“Bodega batek pentsa ezin litekeen lana ematen du”

Txotx garaiko herri ezagunenak Astigarraga eta Hernani badira ere, Zeraingo beste sagardotegiarekin eskaintzen duten autobus zerbitzuari esker, ez da jende faltarik izaten Oiharte landetxe eta sagardotegian. Bertako burua da Haritz Eguren (Beasain, 1974), eta tokiko produktuekin lan egitea gustatzen zaio. Sagardotegira produktuez gozatzera baino gehiago jendea parrandara joaten dela iruditzen zaio, eta horrek pena ematen dio, Egurenen hitzetan sagardotegia ere “bodega bat” baita.

Formalki sagardogilea duela gutxitik bazara ere, aspalditik duzu lotura langintzarekin.

Profesionalki sei bat urte daramatzat; aurrez, etxerako sagardoa beti egiten genuen. Duela zortzi urte, berriz, Zerainen nekazaritza etxea zabaldu genuenean, harako sagardotegi txiki bat jarri genuen. Lehen sagardo garai ofiziala edo duela hamaika urte egin genuen. Duela 800 bat urte eraiki zen jatorrizko etxearen izena mantentzen dugu: Oiharte.

Nola bereizten duzue landetxeko eta sagardotegiko eskaintza?

Nekazaritza etxea urte osoan edukitzen dugu zabalik; eta sagardo garaiak maiatzera arte irauten du. Sagardotegia egunero edukitzen dugu zabalik afarietarako, astelehen eta igande iluntzeetan izan ezik. Larunbat eta igandeetan bazkariak ere ematen ditugu. Sagardotegiko ohiko menua ematen dugu: bakailao tortilla, bakailao takoak eta txuleta. Takoen kasuan, berezitasun gisa, gurean piper gorri eta tomatearekin egindako piperrada antzeko batekin ateratzen dugu. Postrean, berriz, herriko hiru artzainen gazta eskaintzen dugu. Maiatzetik aurrera, ostiral, larunbat eta igandeetan izaten dugu sagardotegia zabalik, eta garai horretan sagardotegiko menutik aparteko jakiak ere eskaintzen ditugu.

Baina Astigarragak eta Hernanik duten famarekin, Zerainera joaten al da inor txotx egitera?

Ezin gara kexatu, egia esan. Txotx garaian nahiko ongi lan egiten dugu. Alkohol probak-eta gaur egun arazo bihurtu direnez, autobus zerbitzua ere jartzen dugu. Zerainen bi sagardotegi daude, eta bietako jendea antolatzen gara autobus zerbitzua antolatzeko; bi aukera daude: bata Ordiziatik irteten da, eta Beasain, Lazkao eta Idiazabaldik etortzen da. Bestea Legazpitik irteten da, eta Zumarraga-Urretxu eta Ormaiztegitik igarotzen da. Horri esker, hiruzpalau hilabetez nahiko ongi aritzen gara lanean. Bi autobus linea eskaintzen ditugu.

Eta nola doa aurtengo txotx garaia?

Aurrez ez dugu sekula jakiten nola joango den. Datu ekonomikoak hobera doazela dirudi, eta jendea lasaiago dago krisiaren kontuarekin eta; baina, auskalo, ze elurrak-eta asko eragiten digute guri. Txotx garaia bukatu arte ezin esan ona edo erdipurdikoa izan den.

Gehienbat bertako sagarra baliatzen duzue, baina produktu bat baino gehiago ekoizteko.

Aurten bezalako urte onetan, %100 bertako sagarra erabiltzen dugu sagardoa egiteko. Ez gara oraindik ekoizpen handietan sartu, eta ez genuke sartu nahi, gainera. Bilatzen duguna sagardoaren kalitatea baita. Aurten, sagardo normala, ekologikoa, Eusko Label sagardoa eta zuku pasteurizatu pixka bat egin ditugu. Sagardo ekologikoa egiten dugun bigarren aldia da, eta produktu ekologikoak baliatzen dituen jendeak eskertzen du sagardo mota hori eskaintzea. Eusko Label sagardoa eta zukua lehen aldiz egin ditugu; ikusiko dugu jendeak nola erantzuten duen. Zukua uraren ordez haurrek edan dezaketelakoan egin dugu.

Zehazki, zein lanetan aritzea egokitzen zaizu?

Jendearen araberakoa izaten da, baina guri normalean denetik egitea tokatzen zaigu: oraintxe txotxean, gero kafea egiten, eta sukaldean behar bada, han ere bai.

Gainera, sagardotegi bateko lana ez da txotx garaira mugatzen.

Lan handia du aurrez ere; bodega batek pentsa ezin litekeen lana ematen du. Sagarra bildu, garbitu, egin eta sagardoa egonkortzen utzi, botiletan sartu, komertzial lana ere norberak egin behar du, makineria bere onean mantendu… Esango nuke asko gustatu ezean zaila dela lan honetan aritzea. Gustatuz gero, berriz, produktua bera eta sagardoaren bueltan sortzen den giroa sustatzeko aukera polita da. Hala ere, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen barnean gaude, eta horrek beti arintzen du lana, eta beste sagardogileekin harremanetan jartzeko ere bide egokia da.

Pazientzia beharko da behar baino sagardo gehiago edaten duten horiekin, ezta?

Alderik txarrena hori da; pazientzia izugarria behar da. Gainera, sagardotegiak hasieran zirenetik asko aldatu dira. Garai batean, bodega gisa hartzen zen sagardotegia, nagusiarekin sagardoa probatu, dena nola doan hitz egin… Hori okertu egin da, jendea mozkortzera edo parranda handi bat egitera joaten da sagardotegira; ez dio produktuari eta horrek atzetik duen lanari erreparatzen. Baloratuko ez balitz bezala da. Akaso, gure lana ere bada hori: jendeari ikusarazi behar zaio lan handia duen produktua dela, zaindu eta baloratu egin behar dela. Egia esan, batzuk saiatzen dira eztabaidatzen zein kupeletakoa den sagardo onena, sagardoaren eboluzioa zein den jakin nahi izaten dutenak. Halakoekin oso gustura egoten gara; esango nuke hori dela gure produktuaren inguruan izan beharreko jarrera.

Jendeak sarri esaten duena honako hau da: “Sagardotegira joatea ederra da, baina garestia”.

Jaten den menua, sagardotegian menu bakarra eskaintzen dela kontuan izanda ere, beste edozein jatetxetan ez dago prezio horretan jaterik, gehiago kostatuko litzateke. Horrez gain, bodega bat da sagardotegia; eta sagardoak atzetik duen lana kontuan izanez gero, ez nuke esango garestia denik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.