Etorkizunari bidea irekitzen

Gazteek enplegu bat lortzeko aukerak gero eta txikiagoak dira. Emantzipazioa lortzeko zailtasunak, berriz, handiagoak dira, lanik gabe edo enplegua dutenen baldintza txarrak direla eta”. Jokin Melidaren hitzak dira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria zuzendariarenak. Gaztematikari bidea zabaltzen izenburupean, haur, nerabe eta gazteei buruzko jardunaldiak antolatu ditu aldundiak astelehen eta astearterako, Irungo Ficoba erakustazokan. Jardunaldi horietan Gaztematika sarearen ibilbidearen hausnarketa egingo dute parte hartzaileek, eta datozen urteei begira jarraitu beharreko ildoak zehaztuko dituzte.

Melidaren arabera, gazteak bigarren mailako biztanle kontsideratzen hasi da gizartea: “Une honetan badirudi gazteak ez direla herritarrak, euren eskubideak ezin direla bermatu. Autonomia gutxiago dute, eta egoera horri aurre egiteko neurri bereziak beharrezkoak dira”.

Izan ere, kezka sozioekonomikoak dira nagusi gazteen artean, eta, batez ere, enplegua. Itsaso Andueza EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko lehendakariak ere argi du: “Enpleguak ematen dizkigu gure bizitzarako behar ditugun baliabideak, gure bizitza proiektua garatzeko tresna da, azken batean. Lanik gabe ez daukazu gizarte segurantzarik, ez daukazu dirurik etxebizitza erosi edo alokatzeko”. Anduezak Gazteen beharrei buruz zer dakigu? mahai inguruan parte hartuko du, hilaren 17an, 10:45etik 11:30era.

Sinetsita dago administrazioak entzun entzuten dituela gazteen beharrak eta horiek erantzuteko ahalegina egiten duela, baina uste du ez duela asmatu: “Pentsatu nahi dut borondatea badagoela eta mugitzen saiatzen ari direla gure beharrak erantzuteko”. Asmatu ez dutela azaltzeko adibide zehatz bat jarri du: “Langabeziari erantzuteko hartu diren neurriak langabezia tasa murrizteko hartu dira. Ez da aztertu nolako lanpostuak sortzen diren, eta, ondorioz, bigarren arazo nagusia sortu da: prekaritatea”.

EGK-ko lehendakariaren ustetan, emantzipaziorako oztopo nagusi gisa ulertzen dute prekaritatea gazteek:”Emantzipazioa ez da bakarrik etxetik joatea, bada bizitza proiektu propioa egitea ere. Prekaritatea izan daiteke langabezia, epe luzeko langabezia, lanaldi murriztua, gainkualifikazioa…”.

Euskal gizartearen azken hamarkadako zahartzeaz ere mintzatu da Andueza. “Azkenaldian etengabe esaten ari gara gazteria urgentzia dela. Eta ez dugu esateagatik esaten”. Datu batekin berretsi du egoera hori Anduezak. Gipuzkoak azken hamabi urtean gazteriaren %32 galdu du. Anduezaren iritziz, hainbat faktorek eragin dute jaitsiera hori: ” Ez dago arrazoi bakarra. Haur gutxiago jaio direlako, gazte gehiago kanpora joan direlako, edo kanpotik gutxiago etorri direlako izan daiteke”.

Arrazoiak arrazoi, halako gizarte eredua jasangaitza dela argi du Anduezak, eta horri aurre egiteko neurriak hartu beharko direla: “Ez dakigu nori dagokion neurriak hartzea, baina argi dago hartu behar direla. Uste dut Gaztematikak eta datorren asteko jardunaldiak horretan ere lagunduko dutela”.

Balantze positiboa

Orain sei urte sortu zuten Gaztematika haur, nerabe eta gazteek herritar gisa dituzten eskubideak babesteko, haien beharrei erantzuteko eta haientzako aukerak sortzeko. Aldundiak eta udalek osatzen dute sistema hori, eta une honetan Gipuzkoako 88 udalerrietatik 71k parte hartzen dute sarean.

EH Bildu aldundira iristerako martxan zegoen Gaztematika sistema. Azken lau urteetan kudeatu du koalizioak, eta ibilbidearen balantze positiboa egin du Melidak: “Pozik gaude izan duen garapenarekin. Krisi testuinguru honetan Gaztematika sistema sustatzeko erabilitako diru zatia mantentzen eta handitzen ahalegindu gara”.

Komunikazioari ere garrantzi berezia eman diote; besteak beste, sare sozialak indartu dituzte, eta webgune berria ere sortu dute: Gaztematika.gipuzkoangazte.eus. Horrekin batera, Parte Hartze Sistema Zerbitzua abian jarri dute, baita lehenengo aldiz Europan Gipuzkoako gazteen mugikortasuna sustatzeko programa ere.

Haur, nerabe eta gazteek dituzten beharrei erantzuteko, udalerrietako gazteria arloei aholkularitza eta laguntza ematen die aldundiak. Halere, Melidak argi du gazteen beharrak asetzeko sektore ezberdinen arteko elkarlanaren aldeko apustua egin beharko litzatekeela, “etxebizitza eta enplegu gaietan nagusiki”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.