Hogei urte betetzeak “omenaldi bat” merezi du. Hala uste du Ibarrako Alurr dantza taldeak, eta ibilbide osoan haurren irakasle izandakoak omenduz hasiko ditu urteurreneko ospakizunak. Uzturpe ikastolak antolatu duen kultur astearen barruan, haurren eskolak eta Alurreko hainbat gaztek 20 urrats ikuskizuna aurkeztuko dute gaur, kiroldegian.
“Proiektuz beterik” ekin dio Alurrek 2015ari, eta urteurrena aitzaki, saio bakoitzean “zerbait berezia” eskaini asmo du. Ikuskizun berri bat ere badakar: Bi Punturen Artean. Ekainaren 6an taularatuko dute, Tolosako Leidor aretoan. Xehetasun gehiago aurrerago jakinaraziko dituzten arren, galdera bati erantzuna emanez aurkeztu dute emanaldia: “Bi punturen artean, zein da biderik laburrena? Biderik ederrena”. Dantza izango da bi puntuak batuko dituen lerroa.
Hogei urteko bidea “laburra baina bizia” izan da Alurrentzat, talde tradizionalekin alderatuz. 1995. urtearen aurretik dagoeneko bazebilen taldetxo bat dantzan Ibarran, baina urte horretan hasi ziren Alurr bezala lanean. Geroztik, dantza tradizionala klasikoarekin eta garaikidearekin uztartzen jardun dute. “Arretaz” zaindutako jantziekin eta “modernoagoak diren eta ongi aukeratuta dauden” musikekin osatzen dituzte ikuskizunak.
Gaur, 20:30ean, kiroldegian (Ibarra).
Leave a Reply