Beste 13 herrik egin zuten bezala, Abaltzisketak Tolosako agindupean egoteari utzi zion orain 400 urte. Zehazki, 1615eko urtarrilaren 26an jaso zuen Felipe III.a erregearen kontsezioa. Lehenengo alkatearen eta udalerriaren beste hainbat karguren izendapena urte hartako apirilaren 7an egin zuten.
Abaltzisketak 241 urte zeramatzan Tolosari lotuta, landa parrokia izateari utzi eta bere borondatez 1374an Tolosako jurisdikzioaren barruan egoteko. Aralarren magalean dagoen udalerriarentzat ez zen doakoa izan Tolosatik banantzea. Estibaliz Gonzalez Dios ikerlariak azaldu duenez, “ordainketa handia ekarri zien banandu ziren udalerriei, baina pauso hori ondo neurtu zuten”. Alegia, nahiago zuten ordainketa hori egin, eta bakoitzak bere alkatea eta bere justizia ordinarioa izan, eta Tolosatik banandu.
“Beste zenbait udalerri ere gehitu ziren prozesu horretara, baina ikusi zutenean zenbat ordaindu behar zuten, atzera egin zuten”. Gonzalez Dios ikerlaria lan bat egiten ari da Tolosatik banandu ziren herrien inguruan; Tolosako Udalaren ekimenez eta Eusko Ikaskuntzarekin egindako hitzarmen baten ondorioz suertatu zitzaion ikerketa egiteko aukera.
Hiribildu bihurtzeko prozesuan sartu ziren herriek 25 dukat ordaindu behar zituzten bizilagun bakoitzeko. Halere, Gonzalez Dios bere ikerketan ikusten ari den moduan, herriek ordainketa murrizteko eskaria egin zuten, eta guztiei eman zitzaien horretarako aukera. Ordaindu beharrekoa, hala eta guztiz ere, kopuru oso handia zen, eta, beraz, erregeak aukera eman zion Abaltzisketari mailegua izateko, hiribildu titulua ematerakoan.
Mailegu hori ordaintzeko modua ere zehaztu zen: bi heren salgaien gaineko zergen bidez lortzeko aukera ematen zitzaion —ogi egosia izan ezik—, eta beste herena herritarren artean ordaindu behar zen. Mailegua 1.612.500 marabedikoa izango zela zehaztu zen, kostuak barne hartuta.
Baina zergekin ez zuten nahikoa lortzen beharrezko dirua izateko, eta, horrela, Abaltzisketak eskatu zuen ordainketaren bi heren herritarren artean pagatu ahal izatea. Ahalmen hori eman zitzaion 1617. urtean, eta horren bitartez, herritar bakoitzak ordaindu beharrekoa bere aberastasunaren araberakoa izango zela zehaztu zen: “Aberatsak aberats gisa eta behartsuak behartsu gisa, inori kalte egin gabe”.
Hiribildu izendatu berriek ordainketa murriztea eskatu zuten. Abaltzisketari dagokionez, eta Gonzalez Diosek bildutako datuen arabera, Abaltzisketak 1.303.125 marabedi ordaindu zituen azkenean. Baina, hiribildu bihurtzearen kostu bakarra ez zen titulua ordaintzea bakarrik. Hiribildu izateak ahalmena ematen zion Gipuzkoako Batzar nagusietan parte izateko, eta horrek ere bere gastuak izaten zituen. Horrela, Tolosatik banandu ziren zenbait hiribilduen artean Bozue Handia batasuna osatu zuten: Abaltzisketak, Amezketak, Baliarrainek eta Altzok, zehazki. Amezketako Batasuna ere esaten zitzaion elkartze horri; 1617ko apirilaren 1ean osatu zuten. Horrela, lau herrien artean prokuradore bakarra bidaltzen zuten Batzar Nagusietara, eta gastuak aurreztea lortu zuten hala.
Eraikuntza zaharren eredu
Abaltzisketako alde zaharra euskal mendialdeko nekazaritza herrien eredu da. Han udaletxea nabarmentzen da, San Joan Bautista elizaren ondoan kokatua. Eliza XVI. mendekoa da, baina XIII. mendeko aurrealde erromanikoari eusten dio. Kanpandorrea ere aipatzekoa da, 1493. urtean Abaltzisketan egindako kanpaia daukalako.
Nahera-Haundi baserria, berriz, euskal eraikuntza zaharren eredu da; 1706. urteko Gipuzkoako eraikuntza tipikoa da, eta garai batean sagardoaren dolare etxe bat izan zen. Sasiain auzoan dago, eta herrira iritsi baino lehenago dagoen desbideraketa bat hartuz irits daiteke hara. Zalantzarik gabe, ordea, Larraitzeko paisaia da ezagunena herrian. Txindoki mendiaren magalean dago, eta baselizaren inguruko aparkalekua da Txindokira igotzeko abiapuntu ohikoena, baita Aralarko natura parkean barneratzeko ohiko abiapuntuetako bat ere. Larraitzeko Ama Birjinak inguruko baserritarren artean estimu handia du, usadioz ahalmen miragarriak dituelako ustea baitago.
Leave a Reply