Bere negozioa eta etxea kolokan dituen beste autonomo bat gehiago da Josean Sanchez. “Asko gara”, dio. Egoera horrek eraman zuen Kaleratzeak Stop plataformara. Laguntza bila joan zen, baina plataformako ekintzailea da egun.
Negozioa eta etxebizitza galtzear zaude, hipoteken ondorioz. Zein da zure egoera?
2004an, Errenterian etxe bat erosi nuen. Hondatuta zegoen, eta hura berritzeko kreditu linea bat eskatu nuen. Orduan Banco Guipuzcoano zen, orain Sabadell. 230.000 euro ziren, eta behar adina hartzen joaten nintzen, horren gaineko interesak ordainduz. Bestetik, 2006an, amak osasun eta mugikortasun arazoak zituela-eta, hari etxe bat erosi eta egokitzeko beste kreditu bat eskatu nuen, enpresaren izenean.
Eta eraikuntzan lan egiten duzunez, krisia iritsi zen…
Bai, eta sekulako kolpea izan zen. Lan karga %20ra jaitsi zen. Hilabetean astebetez lan egiten duzu, lehen lau geunden lekuan askotan bakarrik aritzen naiz, batzuetan beste batekin… Eta kredituei ezin aurre eginda gelditu nintzen. Guztira, 3.000 bat euro ordaintzen nituen hilean, baina ezin.
Bankuarekin negoziatu behar…
Beharko. Denbora irabazi behar duzu. Eta bankuak ematen dizu aterki bat, baina zulatutako aterki bat da. Esaterako, etxea egiteko eskatutako kreditua negoziatu nuen. Lege arraro bat atera, eta hipoteka kreditu arrunt bihurtu zidaten. Bidean, ordea, 30.000 euroko gastuak sartu zizkidaten. Eta halaxe jan behar izan nuen, gordin-gordin. Lehen 230.000 euro zirenak, bat-batean, 260.000 euro bihurtu ziren. Eta, gainera, hipotekak zoru klausula zuen.
Eta lortu zenuen eustea?
Bai, 2012-2013 bitartean, nola edo ahala, eutsi nion. Baina, gero ordaintzeari utzi nion, eta 2014 hasieran iritsi zitzaidan gutun famatua, bi hipotekak exekutatu egin zituztela esanez. Plataformako abokatuen bitartez kontra egin genion, abusuzko klausulak oinarri hartuta. Esate baterako, zoruarena. Izan ere, zoru klausularen gaiarekin epaitegiak arrazoia ematen ari zaizkio plataformari, eta gure helburua da atzera eraginez aplikatzea; alegia, zoruagatik ordaindutako guztia bankuak itzuli behar izatea.
Hori zailagoa izango da?
Tira. Sabadellen kontrako beste kasu bat daukagu, oso antzekoa. Bikote heldu bat da, gizonak elbarritasuna du… Kontua da 3.000 euro inguruko zor batengatik —eta hori bankuaren kalkulua da— hipoteka exekutatu eta etxea kendu nahi zietela. Auzitara jo genuen. Kontua da bikote hau diru bat jartzen joan zela, baina bankuak ez zuela kenketa egiten, kontu ilun batzuk tarteko. Legez kanpo, noski. Bueno, azkenean, emaitza da bikote honek jada ordaindua duela etxea, eta bankua dela dirua zor diena.
Eta bankuak arrazoi eman die?
Bai, Donostiako Merkataritza Epaitegiko 6.eko epailea da; nahiko txukun aritzen da gai hauetan. Eta Gipuzkoan, oro har, ez daukagu zorte ona epaileekin. Plataformak izan dituen arrakastak ordezko lanak egiten ari zen Arabako epaile bati esker izan dira. Baina, tamalez, epaile titularra itzuli da.
Zure kasuari eutsita, nolakoa da orain zure egoera?
2014ko urrian lehen epaiketa izan nuen, eta galdu egin nuen. Helegitea aurkeztua dugu. Urrian nuen bigarren epaiketa. Baina, aurretik, bi gutun jaso nituen, Luxenburgoko funts putre batetik, Sabadell bankuaren kredituak erosi zituztela-eta. Uste dugu Sabadellek hanka sartu duela nire kasuan. Izan ere, jada kasua auzibidean egonda, nik eskubidea daukat eskaintza berdintzeko. Gutun hau ikusita, epaileak bertan behera utzi zuen epaiketa.
Baina nola da posible zure kreditua saltzea, zuk ezer sinatu gabe? Zure zorra erosten dute, eta zuk ez dakizu ezer?
Bai, eskubidea dute. Espainiako hipoteka legeak ahalbidetzen du. Izan ere, lege hori lardaskeria hutsa da, adabakiz betea, betiere bankuen alde. Eta funts putreena gero eta gehiago ikusiko dugu. Abuztuan prentsan atera zen, Sabadellek 500 milioi euroren kredituak saldu zizkiola funts putre bati, lau edo bost milioi euroren truke. Kutxabankek ere 350 milioi euroren kredituak saldu zituen, lau milioi euroren truke.
Baditugu kasuak, non 30.000 euroko kreditu bat saldu dioten funts putre bati 400 euroren truke. Oso iluna da.
Diru horren truke, kredituaren titularrak ere erosiko luke, noski.
Bai, noski. Mundu justuago batean, kreditu hauek euren balioaren %4an saldu beharrean, bankua bezeroarekin jarriko litzateke harremanetan. Pentsa, nik %4 ez, %15 ere ordainduko nioke, dudarik gabe. Baina, aurrekaria ezarriko lukete, eta ni ziur naiz horrek izua ematen diela. Ez dute nahi.
Horrelako negoziazioetan plataformaren eraginkortasuna defenditzen duzue.
Bai, bai. Izan ere, beldurra aldez aldatzen ari da, eta azken urtean ikusten ari gara bankuek gero eta gehiago irekitzen digutela atea. Orain dela gutxi kasu bat izan dugu, Irungo autonomo batena. 600.000 euroko zorra zuen. Pabiloia, negozioa, bulegoa eta etxea, dena kendu nahi zioten, baina bankua negoziatzera eseri zen. Plataformaren aterkiak asko babesten du, eta bankuek nahiago dute negoziatzera eseri, guk ate aurrean kontzentrazioa egitea baino. Orain gutxi Rural Kutxarekin lortu genuen gure kide batek etxea ordainetan ematea. “Baina ez zaitezte hemendik azaldu”, esan ziguten.
Gipuzkoan ez ditugu ikusi beste toki batzuetan ikusitako etxe kaleratzeen irudiak. Zergatik?
Jendeak lotsa du bere egoera aitortzeko, pobrezia lotsakorra deitzen zaio; hemen asko gertatzen da. Orduan, jende bati etxea kendu diote, baina, laguntza eskatu ez duenez, isilpean egin dira kaleratzeak, inork ikusi gabe. Tamalgarria da. Izan ere, inori ez badiozu laguntza eskatzen, zanpatu egiten zaituzte. Guk arazoak ditugu horrekin. Eta kaltetuak etortzen zaizkigunean ia-ia exijitu egiten diegu aurpegia ematea. Guk ez dugu lotsatu behar. Aurre egin behar diegu, guk dugulako arrazoia, eta irabaztea posible delako. Guk, oraingoz, gure esku dagoen guztia egiten dugu gutxien-gutxienez denbora irabazteko, eta denbora horretan, familiei aire pixka bat emateaz gain, ea egoera aldatzen den.
Autonomo eta enpresa txikiekin zaudete kezkatuta. Zein da egoera?
Bai. Zuk negozio bat jartzen duzunean, dena jartzen duzu jokoan. Eta negozioak porrot egiten badu, dena galtzen duzu; negozioa bera, norberaren etxea, gurasoen etxea… Eta, gainera, zorrarekin gelditzen zara. Ahulenak gara. Kalean ateak ixten dituen negozio bat ikusten duzunean, zaude ziur atzean drama bat dagoela, izugarria. Itxitako negozio bakoitzaren atzean, drama bat dago, eta kalea itxitako negozioz beteta dago.
Leave a Reply