure bidea bilatu duzu.
Psikologiako ikasketak egin nituen, eta praktikak egitera Argentinara joan nintzen. Indarkeria matxistaren biktima izandako emakumeentzako zentro batean aritu nintzen. Horren ondoren, arlo berean lana bilatzen ahalegindu nintzen, eta zortea izan nuen, berehala topatu bainuen. Horretan lau bat urte neramatzanean, neure kasa kontsulta bat jartzea erabaki nuen, profesionalki eta pertsonalki gehiago ikasteko eta kasu mota gehiago artatu ahal izateko. Horrez gain, Gestalt psikoterapiari buruzko master bat ere egin nuen.
Zerk betetzen zaitu gehien?
Badago ia beti errepikatzen den zerbait: arreta eskaintzen ari zaren pazientea terapia saio batera lehen baino aurpegi hobearekin agertzea. Ederrago, atonduago, begietan distira gehiagorekin, irribarrea ahoan duela… Egun hori oso garrantzitsua izaten da, eta, ez pentsa, lauzpabost terapia saioren ostean gertatzen da. Gero berriz eror daitezke, baina hortik aurrera errazagoa izaten da dena.
Helduen psikologoa zara, ideologia humanistakoa. Zer esan nahi du horrek?
Filosofiako eta psikologiako adarretako bat da humanismoa, eta arlo horretan lan egiten dugun psikologoek terapeutaren eta pazienteen arteko harreman parekidea dugu oinarri. Psikiatrekin alderatuz gero, haiek medikuntza ikasi dute, eta pazienteen arazoei erantzuteko botika tratamenduak baliatzen dituzte. Gu, ordea, ez gara medikuak; eta uste dugu kasuen gehiengoan ez dela medikaziorik behar, are gehiago, botikek kasuak berak okerragotzen dituztela askotan. Horrez gain, humanistok garrantzia ematen diogu pazienteen ardurari eta askatasunari. Hau da, lagun bat terapeutarengana joaten denean, terapia modu klasikoan, terapeutak pazienteak duen arazoa deskubritzen du, eta konponbiderako gakoak ematen dizkio. Ideologia humanistaren kasuan, terapeutak ez du uste pazienteak baino ezagutza handiagoa duenik, eta pazienteak bizitzan aldaketak egin nahi baditu, berak nahi duelako izango da, ez terapeutak eskuetan makilatxo magikoa duelako.
Nolako kasuak tratatzen dituzu?
Normalean, 16-17 urtetik gorako emakume zein gizonekin lan egiten dut, eta honako hauek lantzen ditut: antsietatea, depresioa, estresa, insomnioa, krisi existentziala, bizitzari zentzurik topatu ezina…
Arreta psikologikoaren beharra ez dago sozialki onartua oraindik, ezta?
Oraindik ere beldur handia diogu terapiari. Lagun askok esaten didate euren ingurukoren bati nire telefonoa eman diotela terapia beharrean daudelako. Eta horietako askok ez didate deitzen, edo deitu bai baina gero ez dira kontsultara etortzen. Uste dut beldurrak eragiten duela hori; terapiara joanez gero irten daitezkeen mamuei diegu beldurra; gai tabua da. Inork ez daki psikologoarengana joandakoan zer gertatuko den, eta horrek beldurtu egiten gaitu. Horrez gain, garrantzi handia ematen diogu ingurukoek esan dezaketenari.
Beste zenbait profesionalekin batera, Psikosolidari@k egitasmoan parte hartzen duzu.
Proiektuaren sortzaile izan nintzen, eta partaide naiz gaur egun. Karreran, masterrean edo bestelako guneetan kointziditu eta elkar ezagutzen genuen psikologo talde bat kezkatuta geunden, dirurik ez zuen jendearentzat psikologoarengana joatea ezinezkoa zelako. Batetik, arlo pribatuko psikologo arreta garestia delako; eta, bestetik, arlo publikoan denek ez dutelako zerbitzu hori jasotzerik. Izan daiteke erroldatu gabe daudelako, erroldatu gabeek ez dutelako osasun publikorako sarbiderik larrialdi kasuetan ez bada. Osasun publikorako eskubidea duten herritarren kasuan ere, zerbitzua murritz geratzen zela iruditzen zitzaigun, ordea: terapia saioen artean denbora asko igarotzen delako, psikologo gutxi daudelako, arlo publikoko psikologoek psikologiaren adar batzuetan soilik lan egiten dutelako… Beraz, zerbait egin behar genuela iruditu zitzaigun, osasuna eskubide bat delako eta horren barnean buru osasuna sartzen delako. Nik, neure aldetik, arreta psikologikoa eskaintzen jarraitzen dut, neure kontsultan. Horrez gain, Psikosolidari@k egitasmoan parte hartzen dugunok, geuk hauta dezakegu proiektuaren barnean kasu bat, bost edo hogei artatu nahi ditugun. Beraz, bi modutara aritzen naiz lanean.
Terapia zerbitzua ordaintzeko dirurik ez dutenen kasuan, denbora bankuaren filosofia baliatzen duzue.
Gure filosofia da lan bat egitea beste lan baten truke. Nik, psikologian lizentziatu naizelako, terapia psikologikoa eskaintzeko aukera dut, eta badaude pertsonak beste zerbait egin dezaketenak: bufanda bat josi, kudeaketa eta administrazio kontuetan lagundu, euskara ikasteko mintzalagun izan… Lagun bakoitzak abilezia eta ezagutza asko ditu, eta iruditzen zitzaigun horien trukea sustatu behar genuela. Terapia diruaren trukean eskaini ordez, ezagutzaren trukean eskaintzea, alegia. Proiektua osatu eta gero denbora igaro zen martxan jarri arte, urtebete edo gehiago. Zortzi hilabete daramatzagu terapia eskaintzen, eta balorazio oso positiboa egiten dugu: publizitatea egiteko dirurik ez dugu, baina jende askok parte hartzen du hala ere.
Leave a Reply