Urte berriko zimurrak

Iritsi da urte berria, eta, harekin batera, iragarki argitsuak: urtean zehar zer egin, nola bizi, nora bidaiatu behar dugun gomendatzen hasiak dira. Dena posible dela diote: gure esku dagoela lirain eta eder egotea; kirola egin, guraso izan eta lanera garaiz iristea —alkandoran orbanik gabe—; etxeko lanak bukatu eta gauean irribarretsu egunari amaiera goxoa ematea… Eta ohera joaterakoan, sekula ez zahartzea lortzen duen mirarizko krema ahaztu gabe!

Guraso histeriko horietako bat bazara, haurrak besoetan dituzula eskolako atea berandu zeharkatzen duen horietakoa, eta arropan pintza bat zintzilik duzula lanera iristen bazara, hau ez omen da zure urtea izango, zimurrak aterako baitzaizkizu. Baina zer dira ba zimurrak bizitzaren seinale besterik?

Garbi dago errealitatea beste bat dela, eta etxea, haurrak, lana… uztartzeko benetako konpromisoak baleude, etxebizitza, hezkuntza, osasuna… eskubide errealak balira, osasuntsuago biziko ginateke denok, zimur eta guzti. Denbora librea nola pasatu badakigu, ez digu inork erakutsi behar, baina denbora da behar duguna, eta urte honek ere ordu kopuru bera izango du ba?

Urte berrian ere, zoritxarrez, haurrak, etxea, lana, dirua… dena antolatu eta gero, maite duzun hori besarkatzeko milaka kilometro egin behar duzun horietako bat bazara… edo elkartasuna adierazteagatik kartzelatu edo atxilo hartzen bazaituzte, lanik gabe geratu eta hipotekari aurre egin ezinik bazabiltza… hau ziurrenik iragarkietan agertuko ez den beste urte bat izango da.

Egia da, baina, gure esku dagoela hori dena aldatzea, eskubideen defentsan kalera atera behar dugula, elkartasuna gauza ona eta ederra dela, eta urtea elkartasuna lapurtzen hasi dutenentzat ez izaten saiatu beharko genukeela. Gure esku dago etorkizunak amesten dugunaren antza izatea, eta gaurko zein biharko herritarrek nondik gatozen eta herri honetan zer gertatu den jakinaraztea.

Elkartasunaren lapurrek jakin dezatela herri honetako biztanleok badakigula muxu ematen, besarkatzen eta barre egiten, horiek zimurrentzat batere onak ez diren arren. Zimurrez harro gaude, bizirik dagoen herria garelako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.