Hauteskunde urtea aprobetxatu dute Stop Kaleratzeak eta IRPH Stop plataformek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alderdi politikoei dekalogo bat aurkeztu eta bere egin dezaten. Bihar arteko epea dute, eta alderdiek euren burua “erretratatu” beharko dutela dio Gipuzkoako Stop Kaleratzeak plataformako Rosa Garciak.
Aste honetan Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak iragarri du familiei bankuekin duten zorra negoziatzeko aukera emango dien legea onartuko dutela. Baina, hauteskunde kutsuko iragarpen hori betetzen ez den bitartean, Garciak argi du hipotekarekin arazoak dituzten herritarren irtenbide onena eurekin harremanetan jartzea dela. “Eraginkorrena gugana etortzea da. Datuek baieztatzen dute hori. Gugana etorri den inori ez diote etxebizitza kendu, ez dira ausartu gure plataformara etorri den inor kaleratzera. Beldur dira, beraientzat mandeulia bezalakoak garelako. Bankuek defendatzen ez diren pertsonen kontra jotzen dute, plataformara etorri ez direnen kontra”.
“Hipoteka ordaindu ezinda, norbait bankuaren mehatxuarekin etortzen denean, berehala bankura deitu eta ate aurrean kontzentrazioa egingo diogula esaten diogu”, azaldu du Garciak. “Askotan hori nahikoa da bankuak negoziazioa abiatzeko. Izan ere, egoera horretan dagoen herritarra askotan lotsagatik ez da gugana etortzen; baina bankuei ere ez zaie gustatzen lotsagarri gelditzea”. Bestalde, bankuak norbait auzitara eramaten duenean, plataformak epaitegietan egiten du borroka. “Salaketa jartzen dugu bankuaren kontra, abusuzko praktikengatik. Auzitegietan 70 kasu geldituta dauzkagu, eta horrek denbora ematen dio ordaindu ezinda dagoen familiari. Beraz, etxea ordaintzeko arazoak dituen orori, lotsa utzi, eta gugana etortzeko deia egin nahi diot. Guk ez dugu lotsatu behar, ez gara gaizkileak, biktimak baizik”.
BANKUAK
“Bankuek gehiegikeriaz jokatu izan dute beti, baina badago Rajoyren gobernuak 2012ko martxoan kaleratutako errege dekretu bat, Guindos Errege Dekretua izenez ezagutzen dena, eta bankuen praktika egokien kodea jasotzen du. Borondatezkoa da. Hemengo bankuek sinatua dute, adibidez Kutxabankek, eta bertan jasotako hainbat puntu baliagarriak lirateke oso. Baina zer gertatzen da? Hemen ezin dela aplikatu”.
“Pobretutako familiei eta fede oneko zordunei bigarren aukera ematen die lege horrek, baldintzak malgutzen ditu, baina etxebizitzaren gehienezko prezio bat ezartzen du. Adibidez, 500.000 biztanle baino gutxiagoko hirietan, eta hor sartuko litzateke Donostia, etxebizitzaren prezioa gehienez 150.000 eurokoa izan beharko litzateke. Eta 100.000 biztanlera iristen ez diren herrietan, adibidez, Zarautz edo Hondarribia, gehienez 120.000 eurokoa izango litzateke prezioa. Noski, gure erkidegoan prezio horiek ez dituzte betetzen ezta babes ofizialeko etxebizitzek ere. Orduan, nahiz eta bankuek sinatu errege dekretu hori, ezin da aplikatu eta ez dute aplikatzen”.
“Gure eskaera da praktika egokien kode hori hemengo salneurrietara egokitzea eta aplikatzen hastea. Kutxabanki egiten diogu deia batez ere, EAEn hipoteka kredituen %60 inguru harenak direla kontuan hartuz. Eta Kutxabanken gobernuan EAJ, PP eta PSE daude; beraz, haiei doakie gure eskea, euren esku baitago Kutxabankek kode hau egokitzea”.
“Kode honek aukera ematen die familiei bost urtean interesak soilik ordaintzeko; ordaindu beharreko kopuruari ordaindutako kopurua kentzeko; eta, azkenik, horrela iristen ez direnen kasuan, etxea ordainetan eman eta alokairu sozial bat ordainduz bertan bizitzen gelditzeko.
ALOKAIRU SOZIALA
“Hemen alokairuak beti izan dira garestiak. Zergatik? Alokairuak jaitsiz gero jendeak hipotekatzeari utziko ziolako, eta bankuei ez zitzaien interesatzen. Gainera, Eusko Jaurlaritzak, bai EAJrekin eta bai Patxi Lopezekin, jabetzan hartutako etxebizitzen alde egin du beti. Ondorioz, bankuek kreditua moztu dutenean, babes ofizialeko etxebizitza pila bat hutsik gelditu dira. Bada, pasa ditzatela alokairuzko izatera. Noski, eraikuntza enpresek egindakoa kobratu nahi dutenez, ez dituzte alokairuan jarri nahi, baina beste biderik ez dago, ez dago dirurik horiek ordaintzeko. Bestalde, alokairu sozialean jarri beharko lirateke bahimendu eta kaleratzeen bidez bankuen eta haien etxe agentzien esku dauden etxebizitza huts guztiak”.
ETXEBIZITZA LEGEA
“Hainbeste eskumen dituen erkidegoa izanda, oraindik EAEn ez dugu Etxebizitza Legerik. Orain ari dira lantzen, eta martxoan bozkatu nahi dute legebiltzarrean. Hauteskunde garaian gaudenez, alderdiek euren burua erretratatu beharko dute, eta lehen erretratua Etxebizitza Legearen bozketan izango da. Egurra emango dugu horrekin, ez baitugu onartuko urardotutako legerik. Jakin dugu, prentsaren bidez, EAJk, PPk eta UPDk finantza entitateen esku dauden etxe hutsei isun eta erregulazio sistema bat jartzearen kontra bozkatu dutela batzordean. Eta hori guk ez dugu onartuko, guretzat marra gorri bat delako hori; etxe huts horiek etxebizitzen parke publikora pasatu behar dute, eta bestela bankuei isuna jarri behar zaie etxebizitza hutsak izateagatik”.
KUTXABANK
“Kutxabanken kudeaketa ona gakoa da guretzat. Beharrezkoa da kapital pribatua sartzea saihestea eta kontrol publiko eta soziala bermatzea. Kutxa, Vital eta BBK-k hipoteken %60 inguru eman dituzte gurean, lehenak izan dira hipotekak ematen, eta, aldi berean, lehenak izan dira etxeak enkantean atera eta jendea kaleratzen ere. Kutxabank da familiei bigarren aukera emateko garaian malgutasun gutxien erakusten duena”.
“Ustez oraindik publikoa denez, Kutxabankek eredu izan beharko luke hemen, baina ez da. Banku fundazio horiek adeitasunez jokatu beharko lukete herritarrekin, eta bigarren aukera eman jendeari. Ez baita ordaindu nahi ez duen jendea, ordaindu ezin duena baizik. Fede oneko zordunak dira. Eta, gainera, zertarako nahi ditu Kutxabankek etxebizitza huts horiek guztiak? Etxebizitza parke publikoaren esku utzi beharko lituzke, eta etxe kaleratze gehiago ez sustatu”.
“Etxea ordainetan eman eta alokairu soziala ezartzea proposatu diogunean, Kutxabankek erantzun digu bere deontologia kodeak ez diola halakorik egiten uzten; eta bati ematen badio, gero guztiei eman beharko diela. Eta zergatik ez, bada? Kutxabanken aurrean kontzentrazio mordoa egin dugu, uste dugulako banku horrek zerbitzu sozial bat eskaini behar duela”.
“Gainera, badaude etxea ordainetan eman eta alokairu soziala onartzen duten bankuak. Caixabankek, esaterako, egiten du, familiak ordaindu ezin duela frogatzen badu. Beraz, Caixabanek ahal badu, zergatik ez du egiten Kutxabankek?”.
ELKARRIZKETA. Josean Sanchez (Autonomoa): “Bankuak ematen dizu aterki bat, baina zulatutako aterkia da”
Leave a Reply