Albizturren kasua Tolosatik banandu ziren eta hiribildu bihurtu ziren beste udalerrien antzekoa izan zen. 1615eko urtarrilaren 26an jaso zuen independente egiteko baimena, eta ordaindu beharrekoa 2.081.250 marabedi izango zirela zehaztu zioten; hau da, 5.600 dukat inguru. Beste hainbat bezala, Albizturrek ere jaso zuen diru hori maileguan hartzeko ahalmena, eta kopuru horri beste 550 dukat gehitu ahal izan zizkion, kostuak ordaintzeko. Azkenean, diru kontuen liburuan zehazten zenez, ia 6.200 dukat ordaindu behar izan zituen orotara Albizturrek udalerri bihurtzeko, Estibaliz Gonzalez Dios ikerlariak jaso duen dokumentazioak azaldu duenez. Gonzalez Dios ikerlaria lan bat egiten ari da Tolosatik banandu ziren herrien inguruan; Tolosako Udalaren ekimenez eta Eusko Ikaskuntzarekin egindako hitzarmen baten ondorioz suertatu zitzaion ikerketa egiteko aukera.
Beste hiribildu batzuek bezala, ordainketa egiteko, salgaien gainean zergak jartzeko ahalmena izan zuen Albizturrek ere —ogi egosia salbu—, eta, horrekin batera, baita herritarren artean kostua banatzekoa ere. Hasieran, zerga bidez bi herenak jasotzeko asmoa bazen ere, ikusita horrelakorik ez zuela lortuko, proportzioa alderantzizkoa izatea eskatu zuen udalerriak, hau da, herritarren artean banatzea ordainketaren bi herenak. 1617ko apirilaren 12an jaso zuen ahalmen hori. Beste udalerrietan egin moduan, ahalmenak zehazten zuen herritarrek ordaindu beharrekoa bere ondasunaren arabera izan behar zuela.
Udalerriak pagatu behar izan zuen kopurutik, ia 800 dukat lortu izan ahal ziren udal lursailak eta mendiak saltzetik. Gainontzekoa udalerriko etxeen jabeek eta haietan bizi zirenek ordaindu zuten, baita kanpoan bizi ziren jabeek ere, hau da, banaketa egiterakoan Hernando de Ribera komisio epaileak herritar bezala kontuan hartu zituenek. Etxeetan bizi zirenek ordaindu bazuten ere, “udalerriaren ohoreak gozatzen zituzten etxe eta baserrien jabeek” eman zuten zatirik handiena. Dirudienez, sei urteren buruan herritarren artean pagatu beharreko kopurua ordaindu zen.
Behin bananduta, Albizturrek bat egin zuen Saiaz Alkatetza Nagusiarekin 1651n. Alkatetza nagusi hori Bidania, Goiatz, Errezil, Beizama eta Aiak osatzen zuten. Hain justu, herri horiekin bazuen lotura Albizturrek: batetik, Iturriozko San Juan Bautista elizaren patronatua, eta, bestetik, abeltzaintza eta baso lurrak modu komunean ustiatzea. Bat egitearen hitzarmenak zehazten zuen puntuetako bat Gipuzkoako Batzar Nagusietara bidaltzen zen ordezkaritzari zegokion. Hala, Albiztur ere sartu zen Saiaz Alkatetza Nagusiak batzarretara bidaltzen zuen ordezkaritzaren txanden barruan, eta, beraz, horrek zekartzan kostuak ere ordaindu behar izaten zituen.
Gaur egun ere izen horrekin badago egitura bat; izan ere, Saiaz Mankomunitateak Albiztur, Bidania-Goiatz, Beizama eta Errezilgo udalerrien gizarte zerbitzuak kudeatzen ditu.
Historiaurreko aztarnak
Herriaren lehen aipamen idatzia 1384. urtekoa da. Dokumentu horretan, baldintza batzuen pean, Tolosara batzen dela aipatzen da. Halere, historian atzerago eginaz, Intxurreko gotorlekua aipagarria da. K.a. 800-1300 urte inguruko gizon-emakumeen aztarnak eta haien bizimoduari buruzko aztarnak bilatu dituzte bertan. Murumenditik eta Argisaingo Santa Marinatik zetorren Erdi Aroko ibilbidea harresi horren azpialdetik igarotzen zen. Bide horrek Aizkorri aldeko herriak kostaldearekin elkartzen zituen.
Mendikute da herriaren eremuan dagoen beste gotorlekua. Oro har, arrunta eta neurri txikikoa izateagatik nabarmentzen da, eta, garai bereko Gipuzkoako gotorlekuen antzera, haren erabilpena XIII. mendearen bigarren erdialdean kokatzen da.
Leave a Reply