Komedia, drama, magia, dantza eta beste ikusi ahal izango da egunotan Eibarko antzerki jardunaldietan. 38. aldia dute aurten, ibilbide luzea, baina urteroko helburu bera: “Jaialdi bat gehiago ez izatea”. Martxoaren 25era arte, astegun eta asteburuetan izango dira emanaldiak.
Gaur, De mutuo desacuerdo antzezlana eskainiko du Madrilgo Pentacion konpainiak Coliseo antzokian, 20:30ean. Komedia bat dakarte Toni Acosta eta Iñaki Miramon aktoreek. XXI. mendean garatzen diren familia berrien argazki bat da. Desengainu baten ondoren, beren akatsak “modu itxurosoenean” zuzentzen saiatuko dira bi lagunok.
Bihar, ordu eta toki berean, beste saio bat ikusi ahalko da: El hombre almohada komedia beltza. Horretan, gizakien garapenean bortizkeriak duen eragina aztertzen du Galiziako Ilmaquinario Teatro konpainiak. Instant batean “barre algaratik beldurrera” eraman nahi dituzte ikusleak, “errusiar mendi emozional batean”. Egia eta gezurra, fikzioa eta errealitatea nahasten dira amesgaizto “barregarri” batean.
Bakarrizketentzat ere izango da tartea antzerki jardunaldietan. Igandean, Luis Piedrahitaren txanda izango da. Ibilbide luzea egina du komiko gisa, baina beste zenbait esparru ere jorratzen ditu: zinema zuzendari, liburu idazle, irratiko esatari eta telebistarako gidoigile gisa aritu da lanean. Oraingoan, eguneroko “gauza txikien” inguruko hausnarketa bat egingo du ¿Por qué los mayores construyen los columpios encima de un charco? ikuskizunean. Maleten gurpilak, mandarinen itsasgarriak eta eulien kariesak izango dira saioko protagonistak. 20:30ean hasiko da, Hezkuntza Esparruko antzokian.
De mutuo desacuerdo. Gaur, 20:30ean, Coliseo antzokian (Eibar). Jardunaldiek martxoaren 25era arte iraungo dute.
Leave a Reply