Gero eta ezezko gehiago ‘fracking’-ari

Fracking-aren aurkako hots eta ahotsak areagotuz doaz. Teknika hori erabiltzearen kontra gizartean sortutako mugimenduari udalen mozioak batu zaizkie. Gipuzkoan, bi baimen daude eskatuta lurpetik gasa ateratzeko teknika horretarako; 2011n eskatu zituen Jaurlaritzaren menpeko SHESA enpresa publikoak, eta oraindik erantzun zain daude. Eskaera eremu zabal baterako egin ohi da; beraz, baimena emanez gero, eremu horren barruan edozein tokitan has ditzakete lanak: “Ez dago jakiterik benetan non hasiko diren eta non ez”, ohartarazi du Iraitz Elordi Fracking Ez plataformako kideak. Gipuzkoan, lurrazalaren %40 hartzen dute baimena eskatu duten bi gune horiek. Fracking-aren teknikaz, eraginez eta ondorioez hitzaldia eman du plataformak aste honetan Tolosan.

Hogeitik gora dira Gipuzkoan fracking gabeko udalerriak. Udal horietan, gasa erauzteko haustura hidraulikoaren kontra agertu dira; dena den, mozioak onartu edo ez, udalek ez dute “pisurik” halako erabakietan. Elordik azaldu duenez, teknika horren aurka agertzea “trabak jartzeko modu bat da, euren jarrera argi erakusteko modu bat”. Hainbat udalek jarraitutako ildotik, Batzar Nagusiek ere fracking gabeko lurralde izendatu zuten Gipuzkoa iazko ekainean, EH Bildu, PP eta PSEren botoekin —EAJk ez zuen babestu—. Praktikan, ordea, bestelakoa da errealitatea: “Ikusi dugu nahiz eta guk esan ez dugula fracking-ik nahi [Espainiako Auzitegi] Konstituzionala etorri eta ez digula hori egiten uzten”. Espainiako Gobernuak argi utzi du erkidegoek ezin dutela euren kasa debekurik jarri, eta Konstituzionalak baliorik gabe utzi ditu onartuta zeuden hainbat lege; Nafarroan, Kantabrian eta Errioxan, esaterako. Edonola ere, Eusko Legebiltzarrak haustura hidraulikoari buruzko araudia eztabaidatzea adostu du, fracking-aren aurkako plataformek 100.000 sinadura baino gehiago aurkeztu eta gero. “Borondate politikoaren gain asko dago”, dio Elordik.

Teknika erabiltzeak eragin ditzakeen kalteak askotarikoak dira, Fracking Ez plataformak zerrendatu dituenez: soinu kutsadura, landa okupazioa, lurrikarak, lur azpiko nahiz azaleko uretan eragin ditzakeenak… “Ura da fracking-aren ondorio larriena”, Elordiren hitzetan. Adibide gisa jarri du Coloradon (AEBak) gertatutakoa: “Fracking-aren planta asko zeuden, uholdeak egon ziren eta plantetako ur denak errekan behera joan ziren; sekulako hondamendi naturala gerta daiteke”.

Horrez gain, teknikak “bizi motza” du. Elordiren arabera, zulatzean leku konkretu bateko gasa bakarrik ateratzen da, pitzatzen den tokikoa bakarrik, eta “2-3 urtetan jada ez du merezi putzu hori ustiatzea”. Ingurumenean duen eragina ez ezik, ekonomikoki duen kostua ere aipatu du. Batetik, kalkuluen gorabeherak daude: “Eman dezagun, zenbat gas eta petrolio egon daitekeen kalkulatzeko, estatistikak ateratzeko, adibidez Araban hasten direla. Lehenengo datuekin estatistikak aterako dituzte Euskal Herri mailarako, baina agian Tolosan ez dago horrenbeste gas eta petrolio”. Beraz, estatistikak betetzen saiatze horretan, “zulo mordoa egin behar da”, eta kostua dakar horrek: “Zulatzen segitzen badugu baina kantitaterik ateratzen ez badugu, gastuak asko igotzen dira”.

Bestetik, Elordik “espekulazio hutsa” deritzo fracking-ari, eta AHTarekin alderatu du: inguruko “txiringito denak” irabazten du dirua. Etxebizitzaren burbuila ere hartu du adibide: “Erosi eta erosi, sortzen ari da norbaitek pagatu ezin duen arte, eta orduan denak erortzen dira”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.