XX. mendearen erdialdean, 1940ko, 50eko eta 60ko hamarkadetan, Espainiako Estatuko herrietatik milaka eta milaka etorkin heldu ziren Euskal Herrira. Euren herrian zuten egoera ekonomiko itogarria atzean utzi, eta etorkizun oparoago bat bilatu zuten Gipuzkoan. Lurralde industrializatua izanik, lan aukera ugari eskaintzen zituen Gipuzkoak garai hartan, eta horrek migrazio mugimendu handia eragin zuen. Etorkizun oparoago bat topatu zuten etorkinek Gipuzkoan; baina, era berean, behar bezala aitortu ez zaien ekarpena egin zioten lurraldeari. Aitorpen hori egiteko xedez, Gipuzkoako Foru Aldundiak haiei emango die aurtengo urrezko plaka.
Larraitz Ugarte aldundiko bozeramailearen hitzetan, euren etorkizuna eraikitzera etorritako haiek eta haien ondorengoak dira egun Euskal Herria eraikitzen ari direnak. “Andaluziatik, Extremaduratik, Errioxatik, Gaztelatik, Galiziatik eta beste hainbat tokitatik etorritako euskal herritarrak Euskal Herria eraikitzen ari dira: gaur egungo Gipuzkoa eta gaur egungo Euskal Herria ezin ditugu ulertu langile hauen eta haien familien ahalegin eta ekarpenik gabe”. Hala, herri horietako etxeei emango diete urrezko plaka, datorren martxoaren 28an, XX. mendearen erdialdean Euskal Herrira heldutako etorkinen izenean gipuzkoarren aitortza jaso dezaten.
Foru aldundiak, bestalde, ez ditu ahaztu nahi etorkin haiek hemen bizi izandako “lan eta bizi baldintza gogorrak”. “Baldintza horiek aldatzeko eta hobetzeko gogor borrokatu ziren, bertakoekin batera: eskubideen aldeko borroka hura, hain zuzen, baliagarria izan zen hainbat jatorritako herritarrak bateratzeko eta herri kontzientzia eta sentimendu kolektiboa indartzeko”.
Gatazkak
Etorkin haiek Gipuzkoan herrialde euskaldun bat topatu zuten, hizkuntza ez ezik, kultura ere ezberdina zuena. Horrek, Ugarteren hitzetan, ulertu ezinak eta liskarrak eragin zituen hemengoen eta kanpotik heldutakoen artean. “Herritar haiek beste hizkuntza bat, beste kultura bat eta beste ohitura batzuk zituen lurralde batera etorri ziren, eta ulertu ezinak eta gatazkak izan ziren”. Askorentzat kanpotarrak izan ziren urte luzetan, Gipuzkoara bizitzera etorri eta bertan egonkortu ziren arren. “Baina milaka lagun hauek, kulturalki, gure lurraldea aberastu dute; sozialki, beraien jakintza eta esperientzia konpartitu dute esparru guztietan; eta, politikoki, gogor borrokatu dira hainbat eskubide berreskuratzearen alde”, azaldu du Ugartek, besteak beste langile mugimenduaren borrokak oroituz.
Foru Aldundiaren arabera, lurraldearen aberastasuna eta aniztasuna zor zaie etorkin haiei, eta horregatik egingo zaie omenaldia. “Egoera horretatik ikasi ere egin dugu, ikasten jarraituko dugu, indarguneak eta akatsak atzeman beharko ditugu, eta ariketa horrek, dudarik gabe, gure herriko aniztasuna ondo kudeatzen eta aniztasun hori kohesio elementu bihurtzen lagunduko digu”.
Gipuzkoako Aldundiak urtero ematen duen sari kolektiboa da urrezko plaka, eta horrekin batera urrezko domina ere ematen dio norbanako bati. Aurten, aitorpen kolektiboa soilik egingo dute.
Leave a Reply