Formatu txikiko saioak

Beste asteburu batez, “formatu txikiko XL kontzertuak” hartuko ditu Donostiak. Hiru proposamen prestatu ditu Donostiakluba zirkuituak gaurko. Les Fousen kontzertua batetik; Giorgio Bassmattiren bakarkakoa bestetik; eta AMA, Havoc, Perlak taldeen saioa azkenik.

Soul, pop eta R&B estiloak nahasten ditu Les Fous taldeak. Santi Romanok, Ainhoa Egigurenek eta Olatz Otxoak 2011n sortu zuten taldea; denborarekin, hirukotea boskote bilakatu da. Kelly’s pubean ariko dira, 20:00etatik aurrera. Ordu berean, Oso fan proiektua aurkeztuko du Giorgio Bassmattik La Taberna de Egian. Euskarazko abestiek osatzen dute musikari donostiarraren saioa.

Ondorenerako, “pop donostiarraren festa handia” antolatu du Donostiaklubak (21:00etan, Gazteszenan). AMA 1990eko hamarkadan sortutako taldea da, eta, denbora batez jo gabe egon eta gero, inoiz baino gogotsuago itzuli dira: lan berria plazaratuko dute aurten, Jabalina Records zigiluarekin. Haiekin batera ariko da Havoc, Los saben los Narvales diskoa aurkezten. Perlak laukoteak post-punk doinuak jarriko dizkio gauari.

“Kalitatezko musika independentea” eskaini asmo du Donostiakluba zirkuituak. Beste urte batez, egitarau zabala prestatu dute aurten ere; kontzertu ugari izango dira apirilera bitarte.

Donostiakluba zirkuitua

Gaur, 20:00etatik aurrera, Donostiako hainbat gunetan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.