Sagardotegietan ez ezik, Eroskin ere abian da sagardo garaia. Beste urte batez, hornitzaile dituen ekoizleak babesean hartu, eta kooperatibak hasiera eman dio kanpainari. Aurten, gainera, are gehiago indartu du hemengoaren aldeko apustua, eta hogei marka baino gehiago eskaintzen ditu Hegoaldean dituen dendetan.
Bertako ekoizleen alde Eroskik gauzatzen duen politikaren barnean kokatu du sagardogintza ere. Ildo horretan, tokiko sagardo ekoizleak gehiago lagundu ditu aurten: %6 handitu ditu kooperatibak merkaturatzen dituen hornitzaileen markak. Eroskik milioi bat euro baino gehiagoko erosketak egiten dizkie sagardo hornitzaileei; 2014an, gainera, %4 handitu dira erosketok.
Kooperatibaren irudiko, ekoizpen ehunaren aniztasuna sustatzea “berebizikoa” da nekazaritzako elikagaien sektorea “iraunkorragoa” izan dadin: “Ekoizpen txikien errealitatera egokitu gara, haien profesionalizatzearen alde eginda eta enpresa hazkuntza handituta”, azaldu du Asun Bastida Eroskiren tokiko produktuetarako zuzendari komertzialak.
Kalitatezko produktuak eskaintzeaz gain, bezeroa gertutik zaintzeko Zurekin eredu komertziala darabil Eroskik. Horren bidez, kontsumitzaileengana iristeko helburua dute: “Espero dugu bezeroek aitortzea gu garela tokiko elikagaiak eskuratzeko lekurik aproposena, denda zeharo lotuta baitago inguruneko nekazaritzako elikagaien ekoizpenarekin”, esan du Bastidak.
Eroskiren hornitzaileetako bat da Usurbilgo Urdaira sagardotegia. Patxi Azkonobieta Urdairako arduradunak dioenez, Eroski “oso plaza zabala” da ekoizleentzat: “Euskal Herriko denda handi bat izatetik aparte, gure inguruko jendearentzat aukera bat da gugana erraz iristeko”. Usurbilgo sagardogileak urteak daramatza Eroskirekin lanean, eta garrantzitsutzat jo du sagardotegi garaitik aparte ere ekoizleak aintzat hartzea. “Sagardo garaitik kanpo, gu botilen salmentatik bizi gara. Urteko gainerako egunetan jendea gutaz ahaztu egiten da”. Salmentei eta kontsumoari eusteko, txikiteoa aipatu du bultzada gisa: “Orain, jendea txikiteoan asko hasi da, eta sagardoa edatera animatzen dut. Beste edozein edari bezalaxe edan daiteke; alkohol gutxi du, eta erraz edaten da. Guretzat ona da jendea txikiteoan animatzea”.
Txotx garaia hasi berritan, kanpaina “ona” izatea espero du Azkonobietak, iazkoa izan zen bezalakoa; hori, ordea, ez dago haien esku. Sagardoari dagokionez, berriz, “edanerraza, lehengo urtean baino alkohol gradu gutxixeago duena eta kolorez ere argixeagoa” dela azaldu du; “jendeak gustura edateko modukoa” dela dio, azken finean.
Urdairarekin batera, Hegoaldeko beste zenbait sagardo etxerekin lan egiten du Eroskik; besteak beste, Bereziartua, Gurutzeta, Isastegi, Izeta, Larregain, Saizar, Zapiain eta Zelaiarekin. Oro har, kooperatiba 450 hornitzailerekin baino gehiagorekin aritzen da lanean; hala, urtero, lehen sektoreko 10.000 produktu inguru merkaturatzen ditu —400 milioi euroren erosketak egiten ditu—.
Lehen sektorea eta euskara
2013tik, Eroski Eusko Jaurlaritzarekin ari da elkarlanean, tokiko nekazaritzako elikagaien industria indartzeko. Sagardoarekin ez ezik, beste hainbat elikagairekin ere aurrerapenak egin dituzte aurten. Besteak beste, Eroskik hitzarmena sinatu du Idiazabal jatorri izenarekin, indartu egin du eskuz landutako arrantzaren aldeko apustua, eta handitu egin du Eusko Labela duen Arabako patataren merkaturatzea.
Euskararen aldeko apustuari ere eusten dio Eroskik. Bastidak gogoratu duenez, sagardoa da “euskal kulturan sustraituen dagoen tradizioetako bat”. Hori horrela, Eroskik bere sorreratik euskal kulturaren eta euskararen alde egindako lana nabarmendu du: “Eroski izan da lehen enpresa produktuak euskaraz etiketatzen, eta gaur egun ere sendo jarraitzen du Ikastolen eta Euskal Eskola Publikoaren sareari laguntzen”.
Leave a Reply