Inauterien hasierako suziria bota edo ez. Horixe zalantza Tolosan. Ohiko etxafuegoaren ordez, txarangen txapak jota festari hasiera ematea izan dute buruan, baina herritarrek plazatik hala eskatuta, modu tradizionalean egin dute azkenean. Joakin Izagirre aurtengo inauterizale kutunak ere oniritzia eman du horretarako. Ostegun gizeneko txupinazoarekin, Tolosako kaleak festaz jantzi dira asteartera bitarte.
Kabi Alai elkarteko kideen pregoiak ingurumenari egin dio keinua. Suziria botata sortzen diren hondakinak biltzea jarri diete baldintza gisa udaletxeko plazan bildutakoei. Baina, agindu horrez gain, izan da besterik ere. Atzotik korporazioan hiru kide gehiago dituztela jakinarazi zieten tolosarrei: elkartean behin baino gehiagotan sartu zaizkien lapurrei giltzak ematea erabaki dute, sartzerakoan berriro sarraila izorra ez dezaten.
Hasiera ofiziala izan zen ostegun gizenekoa, baina ez lehena. Asteazken gauean, Alde Zaharrak ohi baino ozenago hasi zituen ospakizunak. Vista Alegre txarangak 25. urteurrena du aurten, eta ohiko txupinazo alternatiboarekin animatu zituzten kaleak, bezperatik. Vista Alegrerekin batera, Kabila txaranga ere omenduko dute aurten: 75. urtemuga du.
Lehen egunek duten xarma eta eskaintza zabaletik haratago, igandean hasten da benetako mozorro festa. Hilabeteetan egindako lana kalera ateratzeko eguna dira igandea eta asteartita; batzuk, konpartsa eta karrozekin; besteak, euren kasa egindako mozorroekin. Eguna luzea izan arren, igandean goiz jaikitzeko ohitura dute tolosarrek. “Jeiki jeiki oi ortatik”, esaten die Dianaren abestiak, eta pijamak eta etxeko arropa jantzita irteten dira asko. 11:00etan hasiko da karrozen joan-etorria. Astelenita, berriz, aisialdi taldeen txanda izango da; 11:00etan irtengo dira.
Berdintasunari saria
Lehiaketako epaimahaiak kontuan hartuko ditu euskara eta berdintasun irizpideak, eta aurten, estreinakoz, karroza edo konpartsa “berdinzaleena” sarituko du udalak. Horretarako, karrozak aztertuko dituen taldetxo bat osatu da, eta aurrez zehaztutako hainbat irizpide kontuan hartuta balorazioa egingo dute.
Udalak argi du inauteriak “araurik gabeko festak” direla; horrek, ordea, arazo bat ekar dezake: zarata. Iaz burrunba “gehiegizkoa” izan zela eta, neurriak hartu dituzte. Batetik, sentsibilizazio kanpaina bat martxan jarri du udalak; bideo bat egin du, karrozei errespetuaren aldeko deia egiteko. Bestetik, kalejira pasatzen denean —zezenen ikuskizunaren aurretik eta ondoren— karroza eta konpartsek megafonia itzali beharko dute.
Bertaratu ezin izatea ez da aitzakia izango Tolosako inauteriak ezagutu nahi dituenarentzat. Tolosaldeko Ataria-k eta 28 Kanala telebistak, batetik, eta udalak, bestetik, saio bereziak eskainiko dituzte egunotan sarean.
Leave a Reply