Goenagatu bitez Senperrak (eta baita alderantziz ere)

(Hasi baino lehen. Badakit BERRIAren ildo editorialean kronika sozialak ez duela tokirik. Hau ez da kronika soziala, ordea, analisi politikoa baizik).

Bake prozesua abiatu zenetik aurrerapauso nabarmenena da Barbara Goenaga eta Borja Senperrek eman berri dutena. Ikusi besterik ez dago iraganean eroso asko egon eta su-etena errespetatzen ez duten frankotiratzaileen eraso gupidagabea jasan behar izan dutela. “Gurea” den norbait “fatxa pepero” batek nolatan limurtu ote duen galdetu dute gatazkaren nostalgikoek Twitterren. Baina zorionez prozesua ezin geldituzkoa eta atzera bueltarik gabekoa da.

Autoestimua herren samar dute ireki berria den aroan abagune historikoa antzeman ez dutenek. Izan ere, ziurtzat dute Goenaga azkar Senperizatuko dela. Aurreikusi gabe, inola ere, Senper Goenagatu daitekeen aukera. Russian Reden kontzertuetan besarkatuta imajinatzen dituzte biak, Anariren bat ere eror daitekeen itxaropenik gabe. Senper poesiarekin ausartu den honetan, Goenagak Harri eta herri oparitu diezaiokeen susmorik ez dute (edota Piedra y pueblo, besterik ez bada). Aitaren etxea defendatu bai, baina gatazkaren nostalgikoek ez dute sinesten bizilagunek beraiekin afaltzera etorri nahi dutenik.

Pertsona bat ezagutzea merezi ote duen ala ez jakiteko, ez dut ezagutzen “Berekin zapatuko poteoa egingo al nuke?” zalantzari erantzutea baino neurgailu fidagarriagorik. Eusko Barometroak nire froga bere galdeketetan txertatuko balu, begi-bistakoa da Borja Senperrek emaitza duin samarrak lortuko lituzkeela. Ez luke Antonio Basagoitik bezala ia %100 bat lortuko, ezta gutxiagorik ere, baina Iñigo Urkullu eta Markel Olanoren %0 biribiletik ere urrun legoke.

Nire gusturako —azaleko analisi politikoa da—, pijoegia dirudi Senperrek. Kaña eta kroketa pasa gustura partekatuko nuke berekin, eta toki eleganteren batean besaulki batean botata trago garestia hartu ere bai, baina gehienetan ez lidake deitu ere egingo ziur asko, zuloren batera technoa entzutera joatearekin matraka emango niokeelako. Goenagatzeak badu, izan ere, erakargarritasun agerikoa, baina Agirreketa ordea ez dago horren modan tamalez. Senper bera izango litzateke behin pare bat poteo eginda popatik hartzera bidaliko nindukeena (nik ere autoestimua pattal samar, bistan da).

Azken horrekin lotuta, gogoan dut Barbara Goenaga Gabonetan Donostiako udaletxe pareko karruselean haurrarekin paseatzen ikusi nuela. Neska metro batera edukitze hutsak belaunak paperezkoak balira bezala dardarka ipini zizkidan. Eta hotz egin zuen Gabonetan, baina ni izerdi batean lehertu nintzen.

Senper ni baino plazagizonago aritu dela egia enpirikoa da. Eta izan inbidia sanoagatik, izan morboagatik, bere poema bilduma eskatu berri dut, eta irakurtzeko irrikan nago. Guztiz Senperizatzen banaiz ere hementxe kontatuko dizuet, lasai; ez dut uste Abc-k fitxatuko nauenik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.