Dekoratzaile ikasketak egin zituenean hasi zen irudiak modelatzen Maria Cruz Martin Real (Valladolid, Espainia, 1951). Gaur egun, neguan egiten dituen txotxongiloak azoka denboraldian saltzen ditu, eskulangile postuetan. Beti iruditu izan zaio zerbait magikoa panpinei bizitza emateko aukera izatea, eta hatzetan sartzekoak edo makilatxo batekin mugitzen diren txotxongiloak dira gehien gustatzen zaizkionak.
Zeure ikasketatik gustukoen zenuen arloa ofizio bihurtu zaizu.
Lanbidez dekoratzailea naiz, eta, horretarako ikasten ari nintzenean, irudiak modelatzen ere ikasi nuen. Gero, neure kasa aritzen nintzen modelatzen; sariren bat ere lortu nuen buztinezko irudiengatik. Beti gustatu izan zait, eta lan kontuak nola dauden ikusita, horrekin zerbait egitea pentsatu nuen. Duela 35 bat urte etorri nintzen Donostiara, eta ikastaroak ere eman izan ditut Goierrin eta.
Hala ere, panpinei bizitza ematea da gehien betetzen zaituena.
Modelatzen hasi nintzen ordurako hasi nintzen eskultura txikiak egiten eta. Txotxongiloak zerbait berezia izan dira niretzat. Lehenengoa erdi txantxetan egin nuen, baina inguruko haur batzuekin baliatu nuen. Gogoratzen naiz txotxongiloaren barrutik eskua atera eta eskua soilik mugitzen hasten nintzenean haserretu egiten zirela, haiek lehengoa nahi zuten: txotxongiloa bera mugitzea eta txotxongiloak hitz egitea. Hain polita iruditzen zait… Edozerekin egin daitezke txotxongiloak: galtzerdi batekin hasi eta konplikatuago batera arte. Ilobei eta lagunen umeei egiten hasi nintzen, eta horrela jarraitu dut.
Nolako txotxongiloak egiten dituzu?
Denetarik egin dut: tutuak modelatu eta gainean ilea jarri, aire zabalean lehortzen diren pastak modelatu, kartoizko antzerkitxoetarako pertsonaiak sortu… Baina arrakasta gehien izan duena kaxatxo baten barruko saguarena da; peluxezko bat egiteko material bila nenbilela felpa grisarekin topo egin nuen, eta sagu bat egitea bururatu zitzaidan. Gero kaxa batean sartu nuen, eta zulotxo bat egin nion hatza sartzeko adinakoa. Hala, hatza sartu eta bultzatakoan, ezustean irteten da sagutxoa. Sustoa ematen du; helduei grazia egiten die, haurrei beldur pixka bat ematen die… Denek orain sagutxoak eskatzen dizkidate, kar, kar.
Ba al duzu egin dituzun guztien artean gustukoren bat?
Jendeari sagu horiek gustatzen zaizkio, baina nik nahiago ditut hatzetan sartzekoak eta makilatxoarekin mugi daitezkeenak. Magikoa da; norberaren irudimenaren arabera ematen zaie bizitza. Mugitzen dituen horren irudimenak erabakitzen baitu txotxongiloei nolako bizitza eman.
Baina zer egiten duzu gero txotxongiloekin, antzerkiak eskaini, saldu?
Eskulangileen azoketan saltzen ditut, ezin diet salneurri handiegirik jarri eta ezin dut denda bat jartzeko lana hartu, beraz. Urte eta erdi inguru daramat eskulangile gisa postua jartzen, eta nahiko ongi doakit. Neguan, normalean, azoka denboraldirako prestaketa lanetan aritzen naiz, udaberri aldera hasten direlako azokak eta Eguberriak arte edo irauten dutelako. Ez dut antzerkirik-eta egiten; zenbaitek galdetu izan didate, eta pertsonalki batzuentzat egin dut, baina horretaz arduratzen diren profesional hobeak badaude. Hala ere, Tolosako Topic txotxongilo zentroak eman du aukera jendeari mundutxo hau gerturatzeko. Erakusketak egiten dituzte, antzerkiak ere bai, eta jendeari horrekin gozatzeko aukera eskaintzen diote.
Jendeak badu txotxongiloak erosteko ohitura?
Gehienetan, gurasoek edo aitona-amonek haurrentzat erosten dizkidate. Badaude lagun artean oparitzeko erosten dituztenak ere. Gizonezkoek, ez dakit zergatik, ez dute zenbat balio duten galdetu ere egiten; gustatzen zaizkie, eta erosi egiten dituzte. Gero, txotxongiloen inguruko jakintza dutenek baloratu egiten dute eskuz egindako lana: banan-banan modelatutako piezak direla ikustea, bakoitzak berdinik ez duela jakitea…
Uneotan, zer duzu esku artean?
Harizko txotxongilo batzuk egiten ari naiz, baina esku artean zerbait ezberdina izateagatik; horretan dabiltzanentzako dira zehazki. Harizko txotxongiloak ez dira gehiengoarentzat, baina sekula ez da jakiten jendeari zer gustatuko zaion. Gainera, egiten ongi pasatzeko gauzak bilatzen saiatzen naiz. Badakit honetatik ez naizela aberastuko, baina Gizarte Segurantza ordaindu eta tartean-tartean diru apur bat ateratzearekin nahikoa dut.
Leave a Reply