Liburu famatu eta oso irakurri batean dioenez, gizaki bikote bat, ar bat eta eme bat, berebiziko zoriontsu bizi omen ziren zuhaitz eta belardiz betetako paradisu batean. Bertan ez zeukaten ehizatu eta animaliarik akabatu beharrik, dirudienez, urdai hirugiharra jan nahi zutenean txerri bat agertzen omen zen eta hankaz gora etzaten omen zen beraien aurrean, hirugihar gozoa bistaratuz. Ez dakigu hirugihar hau frijitu egin beharko ote zuten, baina horra hor txerri produktu gozo eta bikainak batere lanik egin gabe. Paradisu horretan, ordea, baten batek onddo haluzinogeno bat jan, suge batekin berba egin eta sagarrondo sakratu batetik sagar bat jan zuen. Paradisuko partzelako nagusia, ez dakigu sagardogilea zen ala ez, haserretu eta paradisu hartatik bidali egin zituen. Liburu mota hauek eta zenbait telebistetan ikusten diren erreportajeek gizakia eta naturaren arteko harreman estu eta zoriontsu hori bistaratu digute behin eta berriz. Naturalista etiketa duten asko etorri zaizkit, ama lurraz hizketan eta gizakiak berriro antzinako paradisu natural horretara joan beharko lukeela esanez, bizimodu triste eta antinatural honetatik ihesi, berriro baso eta belardietan buztana airean saltoka eta aztarrika, ama lurraren besoetan zoriontasunaren erdian. Ni biologo izanik eta gizakiaren biologia ebolutiboaren jarraitzaile sutsua afizioz, nahikoa buruko min sortzen dit pentsatzeak orain milaka urte naturarekin bat bizi zen gizaki hura zu eta ni baino zoriontsuagoa zela pentsatzeak; izan ere, hor aurkitzen diren gizakien fosilek beste zertxobait baitiote.
Lehenengoa, hilkortasun tasarik handiena lehen bi urteetan zela; bigarrena, hogeita hamar urterekin jada nahiko zaharrak zirela; eta hirugarrena, artrosi, hezur apurtu eta infekzioak ugari zirela. Gu baino elikagai ekologiko, biologiko eta probiotikoagoak jaten zituzten, haragi prozesatu eta enbasatu gabea, arrantzatu berria zen arrain freskoa eta, ziurrenik, Danacol bat ere bai tartean. Baina ama lurrak, bere kumetxoak elikatu eta zoriontsu mantendu ordez, giza-fosilak ikusita, nahikoa egur ematen zietelakoan nago. Badut lagun bat, konpostajean aditua bera, Thailandia aldeko oihanetan urtebetez bizi izan zena bertako indigena baten moduan. Lagun horrek, argala zen arren, hamar kilo galdu zituen bertan, eta bere hitzak dira: “oihanak barrua xurgatzen dik”. Beroa, hotza, hezetasuna, animalia arriskutsu eta pozoitsuak nonahi, egunero ur bila, ehizarik ezean gosea, zauri infektatuak… leku arriskutsua da ama lurra!
Gizakiek, bere historian zehar, naturarekin bat eta zoriontsu bizi baziren, ez zituzten asmatuko bizirik irautea ahalbidetu zizkieten arropa, ehizatzeko tramankulu, sua, elektrizitatea, ibilgailuak… Orain hogei mila urteko gizaki baten egunerokoa bizi ala irauneko borroka zen; ziur hotza pasatzen zuela, sua aurkitu zuten arte; ziur gosea pasatuko zutela, armak eraikitzen hasi arte; animalia bidez mugitzen ikasi zutenean, beste lekuetara azkarrago mugituko ziren, elikagai gehiago edukiz eskura. Ebaki zornetu batek gizaki osasuntsu bat baino gehiago hilko zituen; ama ugari hilko zen ere erditzen, baita zorioneko agurea berrogei urte betetzen zituena ere. Beraz, argi ibili zuen etxeko atera gizon bizardun eta ile luze bat, panfleto batekin etortzen bazaizu, ama lurra eta gizakiaren askatasunerako sekta batera gonbidatuz. Eko etiketa duten ferietan eta Telebost-eko erreportajeetan oso dotore azalduko da zintzilikarioa airean, zuhaitz bati besarkatzen, errekan igerian, egunsentiari errezoka edo lurzoruan bertan siesta botatzen. Ni oraintxe, eko-natural-ekologista zoramenak ematen badit eta Aralarko basoetara biluzik banoa, gauerako hotzak akabatuta nago, ehunka sasirekin urratuko naiz, hanka azpiak zauriz beteko zaizkit, eta “ño! Ama-lurra gorra dek!” esan eta benetako amaren etxera bueltatuko nintzateke zopa beroa jatera. Ama lurra maite baduzue, hasi ama lurrean bizi diren bizidunak errespetatzen, zuen hondakinak birziklatu eta konpostatzen; hori ongi egiten dugunean hasiko gara bestelako gauzak egiten eta! Badago aurretik zer eginik!
Leave a Reply