Bertsolarien harrobia

Gabiria eta Osinalde ondo barneratuta dauden bi izen dira bertsolarien eta bertsozaleen artean. Behin eskolarteko txapelketak bukatutakoan, bertsolari heldu bihurtzeko geltokia da, urtero, Gabiria. Txapelketa horretako txapela bertsolari gazteen ametsa izaten da. Aurtengoa abian da.

1971. urtean jokatu zen lehenengo sariketa, eta bertsolari gazteei aukerak emateko helburuarekin sortu zen. Historia handiko lehiaketa da, bertsolaritzaren garapenaren isla. Jokin Murua antolatzaileak gogoratu duenez, hasieran, Osinalde saria antolatzen hasi zirenean, “nahikoa lan” izaten zuten sei bertsolari aurkitzeko. Baina gero, bertsolari gehiago zeudela kontuan hartuta, 1998. urtean erabaki zuten Osinalde sariketari hiru kanporaketak gehitzea, bertsolari gehiagori aukera emateko.

Gaur egun, dena den, gero eta zailagoa egiten zaie hemezortzi bertsolari bakarrik aukeratzea. “Gero eta luzeagoa da deitu gabe uzten ditugun bertsolarien zerrenda, eta hori ez da erraza guretzat”. Beste kanporaketa bat sortzea ere aztertu izan dute, baina ez dute bideragarria ikusten. “Hurrengo urterako, bertsolariak gonbidatzeko baldintzak hobeto zehaztekotan geratu gara, aukeraketa errazagoa izan dadin”. Ahalik eta bertsolari gehienei aukera emateko, gehienez hiru urtez parte har dezakete bertsolariek. Gainera, Osinaldeko irabazleak ezin du berriz parte hartu.

Euskal Herri guztiko bertsolariei tokia egiten ahalegintzen dira antolatzaileak. Hala ere, “Gipuzkoako eta Goierriko sariketa da; beraz, Goierriko bertsolariei lehentasuna ematen” saiatzen dira. Goierriko bertsolaritza indartzeari garrantzia ematen diote antolatzaileek.

Bertsolarientzat, berriz, zentzu askotan da berezia Gabiriako sariketa. Bertso afariaren inguruan egiten da beti; eserita, mikrofonorik gabe. Eserita kantatzeak lasaitasuna ematen die bertsolariei. Entzuten ari den bertso zalea ere jantzia da bertsotan, eta edozein estualditan bertsolaria laguntzeko prest egoten da. Bertso afariko menua ere berezia izaten da, urtero bera: arkume odolaren pikatxa tortilla, arkume errea letxugarekin, gazta, sagar gozoa eta fruta.

Hiru kanporaketa

Aurten, hemezortzi bertsolari gaztek izango dute apirilaren 11n Osinalde elkarteko mahai nagusian esertzeko aukera. Horretarako, Zaldibia, Ordizia eta Aztiriako hiru kanporaketetan txartela eskuratu beharko dute —saio bakoitzeko bi txartel daude—. Zaldibiako kanporaketa jokatu da dagoeneko, eta Eneritz Artetxe eta Xabi Igoa bertsolariek lortu dute Gabirian kantatzeko sailkatzea.

Bigarren kanporaketa bihar jokatuko dute, Ordizian, Argi Berri elkartean. Horretan kantatuko dute Gemma Urteagak, Jokin Bergarak, Unai Mendizabalek, Maialen Akizuk, Oihana Iguaranek eta Ortzi Muruak. Hirugarren eta azken kanporaketa, berriz, hilaren 28an jokatuko dute, Gabirian, Aztiri elkartean.

Azken 43 urteetan bertsolaritzaren munduan ibilbidea egin duten bertsolariak aritu dira Osinalden. Lehenengo urteko irabazlea Patxi Iraola zaldibiarra izan zen; Osinalde sariketa irabazi zuen lehenengo emakumezko bertsolaria, berriz, Arantzazu Loidi izan zen, 1984. urtean. Jon Sarasuak 1982. urtean irabazi zuen, eta Xabier Euzkitzek 1983. urtean. 1991n, 1992an eta 1993an, Euskal Herriko azken bertsolari txapelketako finalean aritu ziren hiru bertsolari izan ziren irabazleak: Igor Elortza, Maialen Lujanbio eta Aitor Sarriegi. Iazko irabazlea Aitor Irastorza zaldibiarra izan zen.

1971. urtetik indartsu iraun du, gabiriarrek mimo handiz prestatzen dutelako. Herri oso bat biltzen da bertsoaren inguruan: batzuk gaiak jartzen ibiltzen dira; besteak, afaria prestatzen; beste batzuk, afaria zerbitzatzen; eta beste batzuk, kantatzen. Gabiria oso herri bertsozalea da, eta horren adibide onena da gaur egun ere gazteen artean dagoen bertsolari taldea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.