Sormena eta teknologia uztartzen dituen egitasmo berria sortu da Tolosaldean. Bizzia enpresak sustaturik, Doplay enpresarekin elkarlanean garatu da Gazztek, Laskorain ikastolaren eta Obeki eta Mecanizados Harri enpresen lankidetzari esker. Egitasmo aitzindaria da, eta sormenaren eta teknologiaren kluba izateko xedez sortu da.
Gazteengan sormena, ekintzailetasuna eta autonomia sustatzea xede duen hezkuntza proiektua da, eta, Bizzia enpresako arduradun Gemma Zelaiak azaldu duen moduan, “behar edo hutsune bat beteko du, gisa honetako ezer ez baitzegoen hezkuntza sisteman”.
Izan ere, badira hizkuntzarekin eta kirolarekin loturiko eskolaz kanpoko jarduerak, baina teknologiaren inguruko ekinbideak oso urriak dira. Hain justu, alderdi horretan emango ditu lehenengo pausoak Gazztek proiektuak. Tolosako Laskorain ikastolan hasi dira eskaintzen aisialdi jarduera alternatibo hori, gazteek euren proiektu zientifiko-teknikoak garatzea bultzatzeko.
Duela hilabete batzuk hasi ziren, Laskorain ikastolan bertan, robotikari eta bideo jokoei buruzko tailerrak eskaintzen. Orain, baina, pauso bat harago eman, eta proiektua indarturik dator; tailerrak gehituko dituzte, eta, izena ematearekin batera, klub edo talde izaera emango diote: “Kirol taldeak dauden moduan, sormena eta teknologia lantzeko klub edo talde modukoak izatea da gure asmoa”.
8 eta 17 urte bitarteko Tolosaldeko gazte orori irekia da taldea, eta astean behin biltzen da, Laskorain ikastolan. Ikasleak berak aukeratzen du, gainera, hobekien datorkion ordutegia, ostiral arratsaldetan (17:00-18:30) edo larunbat goizetan (10:00-11:30). Askotariko tailerrak proposatzen dituzte asteroko saiorako, ardatz nagusiak robotika eta bideo jokoen sorkuntza direlarik. Horrekin batera, asmakizun dibertigarriak izeneko tailerra ere izango dute, elektronika eta sorkuntza lantzeko.
Taldeak adinaren arabera sailkatzen dituzte, eta tailerrak “oso aktiboak” direla azaldu du Zelaiak: “Gazteek egiten dituzte euren sorkuntzak; sortzen joaten dira, talde lanean, begiraleen laguntzarekin”. Eginaz ikasi metodologia erabiltzen dute horretarako, eta, sormena lantzearekin batera, tarte atsegin bat igarotzeko tailerrak prestatzen dituzte: “Jarduerak erronketan edo proiektuetan planteatzen dira. Begiraleak gaia azaltzen du, azalpen egokiak ematen ditu, lortu beharreko helburua planteatzen du, eta talde bakoitzari laguntza eskaintzen dio kezkak, zalantzak eta arazoak ebazteko; soluzioaren garapen prozesuan lantaldea da protagonista”.
Gazztek eskualde proiektu moduan jaio da, eta, Zelaiak nabarmendu duen moduan, Laskorain ikastolan eskaintzen den arren Tolosaldeko gazte guztiek parte har dezakete. Era berean, ikastolaren harrera “oso ona” izan dela azpimarratu du, eta adierazi du aurrera begira ikastetxe gehiagok bat egitea dela helburua: “Jada interesa piztu du Tolosaldeko hainbat ikastetxetan, eta neurriko soluzioak eta proposamenak lantzeari ekin diogu”.
Zelaiak argi du proiektua bere egiten duten ikastetxeei balio erantsi bat gehitzen zaiela: “Izan ere, eskolaz kanpoko eskaintzetan beste aukera hori emango du, orain arte beste inon eskaintzen ez dena”. Tolosaldean bezala, gainerako eskualdeetara zabaldu nahi dute Gazztek sormenaren eta teknologiaren kluba.
Leave a Reply