Eguraldiak jendearen aldartean eragina du, eta bera ere “aldarte hobean” egoten da egun eguzkitsuetan. Hala ere, elurzale amorratua da Iker Ibarluzea (Ibarra, 1990), eta eguraldiarekiko zaletasuna ofizio bilakatzeko ahaleginean dabil. Uneotan, Tolosaldeko Ataria irratian egunero egiten du eguraldi iragarpena, eta Zumarragako irrati librean astean behin. Pello Zabalaren patxada gustuko badu ere, Andoni Aizpuru iragarle oso ona dela iruditzen zaio.
Umetatik zenuen zaletasuna erdi ofizio bihurtu zaizu.
Eguraldiarekiko zaletasuna umetatik nuen; 7-8 urte nituenean edo, atentzioa ematen zidaten telebistako eguraldi mapek eta. 14-15 urte bueltan, berriz, neure kasa irakurtzen-eta hasi nintzen meteorologiaren inguruan orokorrean. Orain, horren inguruko master bat egiten ari naiz, eta, herrian zaletasunagatik ezagutzen nautenez, Ataria irratikoek deitu zidaten bertan egunero eguraldia iragartzeko. Horrez gain, Zumarragako irrati libre batean ere egiten dut iragarpena; ostiral arratsaldeetan, asteburuko eta hurrengo asteko joeren berri ematen dut. Ikasketak amaitzean, ofizialki meteorologoa izango naiz, eta ea beste zerbait egiteko aukerarik dudan.
Zerura begiratze soilarekin iragartzen duzu eguraldia?
Nire baliabideak eta meteorologo ofizial batek dituenak ez dira berdinak, baina nik Interneteko hainbat webgunetatik zenbakizko modeloak deritzenak hartzen ditut: mapa batzuk, azken finean. Euskalmeteko, AEMET Espainiako Meteorologia Agentziako eta Europan ezagun samarra den Alemaniako meteorologia agentzia bateko mapak hartzen ditut, eta neure irakurketa egiten diet. Hortik saiatzen naiz ahalik eta iragarpenik zehatzena egiten.
Asmatzen al duzu batere?
Ez da erraza, Euskal Herriak duen berezitasuna hori da: eguraldia aldakorra da, hiruzpalau egun eguraldi berdintsuarekin jarraian ez baitira izaten. Beraz, egoeraren arabera, batzuetan ez da erraza, baina nik uste asmatzen dudala. Auskalo, hori nik esatea gehiegitxo da, kar, kar.
Bestela, jendea kexatuko zaizu.
Orain arte ez dut kexarik izan; asmatzen ez bada, norbaitek zerbait esaten du. Baina inor ez zait kexaka etorri lana ongi egiten ez dudalako.
Egongo da asteburuko planak egiteko galdetzen dizunik.
Bai, normalean astebururo izaten da zerbait gurean, eta izaten da: “Hi, asteburuan hara joan behar diat, eta ze eguraldi egingo dik?”. Baina ohituta nago; gustura egiten dut, pozik ematen baitiot jendeari informazio hori. Kuriosoa da, baina, Atarian hasi nintzenean, ezagutzen ez nuen emakume batek besotik heldu eta galdetu zidan: “Aizu, bihar ze eguraldi egingo du?”. Eta sare sozialetan zerbait aipatu eta jendeak eguraldia iragartzeko eskatuz erantzun izan dit; horrek ilusioa egiten du.
Beraz, garrantzia ematen zaio eguraldiari.
Jendeak ematen dio garrantzia; egunerokoan eragina du eguraldiak. Jendeak duen lanaren araberakoa ere bada, noski, baina zer jantzi erabakitzeko edo edozein plan egiteko esanahi handia du. Batez ere, jaiegunetan.
Andoni Aizpuru, Joxe Landa, Ana Urrutia, Pello Zabala… Gustukoren bat ba al duzu?
Bereziki, Andoni Aizpuruk eguraldia nola iragartzen duen gustatzen zait. Urte asko daramatza horretan, eta esperientzia handia duelako ere izango da, baina ez da meteorologoa, eta asko daki. Gainera, bihar-etziko iragarpena egiteaz gain, saiatzen da ondorengo egunetako joeraz hitz egiten ere, eta gustukoa dut. Pello Zabala ezberdina da, patxada gehiago izaten du; mapei soilik ez die begiratzen, haizeari eta animalien joerei ere erreparatzen die. Garai bateko usadioak ditu. Beraz, ez da horren zehatza haren iragarpena, baina dezente asmatzen duela iruditzen zait. Tenporez hitz egiten duenean, adibidez, oinarri zientifikorik ez dutenez aritzen da.
Tenporak ia sakratuak dira zenbaitentzat, ezta?
Garai batean baserritarrek-eta baliatzen zuten ohitura dira tenporak. Urtaro batean sartu baino bi aste lehenago, asteazkenetan, ostiraletan eta larunbatetan, haizeari eta eguraldiari erreparatzen zioten, eta zetorren urtaroa nolakoa izango zen aurreikusten zuten. Horrek ez du oinarri zientifikorik, tradizioa da. Niri iruditzen zait oinarri zientifikorik gabe sinesgarritasuna galdu egiten dutela, baina Pellok nahikoa asmatzen du. Nahiz eta tenporak iragartzen dituenean ez duen oso zehatz hitz egiten, joera du esateko: “Hemendik ere izango dugu pixka bat, beste horretatik ere bai”.
Akaso tenporek iragarriko zuten, baina aurtengo negua berandu etorri omen da.
Hala da, baina ez du hoztu duela urte batzuetan adina; ez da negu gorririk etorri. Esan daiteke negu bete-beteko eguraldia izaten ari garela, eta aspaldiko partez euri dezente botatzen ari da.
Udako bero lehorra, edo neguko hotz hezea duzu nahiago?
Oso elurzalea naiz. Udako ekaitzak ere gustuko ditut, eguneko giro beroaren ondoren etortzen diren ekaitz joerak. Gustatzen ez zaidana egun askoan eguraldi mota berdintsua egitea da.
Aldartean eragiten al dizu?
Baietz esango nuke: aldarte hobea izaten dut egun eguzkitsu batean, lainotutako batean baino. Hori bai, elurra eginez gero, orduan egoten naiz pozik. Aspaldi honetan, oso elur gutxi egiten ari da, eta mendira irten behar izaten dut elur bila.
Astebururako zein iragarpen egingo zenuke?
Firin-faran ibiliko da; ipar-mendebaldeko haizea nagusituko da, eta bihar euri asko egingo ez badu ere, botako du. Giro bustia izango da biharkoa, “ez gatz eta ez berakatz” esaten den horietakoa. Igandean, berriz, ematen du giro lasaia izango dela. Luzera begira, ez du oso itxura ona. Astelehenean eutsiko diola ematen du, baina asteartetik aurrera okertu eta euri dezente egingo du. Hala ere, samurtu egingo du, eta elurra ez dut uste hizpide izango dugunik.
Leave a Reply