Arte matxinatua

Errenteriako Zintzilik irratia Erdiko Kaleko etxe okupatu batetik emititzen hasi zen 1984. urtean, itsasontzi baten igorgailu zahar batetik. Nekez gainditzen zuen herriko alde zaharra. Ordutik hiru hamarkada pasatu dira, baina bere izaera libreari eutsi dio. 30. urtemugaren harira, erakusketa bat zabaldu du haren filosofia oinarritzat hartuta: komunikazioa lantzea, izaera matxinoa izatea eta gizartean mainstream ez direnei ahotsa ematea.

Merkatuzarreko goiko aretoan artearen hainbat diziplina hartu ditu erakusketak: pintura, marrazkilaritza, eskulturagintza, argazkiak, patchwork-a… Erakusketaren prestaketari azken ukituak ematen ari da Iñaki Garmendia Pirata Zintzilik irratiko kide eta antolatzailea. DVDen atala atontzen ari da, zehazki: “Bartzelonako Chigra kolektiboak bildutako dokumental sorta da hau. Hona etorri eta bideo bat ikusi nahi duenak horretarako aukera du; edozein jar dezake”. Ekologismoa, errepresioaren kontrako mugimendua, okupazioa, antimilitarismoa eta beste hainbat gai jorratzen dituzte bideoek. “Etxean ditudan hainbat fanzine ere ekarriko ditut, tartean irratiaren 30 urteko ibilbidean egin direnak”.

Detritus, Idoia Monton, Jose Luis Chasco, Txokolarte eta beste hainbaten margoak, Patxi Txiki eta Javier Olaizolaren eskulturak, Juxe Areta Goñiren argazkiak eta Yolanda Menisesen patchwork-ak ikusteko aukera dago, besteak beste.

Erakusketaren bidez, irratian urte luzeotan egindakotik aldendu nahi izan dute, Piratak azaldu duenez: “Zintzilik-ek, irratiaren bitartez, ideiak soinu moduan hedatzen ditu, eta zuk imajinatu egin behar duzu. Erakusketa honetan, aldiz, kontrakoa egin nahi izan dugu: bisualagoa egin”. Dioenez, “komunikatzeko beste mota bat” bistarazi nahi izan dute, ez horrenbeste imajinatu beharrekoa. Gainera, norbanakoaren adierazpenak abiapuntutzat hartu arren, erakusketak kolektibotasuna irudikatu nahi du. “Eta kultura, merkatugaia izatea baino, gozamenerako proposamena izatea nahi dugu, indibidualizazioa gaindituz”.

Piratak bidea egina du erakusketak antolatzen, lehenago ere diziplina askoko beste hainbat antolatu baititu —Oiartzungo Arditurriko etxe okupatuan nahiz zenbait tabernatan—. Aitortu duenez, beraz, ez zaio zaila egin Zintzilik-en 30. urteurrenerako erakusketa prestatzea. “Inguruko jendea dut, eta erraza izan da hemen elkartzea. Agian artistaren bat ahaztuko nuen…”. Haren helburua urtean behin antzeko erakusketa bat egitea da: “Komunikazioan dabilen jendea hartu eta euren lana transmititzea izango du helburu”.

Erakusketarekin batera jarduera ugari antolatu dituzte. Horrela, hainbat dokumental ikusteko aukera izango da erakusketa irekita egongo den astegun guztietan. Kasu batzuetan, gainera, egileak izango dira Merkatuzarren. Emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, eta gizarte gaiak jorratuko dituzte: okupazioa, fracking-a eta higiezinen burbuila, besteak beste. Izango da primiziarik ere: datorren asteartean estreinatuko dute Zerrauts ogia: Gosearen grebak dokumentala. 36ko gerra ondorengo gosetea aztertzen du, “bizi-baldintzen eta askatasunen aldeko borroka”. Patxi Egiluz egilea bertan izango da.

Erakusketa jadanik zabalik badago ere, inaugurazio ofiziala bihar izango da. 18:00etan hasiko da ekitaldia, eta 19:30ean Canshadows taldeak funk, jazz eta rock klasiko doinuak eskainiko ditu.

ERAKUSKETA

Non. Errenterian, Merkatuzarreko goiko gelan.

Noiz. Astelehenetik larunbatera bitarte egongo da irekita, martxoaren 4ra arte (asteazkena). Ordutegia 17:30etik 20:30era izango da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.