Bere obra erakustearekin batera, komisario lanak egin ditu Xabier Obesok Sakabanatua elkartu eta artea hedatu erakusketan. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen 250. urteurrena dela eta, “omenaldi bat” egitea pentsatu zuten, artearen bidez. Artista gisa ikusitakotik hartu zuen Obesok abiapuntua. “Erakusketetara joaten naizenean ikusten dut beti izen batzuk falta direla. Obra garrantzitsuak dituen jendea ezagutzen dut, eta, oraingoan komisario gisa aritu naizenez, haiei deitzea erabaki dut”.
Hori horrela, askotariko artistak bildu nahi izan ditu, “beti ateratzen direnak eta inoiz agertzen ez diren arren ibilbide luze eta sendoa daukatenak”. Azken horien artean aipatu ditu, esaterako, Idoia Beratarbide, Cristina Guerrero, Javier Arizabalo eta Javier Etxeberria. Hain ezagunak izan gabe ere, “sortzaile handiak” ezagutzeko aukera izango dute Aquariumeko gelara bertaratzen direnek, Obesoren ustetan. “Izarren pasarelara salto egitea lortu ez dutenei merezi duten aitortza egingo die erakusketak. Beharbada modan ez dagoen hizkuntza bat erabiltzeagatik gertatu zaie hori”.
Estilo ezberdinei ere erreparatu die: grabatua, serigrafia, olioa, akrilikoa eta beste aurki daitezke bilduman. Obesok parte hartzeko proposamena egin, eta artista bakoitzak aukeratu du erakusketara eramateko obra.
Areto txikia izateak baldintzatu die aukeraketan, bai gonbidatutako artistei, baita Obesori berari ere. “Ez daude denak, baina dauden guztiak dira. Momentu honetan egiten den artea erakusten du bildumak”. Gipuzkoan egiten den artea islatzeko ez ezik, artistek elkarren berri izateko ere balioko du, Obesoren arabera: “Guk, artisten artean, batzuek ez dugu elkar ezagutzen; sortzaileak oso indibidualak gara; bakoitza gure aldetik ibiltzen gara”.
Leave a Reply