Erretiratuak, gazte espirituaz

Gaztaroa akordarazteko asmoarekin, Gipuzkoako berrehun erretiratu baino gehiago elkartuko dira bihar Getariako kiroldegian. Loadinn irabazi asmorik gabeko enpresako Irene Martinez, Adriana Uribesalgo eta Uxue Barrenetxea ekintzaileen ekimenez, Flashback ekitaldian parte hartuko dute egun osoz. Baina ez dira soilik erretiratuak izango ekitaldiko protagonista. Hainbat gazte aritu dira ekitaldiaren antolaketan, eta bihar ere parte hartuko dute: “Erretiratuek duten behar bati erantzuna emateko, elkarren artean ezagutzeko topagune bat izateko eta belaunaldien arteko harremanak sustatzeko egin eta antolatu dugu Flashback proiektua”, esan du Barrenetxeak. Parte hartuko dutenei “euren gaztaroa gogoraraziko dien” ekitaldi bat izatea nahi dute: “Haientzako atzera begiratzeko momentu bat izango delakoan jarri diogu Flashback izena proiektuari”.

Erretiratuei ez daukaten zerbait eskaini nahi diete, Barrenetxearen arabera: “Guk, gazteok, udalekuetan eta parrandan jendea ezagutzeko aukera daukagu. Gazteok aukera horixe eskaini nahi diegu erretiratuei ere. Beti esan ohi da gazteok erretiratuei edo adinekoei ez diegula garrantzirik ematen, baina garrantzia ematen diegun gazteak bagaude, eta mito hori albo batera utzi nahi dugu”.

Gipuzkoako erretiratuen etxeetako 224 pertsonak dute izena emana biharko ekitaldian parte hartzeko: “Goierri aldetik jende asko animatu da, eta Oarsoaldetik, Bidasoaldetik, Hernanitik, Lasarte-Oriatik, Usurbildik eta Villabonatik ere etorriko dira”. Egun osoz, 11:00etatik 19:00ak ingurura artean, Getariako kiroldegiko babesean egingo dituzte ekintzak. Ginkana batekin hasiko dira ekintzak, “baina didaktikoa eta mentala izango da batik bat”. Hala izan dadin antolatu dituzte probak. Segidan, olinpiadak egingo dituzte; “fisiko aldetik ez dira oso zorrotzak izango, nahi duten guztiek parte hartu dezaten”. Bazkaria ere kiroldegian bertan dute, eta arratsaldean bingoan eta karta jokoan ariko dira. “Ekintza horiek erretiratuentzako sakratuak direla esan digute, eta egitarauan sartu behar izan ditugu”.

Aurrez, bost hilabeteko lana

Bihar egingo dute ekitaldia, baina aurretik egindako lana hilabeteetakoa izan da: “Orain dela urtebete hasi ginen proiektua lantzen, eta iazko maiatzerako antolatu nahi genuen, baina horretarako presaka jardun behar genuen. Beraz, antolatzeko denbora hartu, eta ekitaldi txukun baten aldeko apustua egitea erabaki genuen. Orain arteko emaitza ikusita uste dut neurri batean lortu dugula: 250 erretiratuk parte hartzeko helburua jarri genuen, eta 224k emanda dute izena”.

Flashback ekitaldia prestatzeko, Gipuzkoako erretiratuen etxetik etxera ibili dira Loadinneko hiru kideak, eta erretiratuentzako beste ekitaldi batzuetan ere parte hartu dute: “Udan, Pasai Donibaneko erretiratuen olinpiadak dinamizatzen jardun genuen. Gero, erretiratuen etxeak bisitatu eta proiektua azaltzeko bilerak egin ditugu, eta batzuengandik laguntza handia jaso dugu”. Horrez gain, klinika bateko psikologoarekin ere elkartu dira biharko egitaraua prestatzeko.”Erretiratuentzako eta erretiratuengandik egindako proiektu bat da”, dio Barrenetxeak.

Ekitaldiak, ordea, kostu bat dauka, eta hori babestuko dutenak ere aurkitu behar izan dituzte Loadinnekoek. “Parte hartzaile bakoitzak 25 euro ordainduko du, baina gastuak hori baino gehiago dira. Beraz, babesleak aurkitu behar izan ditugu. Lan zaila izan da, baina batzuk lortu ditugu: batzuek diruz lagunduko dute, eta beste batzuek, produktuak emanda”.

Loadinn diru irabazi asmorik gabeko enpre0sa Mondragon Unibertsitateko Lidergo ekintzaile eta berrikuntza graduko hamabost ikaslek sortutakoa da. Ikasketak praktikoak dira, eta hasi orduko enpresa bat sortzen dute bertako ikasleek, Barrenetxeak kontatu duenez: “Hasiera-hasieratik ikasketen barruan enpresa bat sortzen dugu. Enpresa erreal bat da, bezero eta helburu erreal batzuekin. Enpresa horren barruan proiektu batzuk jarri genituen martxan, eta horietako bat da bihar erretiratuekin Getarian egingo dugun Flashback-a”. Gizarte arloko proiektu bat landu nahi zuten, eta erretiratuentzat izango zela erabaki zuten ondoren.

Flashback “modu positiboan gizartean eragingo duen” proiektu bat izatea nahi dute Martinezek, Uribesalgok eta Barrenetxeak: “Pauso txikiak eginez egin nahi dugu aldaketa. Gazteok ere erretiratuekin arduratzen garela erakutsi nahi dugu, eta haiekin batera gauzak egin nahi ditugula. Guk bai behintzat”. Biharkoa aurreneko topagunea izango da, baina ez dute baztertu datorren urtean errepikatzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.