Andoaingo planoaren gainean, lau koloreko puntuak margotu dituzte. Segurtasunaz, mugikortasunaz, herriko ekipamenduez eta espazio publikoaz iritzia ematen ari dira herritarrak. Helburua: genero ikuspegitik herrian hobetu beharreko tokien mapa osatzea. Andoain denontzat berdin izenburupean, udalak martxan jarri du eguneroko bizitzaren inguruko diagnostikoa egiteko prozesua. Aste honetan, orain arteko ondorioak aurkeztu dituzte Bastero kulturgunean; horrekin batera, ateratako zenbait arazori proposamenak egiteko aukera ere izan dute herritarrek.
78 lagun aritu dira orain arte tailerretan parte hartzen; horietatik 56 emakumeak. Herritarrek ez ezik, udal langileek eta ordezkari politikoek ere egin dute ekarpena; ordezkaritza guztietan emakumea gehiengoa izan da. Adin tarteari dagokionez, berriz, gehiengoa 60 urtetik gorakoa izan da —30 lagun baino gehiago—. Gazteen lokaletako eta gaztetxeetako lagunekin ere izan dira, eta nahi izan duten gainerako herritarrek ere eduki dute iritzia emateko aukera.
Ondorio orokor gisa, zenbait gako aipatu dituzte: batetik, herriko hainbat gunetan argiztapen falta dagoela; bestetik, agerian geratu da oinezkoek autoekiko sentitzen duten segurtasun falta—adinekoek, batik bat—; eta, azkenik, maldekin lotutako arazoak errepikatu dira bileretan —igogailuak jartzeko eskariak, esaterako—. Udalarekin batera, Elhuyar Aholkularitza enpresa eta Urbes for All erakundea dabiltza parte hartzeko prozesuaren lanketan.
Herritarrekin bilerak egin eta kezka nagusienak aztertu ondoren, hainbat “konpromiso” hartu ditu batzorde politiko-teknikoak; hau da, udal ordezkarien taldeak. “Batzuk egin daitezke; beste batzuk, ordea, ezin dira egin edo eginak daude”, adierazi du Ana Karrere Andoaingo alkateak. Azken horien artean, adibidez, irristatzeari lotutako ekarpenak jarri dituzte adibide. Hala azaldu du Naiara Arri Elhuyar Aholkularitzako kideak: “Agian herritar modura ez dakigu, baina bi urtetik behin produktu bat botatzen da irristatzearen kontra; iaz bota zen, eta, beraz, hurrengo urtean berriz egingo dute”.
Segurtasunak, kezka
Herritarren aldetik, segurtasunari lotutako ekarpenak izan dira ugarienak (50, guztira), adinekoen eta gazteen artean batik bat. Ezberdinak dira, ordea, batzuen eta besteen artean bildutakoak. Gazte lokaletan, adibidez, aurretik lanketa bat egina zuten, azaroaren 25aren harira —Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean—. Generoa eta hiria aztertzerakoan, hainbat toki arazotsu identifikatuta zeuzkaten —irtenbide bakarreko guneak eta tunelak ziren ugari—, eta horiek markatu dituzte planoaren gainean.
Adinekoek, berriz, autoekiko segurtasun falta non sumatzen duten azaldu dute batik bat; segurtasun pertzepzioa autoekiko edo bizikletekiko agertu dute gehienbat. Argiztapen arazoak ere maiz agertu dira horien artean.
Ekipamenduei eta espazio publikoei dagokienez, eskasak izan dira jasotako proposamenak. Lehenarekin lotuta, esaterako, N-1 errepideak sortutako soinua saihesteko panel akustikoak jartzeaz hitz egin dute; espazio publikoari lotutakoen artean, berriz, komun publikoen beharra nabarmendu du hainbatek.
Karrerek nabarmendu duenez, herriak “batez ere autoa oinarri hartuta” egin ziren momentu jakin batean, eta gehiengoa, segur aski, gizonaren ikuspegitik: “Gizona etxetik ateratzen da, lan egitera, autoa edo autobusa hartuta; lagunekin bere aisialdi momentua izan, eta etxera doa”. Hala ere, gogorarazi du gizartean erdiak emakumeak direla eta beste erdiak gizonak. “Emakumeek hiria ez dute erabiltzen gizonek bezala: askok ez dute lanik egiten kanpoan, baizik eta etxean; erosketak egitera oinez joaten dira…”. Umeak ere badira herrian. Haiek ere behar dituzte espazioak, jolasteko plazak, eskolara joateko bide seguruak… Andoaingo hiri antolamenduak genero harremanak nola baldintzatzen dituen aztertzeko beharra ikusi zuen udalak, eta abiapuntu horretatik hasi zuten prozesua, hobetu beharrezko guneak identifikatu eta irtenbidea emateko. Gaiaren inguruan sentsibilizatzea ere izan da prozesuaren xedeetako bat.
Horrekin batera, genero ikuspuntua barneratzen duen hirigintza eredu baterako lehen urratsak egin nahi dituzte, Arriren arabera: “Lehen pausoak izango dira hauek, prozesu sakonago batean. Honen ondotik ez da ziurtatzen Andoainen egingo den hirigintza guztiak genero ikuspegia barneratuko duenik, baina irizpide batzuk markatu eta abiapuntu bat jarri ondoren, osatzen joango den zerbait da”.
Leave a Reply