Epeleko (Bergara) konpostatze planta eta transferentzia estazioa eraikitzen ari da Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa; ekainerako lanak bukatuta egotea eta bio-hondakinak tratatzen hastea espero dute. Azpiegitura finantzatzeko, partzuergoak akordioa egin du AKF Bank bankuarekin —egoitza nagusia Alemanian du—. Zortzi milioi euroko kreditua emango dio, partzuergoak bere beharren arabera erabili ahal izateko, kopurua gainditu gabe, eta %4,3ko interes tasan. Hans-Martin Klaue (Berlin, Alemania, 1960) AKF Bank-eko zuzendari nagusia da Espainian; Madrilen bizi da 1990etik. Dioenez, “perfektua” izan da akordioa adosteko bi erakundeen arteko harremana .
Zuk zuzentzen duzun bankuak Epeleko konpostatze planta finantzatzeko hitzarmena sinatu du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoarekin. Zertan oinarritzen da akordioa?
AKF Bankek zortzi milioi euro arteko kreditua emango dio partzuergoari, horrek azpiegituraren obra zibilerako eta teknikorako erabil dezan. Zortzi urte arteko finantzaketa da, beste zortzi urtez luzatzeko aukerarekin, eta hala zorraren amortizazio eroso bati bide emateko.
Zergatik erabaki duzue konpostatze planta bat finantzatzea?
Batetik, ezaguna delako Gipuzkoako Foru Aldundiaren kaudimen maila ona —hura dago proiektu honen atzean—. Bestetik, kontuan hartu ditugu proiektuaren beraren eta horren buru partzuergo publikoaren seriotasuna ere.
Zure bankuarekin akordioa egin ondoren, partzuergoak nabarmendu du finantza merkatuan enpresa publikoentzako egokiak diren produktuak badaudela. Hori kontuan izanda, eta beste finantza produktuen aldean, zer desberdintasun eskaintzen du zure bankuak?
Uste dut inbertsiorako finantzaketaren zuzeneko beharrak hobeto ulertzen ditugula. Gu era honetako finantzaketan espezializatutako bankua gara. Finantzaketak ez ditugu lotzen bankuko bestelako produktu batzuekin; bakarrik, zerbitzua ematen dugu. Horrez gain, Alemaniako erakunde bat izanik, Komunalkredit produktua ulertzen dugu, hau da foru aldundiak proiektuarekiko duen lotura.
Zaila izan al da akordiorako oinarriak zehaztea ?
Bezeroarekin ez. Hasieratik oso ondo ulertu genuen elkar. Zailena izan zen zehaztea, edo, hobeto esanda, ulertzea, nola funtzionatzen duen horko administrazioak: hala partzuergoak nola mankomunitateek… Eta hori guztia foru araudiarekin nola uztartzen den.
Alemaniako banku bat izanda ere, hau ez da euskal enpresa edo erakunde bati kreditua ematen dion aurreneko aldia. Bankua noiztik ari da Euskal Herrian lanean, eta zer eratako proiektuak finantzatu ditu?
AKF 2006tik ari da Euskadin eta Espainian lanean. Hemen bezero asko finantzatu ditugu: garabi mugikorrak, makina erremintakoak…Baina ez hori bakarrik: Euskadin makina erremintan nagusi diren bezero asko ditugu, eta horiei Alemaniara esportatzen laguntzen diegu, euren Alemaniako bezeroak finantzatuz.
AKFk batik bat oinarrizko ekoizpen sektorearekin egiten du lan, ekipamendu eta industria ondasunak finantzatuz, eta bereziki ingurumenarekin erlazio iraunkorra dutenak. Zergatik hautu hori?
Alemanian irudi on bat izaten saiatzen garelako. Vorwerk industria taldekoa da AKF. Talde hori, hemen, batik bat sukalderako Thermomix robotagatik da ezaguna. Vorwerk familia-enpresa bat da, eta gure printzipioak ditugu, besteak beste, ingurumenarekiko errespetua eta kudeaketa iraunkorra.
Alemanian, hondakinak erraustera eta birziklatzera bideratzen dituzten bi ereduak daude martxan. Konbinazio horren inguruan zer iritzi duzu?
Ea, horretan aditua izan gabe, bi ereduei batera eustea, gutxienez, zaila da. Gero eta gehiago birziklatu, batik bat papera eta plastikoa, orduan eta erregai gutxiago dago errausteko. Gainera, Alemanian, behintzat, hiri hondakin solidoak erraustetik ateratzen den energia elektrikoa dagoeneko ez da errentagarria, eta zerga ordaintzaileari dezente diru kostatzen ari zaio.
Hondakinak erraustea ekonomikoki errentagarria dela uste al duzu?
Etekina lortzea, gutxienez, oso zaila izango litzateke.
Hondakinak erraustea goraka edo beheraka doa Alemanian?
Alemanian hondakin solidoen inguruan indarrean dagoen legeak, aspalditik behartzen du hondakinak erraustera eraman aurretik banatu eta sailkatzera. Beraz, Alemaniak, gaur egun, behar baino errauste planta gehiago ditu. Orain dela 15-10 urte arte erraustea lehenesten zen, baina ez da kontuan hartu birziklatzearekin etorri den hondakinen murrizketa. Horrek, errauste plantei ‘jaten emateko’ hondakinak inportatzea ekarri du, kostu politiko eta sozial argi batekin. Erraustea baino, bestelako tratamendu ekologikoagoak hobeto ikusita daude Alemanian.
Leave a Reply