Ideia bat garatzeko euskarria jarri du denen eskura Emaus fundazioak: Ideia bati bizia emanez gidaliburua. Elikadura burujabetza kontzeptura hurbildu nahi dutenentzako gida praktikoa da, hain justu. Burujabetzaren ideia ez termino politikoetan soilik ulertuz; neurri ekonomiko eta sozialen alorrean ere jorratu dute. Prestatutako liburuarekin, bide eman nahi diete nekazaritzako elikagaien sektorean esperientzia ekonomiko bat martxan jartzeko asmoa dutenei baina aldi berean “eredu kapitalistatik urrundu” nahi dutenei. Horiez gain, dagoeneko egitasmo bat martxan jarri eta hori eraldatu nahi dutenei ere laguntza eskaini nahi diete.
Gipuzkoako hainbat herritan ari dira Emaus fundazioko kideak gidaliburua aurkezten. Asteartean, esaterako, Irunen egin zuten aurkezpena, solasaldi modura, Emausek Arretxeko gainean duen Ekocenterrean. Gidaren oinarrian “ekonomia solidarioa eta feminismoa” daudela azaldu zuen Assunpta Aierdi Emaus Fundazioko kide eta gidaren koordinatzaileak. Dena den, nekazaritzako elikagaien “bideragarritasuna, planifikazioa, baliabideak eta bestelakoak” ere kontuan hartu dituzte.
Enpresa txikien sorrerarako gida da, eta kudeaketa eta eraldaketa proposamen metodologikoa izateko konpromisoa du. Aierdik aipatu zuenez, ez dute zehaztasuna lortu nahi izan: “Gidan ez da agertzen noiz landatu behar den barazki hau edo bestea, eta zer egin behar den hura osasuntsu hazteko. Hori ez da gure egitekoa. Emausetik egin duguna da pistak eta hausnarketa praktikoak bildu, hainbat fasetan aplikatu ahal izateko”.
Horrela, indarra jarri dute egitasmoen edo ideien definizioan, planifikazioan, antolakuntza ereduan, komunikazioan nahiz merkaturatzean. Eta gauza bat nabarmendu dute: nekazaritzako elikagaien egitasmo solidario baten bidez ekonomia alternatiboaren mesedetan lan egiteak ez duela prekaritatearekin harremanik. “Bizitza bideragarriak aurrera ateratzeko baliagarri izan behar dute ekonomia alternatiboko ereduek”.
Aierdiren esanetan, ekonomia hitzaren jatorrizko esanahira hurbiltzeko ahalegina da liburuan ageri dena: “Pertsonen beharrak aseko dituen hori izan behar du ekonomiak, pertsonen —emakume edo gizonen— funtzioak eta ardurak kontuan hartuz, eta horiek era orekatuan banatuz”.
Gidaliburua osatzen urtebete igaro dute. Elikagaien ekoizpenean esperientzia dutenekin elkarrizketak egin dituzte Emauseko kideek eta Bizkaiko EHNEko ordezkariek —horiek gidaliburua egiten lagundu dute—. 31 lekukotasun jaso dituzte denera, Euskal Herrikoak zein atzerrikoak. Horiekin, eta beste hainbat erakundetatik egindako informazio bilketa lanarekin osatu dute liburua, baita nekazaritzako elikagaien burujabetzan esperientzia izan duten hainbat herrialdetako kideekin ere, Brasilgoekin esaterako.
Asteartean Irunen aurkeztu ondoren, Zarautzen eta Donostian ere hitzaldiak antolatuko ditu Emausek aurrerago, Ideia bati bizia emanez lanaren gaineko xehetasunak emateko. Bien bitartean, gidaliburua doan deskarga daiteke Emausen web orrian, gizarte fundazioaren atalera joanez gero.
Leave a Reply