Uholdeek utzitako arrastoak nabari dira Martutenen. Kaleko hondarretan baino gehiago, bizilagunen aldartean sumatzen da denboralearen pasada. “Jada ez dakigu zer egin. Hau pasatu da, baina hurrengoa etorri arte”. Martuteneko ikastolan zain dago Asun Elosegi. Baldintzak lasaitzean auzora bueltatzeko konpromisoa hartu zuen Donostiako Udalak, eta hala egin zuen joan den astean, ostegunarekin. Batzar irekia antolatu du Martutene eta Txomin Eneko bizilagunekin, haien kezka eta proposamenak biltzeko. Juan Karlos Izagirre alkatea eta udaleko hainbat teknikari aritu dira auzokideen galderei erantzuten.
“Etsipena” eta “pazientzia” entzuten dira bizilagunen artean. Itxaropen pixka bat ere bai, baina tamainan. Xanti Agirretxek argi du urari tokia jan zaiola, eta horri irtenbidea ematea ez dela edonolako lana izango: “Proiektu bat martxan jartzera doaz. Soluzioaren zati bat izango da, bai, dudarik gabe, baina zalantza dut erabatekoa hori izango den. Hainbeste diru gastatu eta gero…”.
Obren hasiera iragarri duten moduan, epeak betetzeko ere eskatu diete udal ordezkariei. Atzeratzearen garrantziaz ohartarazi dio bizilagun batek Izagirreri: “Atzerapenak badaude, ziurtasunik ezaren epeak ere handiagotu egiten dira. Hemen gaudenon %90en etxeetan ematen du traktore bat sartu dela. Arazoa errepikatua da, eta etengabea da egiten ari garen ahalegina. Lanak hemezortzi hilabetean egin ahal badira, ez daitezela 30 izan”. Ez dute kalte-ordainik nahi, obren epeak murriztea baizik.
Udalari “ezer ez” egitea leporatu dio auzoan 30 urte daramatzan gizonezko batek: “Datuak esan eta esan bai, baina hitz egin bakarrik egiten duzue”. Izagirreren ustez, ordea, ez da “bidezkoa” halakorik esatea. Ikusgarria ez izanagatik ere, aurretik lanketa bat egon dela dio, eta horrek emaitzak eman dituela: “2011n hala esaten zen: ‘Ea hemen norbaitek zerbait egiten duen’. Orain, berriz, galdera da ea obrak noiz hasiko diren”.
Azken uholdeetan izandako arazoez ere aritu dira batzarrean. Herritar bat kexu da Txomin Enean “metro bat arteko ura” edukita inor ez zaielako azaldu. Lehentasuna errepideari eman diotela erantzun dio Izagirrek, eta hango lanak bukatutakoan iritsi direla gainerako lekuetara: “Udalak lehen momentutik ahalegin guztia egin du; baliabide zabalak jarri ditugu”. 350 lagun aritu dira lanean, kalean zein koordinazio zereginetan. Dena den, onartu du hobetu beharreko hainbat kontu badituztela —ikastolaren hustea, esaterako—.
Añarbe, kezka iturri
Añarbeko urtegitik iritsitako urak kezka ugari eragin ditu herritarren artean. Batzarrera bildutakoak bat datoz urtegia husteak kalte egin diela. “Propinaz ur gehiago etorri zaigu. Agonia moztu zitekeen ura mailaka askatu izan balitz. Dagoeneko urak hartuta daudenez, ‘aguanta daitezela’, ezta?”.
Izagirreren arabera, teknikariek egiten dituzte kalkuluak, aurreikuspenetan oinarrituta; haiek hartzen dituzte erabakiak. Nora Galparsoro Hiri Azpiegituretako eta Zerbitzuetako zinegotziak zehaztu duenez, gainera, metro koadroko 80 litro botatzea espero zen, eta 250 erori ziren azkenean. Funtzionamenduaren inguruko hainbat azalpen ere eman dizkie: “Momentu bat iristen da non urtegiak gainezka egin dezakeen. Maila batera heltzean, behartuta gaude uhateak irekitzera. Bestela, uholde bat izan beharrean tsunamia litzateke”.
Leave a Reply