Enbidoka hasteko gogotsu daude ehunka lagun Euskal Herri osoan. Herri gutxi batzuetan hasi dira dagoeneko lehian eta beste askotan hastear daude. Iazko aldian, Gipuzkoan, 800 bikotek baino gehiagok parte hartu zuten lehian, eta aurten ere beste hainbeste espero dituzte antolatzaileek. Izena emateko, bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko du; sari potoloak daude jokoan.
Hiru fase izango ditu lehiaketak. Lehenengoan, herrietako kanporaketak egingo dituzte, eta horietan, parte hartu nahi duten den-denek jokatuko dute, Euskal Herriko 250 herritan. Bigarren fasean, berriz, herrialdeko kanporaketak egingo dituzte. Gipuzkoako kanporaketa Alegian jokatuko dute, otsailaren 21ean. Eta herrialdeko txapelketetako irabazleek finala jokatzeko aukera izango dute, Lekeition (Bizkaia), martxoaren 7an.
Mus federazioak mahai-tapiz eta karta-sorta bereziak atera ditu lehiaketarako. Kartak gehiegi ez aldatzen saiatu dira, jokalariek hala eskatuta, nahasgarriak izan ez daitezen, baina, urrezko kartek aurpegiaren ordez, Euskal Herriko armarria dute erdian, eta bateko urreak Zazpiak bat eta Nazioa hitzak ere baditu idatzita.
Mahai-tapizek ere Euskal Herriko mapa dute marraztuta lau kantoietan eta Euskal Herriko Mus Federazioa eta bere webgunearen helbidea ere agertzen dira idatzita.
Muslarien bilgune
2002. urtean hasi zen Iparra Hegoa elkartea Euskal Herriko Mus Txapelketa antolatzen. Garai hartan, Orreaga Fundazioak Nafarroako mus txapelketa antolatzen zuen. Euskal Herriari ekimenak, Iparra Hegoak eta Orreaga fundazioak egoeraren inguruan hausnartu eta Euskal Herri osoko muslariak biltzeko une edo gune bat sortzea adostu zuten: zazpi herrialdeetako muslariak herri gisa aritzeko eta lotzeko egitasmo txiki bat zabaltzeko erabakia hartu zuten.
Euskal Herriko Mus Txapelketa urtez urte indartuz joan zen, eta beste hainbat esparrutan bezala, Euskal Herria oinarri hartuta egitura propio bat sortzeko beharra nabaritu zuten. Egitura hori sortzeko helburuarekin, txapelketaren antolakuntzan gero eta lagun gehiago aritu dira azken urteetan, eta denen artean Euskal Herriko Mus Federazioa sortu dute.
‘Tantoz tanto, irabazi arte’
Federazioaren helburua ez da gaur egun egiten diren mus txapelketak ordezkatzea; horiek indartzea baizik. Bide horretan, Euskal Herri gisa, izatea eta nortasuna aldarrikatu nahi dituzte: “Euskal Herrian bizi dugun zatiketa gainditu eta bide berriak josteko sortu dugu Euskal Herriko Mus Federazioa. Horregatik antolatzen dugu nazio mailako txapelketa herriz herri”, diote antolatzaileek. Hala, aurtengo txapelketaren leloa honakoa da: Tantoz tanto, irabazi arte.
Euskal Herrian mus jokoa, mahai jokoetan zabalduena izaki, eta jakinik hainbat modu eta ohiturara jokatzen zela, oztopoak gainditu eta elkar hartzea helburu duen egitasmoa indartzeko erabakia gauzatzera dator Euskal Herriko Mus Federazioa.
Euskal Herritik kanpo ere ezaguna da musa. Garai batean joan ziren emigratzaileei esker, Amerikan ere jokatzen dute musean, eta hango hainbat eta hainbat euskal etxek antolatzen dituzte mus txapelketak. Euskal etxe horiek Munduko Mus Txapelketa antolatzen dute, baina Euskal Herriak ez du bertan jokatzeko aukerarik izaten.
Horretarako, Euskal Herria munduaren aurrean ordezkatu ahal izateko, osatu zuten Euskal Herriko Mus Federazioa. Bide horretan zenbait lan egiten ari dira Euskal Herriko Mus Federaziotik. Besteak beste, eskutitz bat bidali diote Munduko Mus Federazioari, bertako partaide izateko informazioa eskatuz.
Leave a Reply