Sanferminekin antzekotasun bat ikusten dio Korrikari Xabier Artola Malangrek (Donostia, 1976), Korrikaren Gipuzkoako arduradunak. Gaixoa ni kantatu eta biharamunean, “egun bat gutxiago hurrengo sanferminetarako” idazten dute zenbait egunkarik, eta eurak ere, 18. Korrika amaitzearekin batera hasi ziren aurtengoa prestatzen. Iritsi da Korrika Gipuzkoan sartzeko eguna.
Korrikaren arduradunak korrika egiten al du?
Autoan joatea tokatuko zait Gipuzkoako lurretan. Baina Donostian, bertakoa izanda, izango dut aukera etxe azpitik korrika egiteko; alabak eta emaztea agurtu, eta autora berriro.
Lanerako prest?
Oso gustura egiten den lan bat da. Kilometro asko dira, motel zoaz, autoan… Eta pentsa dezakezu: “Hainbeste ordutan, aspertuko zara…”. Ba ez. Beti hiru-lau pertsona joaten gara; furgonetaren aurretik goaz, eta lehenengo ikusten duten Korrikaren erreferentzia gurea da. Herriko sarreran jendea zain duzula ikustea, saltoka, irribarretsu… Aurpegi horiek guztiak ikusteak ez du preziorik.
Duela urte askotatik igaro gabeko hainbat herritatik pasatuko da aurten Korrika; Albiztur eta Berrobitik, esaterako.
Ibilbidea da gure buruhausterik handienetarikoa. Kontuan hartu behar dugu 2.000-2.500 kilometro artean ibili behar dugula, eta ez da batere samurra. Bideak daudenak dira, eta horren barruan saiatzen gara ibilbidea antolatzen. Irizpide batzuk badaude. Adibidez, euskaltegia dugun herri guztietatik pasatu behar du. Hiriburuetatik, ahal dela, asteburuan pasatzen gara. Eta hortik aurrera, ahal duguna egiten dugu. Batzuetan, udalak edo elkarteren batek eskatzen digu herritik pasatzeko, eta, ahal dugun neurrian, betetzen saiatzen gara.
Nola egiten da 540 kilometro kudeatzeko?
Eskualdeetako arduradunek egundoko lana dute. Benetan Korrikak indarra hartzen du arduradunek eskualdeak martxan jartzen dituztenean, herrietako batzordeak sortzen direnean… Gauzarik pozgarriena da AEKz kanpoko jende pila bat biltzen zaigula batzordeetara. Herri osoak parte hartzen du Korrikan, eta harrotzen gaituen zerbait da.
Nola doa Korrika Kulturala?
Gustura gaude. AEK-k enpresa bat kontratatzen du hori kudeatzeko, eta haiekin hitz eginda, esaten zuten antzerkiekin-eta ez ditugula antzokiak bete. Baina errealitatea hori da. Ez Korrikan, ezta hortik kanpo ere, aretoak ez dira betetzen. Normalean antzerki bat ikusten duen jende kopuruaren bueltan ibili gara.
Euskara osasuntsu dago Gipuzkoan?
Datuei erreparatzen badiegu, jakintza aldetik datuak oso onak dira; kontua erabilera da. Hor dago gure erronka. Korrikaren leloa ere hortik dator: badugu ahalmena, euskaldunak gara, baina gero ahalmen horrekin zer gertatzen da? Ahalmen hori bideratzen ez badugu, alferrikakoa zaigu euskaldun izatea.
Euskaltegietan zer aldarte nabari duzue?
Aurten matrikulazioan ez dugu beherakadarik izan, eta hori bada zerbait. Azken urteetan aldatu egin da ikaslearen tipologia. Garai batean talde guztiak bi ordukoak izaten ziren egunero, eta, gaur egun, asko astean bitan edo hirutan datoz. Horrek ikaste prozesua derrigorrean moteltzen du. Horrez gain, HABEko hizkuntz eskakizunak atera zirenetik, jende asko horretara bakarrik dator. Lehen, ateratzeko aukera bakarra oposizio bidez zen. Aukera honekin, HABEren baldintzetako bat da aurretik euskaltegi batean izena emanda egotea, eta, azterketa egin ahal izateko, euskaltegiak gainditua eman behar dizu. Agian horrek lagundu digu matrikula kopuruari eusten, baina ez dago hainbeste euskara ikasi nahi eta euskaraz bizi nahi hori. Zorionez, oraindik horrelako ikasleak ere badira.
19. Korrika, 35 urte. Egiteari uztea seinale ona litzateke?
Korrikak bi helburu zituen hasieratik, eta biek indarrean jarraitzen dute. Batetik, helburu nagusia euskara sustatzea da. Korrika euskararen manifestaziorik handiena da, jende gehien biltzen duena. Eta, bestetik, helburu ekonomiko bat du: AEKri diruz laguntzea. AEK gabezia bat zegoelako sortu zen, baina hori konpontzen denean desegingo da. Ez dakit guk ikusiko dugun… Egunen batean gu lanik gabe geratzea da helburua. AEK izango da ziur aski munduko enpresa bakarra sortzen den momentuan bere helburuetako bat desagertzea dena.
Leave a Reply