Arazoa norberak bainoago ingurukoek dutela uste duten anorexikoak, portaera okerraz kontziente baina gaixo daudela ez dakiten bulimikoak edo beste zenbait elikadura nahasmendu dituzten herritarrak zein haien senideak dira ACABE Euskadiko Anorexia eta Bulimiaren Aurkako Elkartera jotzen dutenak. Garbiñe Agirre (Tolosa, 1953) elkartearen Gipuzkoako koordinatzailea da, eta hogei urte daramatza gaixoei zein senideei arreta eta babesa emateaz gain osasun zerbitzu publikoan dauden hutsuneak salatzen.
Elikadura nahasmenduak dituztenei eta haien senideei laguntzen diezue.
Kaltetuekin terapian edo kalera begirako lanean aritzen gara gehienbat: ikastetxeetan saioak eta hitzaldiak eskaini, hedabideetan gaiari behar bezalako trataera eman, elkarte eta erakundeekin harremanak egin… Lan asko izaten dugu: gizartea elikadura nahasmenduez kontzientziatzea, anorexia edo bulimiaren prebentzioan lan egitea, eta erakunde publikoekin harremanak egitea kaltetutako kolektiboentzako eskaintza sor dezaten. Elkartean denetariko jendeak parte hartzen du, baina nabarmendu behar dira psikologoak eta nutrizionistak. Bestetik, kaltetuen eta euren senideen egoerari jarraipena egitea dagokigu: informazioa eman eta babesa eskaintzea. Arreta telefonoz edo posta elektronikoz eskaintzen dugu. Elikadura nahasmenduak dituztenak, berriz, gugana etortzen dira, eta babesa eskaintzen diegu edo osasun zerbitzuetara bideratzen ditugu. Guk ez dugu tratamendurik eskaintzen, guri ez dagokigu Osakidetza ordezkatzea; gure lana lehenagokoa da, nahasmenduak dituztenak kontzientziatu behar izaten ditugu profesionalen zerbitzua behar dutela ohar daitezen. Familiakoei, berriz, babes psikologikoa ematen diegu, gaixoa nola tratatu behar duten jakin dezaten.
Osakidetza aipatu duzu. Osasun zerbitzu publikoarekin badituzue gorabeherak.
Hogei urte daramatzagu honetan lan egiten, baina iruditzen zait tratamendu mailan lehen bezala gaudela; Osakidetzaren aldetik hutsune asko daude oraindik. Ez dago elikadura nahasmenduentzako gune berezirik, eta hogei urtez lanean eta autoritatearekin borrokan ari bagara ere, ez dugu lortu.
Hain justu, arlo horretan zegoen hutsunea telebista saio baten harira bete zenuten.
Duela hogei urte, euskal telebistan Rifi-Rafe izeneko saio monografiko bat egin zuten anorexiari eta bulimiari buruz. Horren bidez, jendea deika hasi zen: anorexiak edo bulimiak eragindakoak inguruan zituztenek kontaktuan jarri nahi zuten euren egoera berean zeudenekin. Hutsune handia zegoen arlo horretan, gaixotasunak ez ziren ezagunak, eta bakardade eta noraez handian zeuden. Hala, ETBkoek deiak jaso zituzten, eta bi lagun arduratu ginen deitu zutenen zerrendak kudeatzeaz. Astebetera batzar bat egin genuen Gipuzkoako eta Nafarroako jendearekin, eta hurrengo astean Araba eta Bizkaikoek egin zuten. Sortu berritan zeuden Bartzelonako eta Madrilgo elkarteekin harremanetan jarri ginen, eta eurek lagundu ziguten elkartearen sorrerarekin.
Aldatu eta hedatu egin da elkartea hogei urteotan.
Hasiera batean, anorexiak edo bulimiak kalte eginikoek osatzen zuten elkartea, eta gaur egun ere halako elkartea da muinean; gaixorik daudenen familiakoak gara. Pixka bat aldatu da, ordea: 1994tik 1997ra, Andre Maria Erreginaren parrokiako gela batean egon ginen; 1997tik 2004ra, Txara auzoan elkarteentzat dauden lokaletako batean egon ginen; eta 2004tik hona Donostiako Udalak utzitako lokal batean gaude, geuk soilik erabiltzen dugun lokal batean. Hala ere, garrantzitsua iruditzen zitzaigun Gipuzkoako beste eskualderen batzuetara iristea ere, Debagoieneko jendearentzat zaila zelako Donostiara joan-etorrian ibiltzea. Hango udalekin hitz egin genuen, eta Arrasateko kultur etxera astean behin joaten hasi ginen; 2003an, berriz, Arrasateko Udalak lokal bat utzi zigun, eta eskualde hartarako egoitza han jarri genuen.
Anorexia eta bulimia ezagutzen ditugu, baina badaude nahasmendu gehiago ere.
Gure kasuan, anorexia, bulimia, zehaztu gabeko nahasmendua —anorexiaren zein bulimiaren ezaugarriak betetzen ez dituena—, bigorexia, ortorexia… lantzen ditugu. Anorexia eta bulimia dira jendeak ezagutzen dituenak, baina nahasmendu askoz gehiago daude. Izan ere, anorexia eta bulimia kasuetan, sintoma zehatz batzuk izan behar dituzte gaixoek. Eta psikiatrian diagnostikatzeko irizpide batzuk jarraitzen dira; horietariko batean huts eginez gero, kanpoan geratzen dira. Horiek izango lirateke zehaztu gabeko nahasmendua dutenak.
Ez da erraza izango gaixoekiko harremana, ezta?
Batzuk senideek ekartzen dituzte, eta gaixotasunarekiko batere kontzientziarik gabekoak izaten dira; gehienetan, anorexia dutenak. Euren burua ongi ikusten dute argal egon arren, baina arazoa ingurukoek dutela sinetsita bizi dira. Bulimia dutenak ere ez dira gaixotasunaz kontziente, baina botaka aritzen direnez, laxanteak hartzen dituztenez eta ariketa fisiko gehiegi egiten dutenez, badakite portaera okerra dutela. Beraz, hasieran lan handia egin behar izaten da gaixoekin, beren nahasmenduaz kontzientzia hartu arte, bereziki. Batzuetan, nahasmenduaren atzean beste arazo batzuk egon litezke, pertsonalitate arazoa, esaterako. Euren kabuz etortzen diren gaixoen kasuan, normalean bulimia edo zehaztu gabeko nahasmenduren bat dutenak izaten dira. Izaten dira kasu arraroak ere, ama ekartzen duten seme-alabak, adibidez. Sendatzen direnen kasuak politak dira, baina badira nahasmendu kronikoarekin geratzen direnak ere, gugana joan-etorrian ibiltzen direnak.
Eta sendatze bidean daudenek nolako jarrera dute zuekiko?
Denbora igarotzen denean, guri batzuetan ez zaigu iruditzen ezer egin dugunik, baina gugana jotzen dutenek eurek eskertzen digute: esaten digute gure laguntza ezinbestekoa izan dela eurentzat, galduta zeuden une horretan gu gabe ez zutela jakingo zer egin.
Leave a Reply