Korrikak 300 kilometro eta 30 herri baino gehiago eramango ditu Gipuzkoara iristerako. Atzo abiatu zen, Urepeletik (Nafarroa Beherea), eta bihar iritsiko da lurraldera: Berastegitik sartuko da, goizaldean, eta Mutrikutik aterako da astelehen iluntzearekin. Hiru egun, 500 kilometrotik gora, eta lelo bat: Euskahaldun!
Leitza aldetik (Nafarroa) helduko da Korrika, eta sarrera berezia egingo du lurraldean. Hogei urte badira azkenekoz Berastegitik pasatu zela. Egun aproposa egokitu zaie, gainera: Gazte Festak dituzte herrian, eta horrek jende gehiago biltzea espero dute. Jaien egitarauan, gainera, tokia egin diote Korrikari: gosaria antolatu dute ondorenerako, pilotalekuan.
Eguerdira arte baino ez da egongo Korrika bihar Gipuzkoan. Nafarroara sartu-irtena egin ondoren, Iparraldean ibiliko da arratsaldetik igande goizera arte. Hondarribitik itzuliko da berriro igandean, Donostiarantz. Tartean, zati aldapatsuren bat ere izango dute korrikalariek. Baina babesik ez zaie faltako. Gaintxurizketako aldapari aurre egiten laguntzeko, adibidez, autobusa antolatu dute Lezotik. 07:25ean iritsiko da Korrika Gaintxurizketara, eta autobusa 06:45ean irtengo da Bekoerrota kiroldegiko geltokitik.
Omenaldiak herrietan
Urtero bezala, 19. Korrikak ere omendu bat du. Aurten, Durangoko Azokari egokitu zaio, baina, horrez gain, herriz herri badira omenaldi txikiagoak ere. Tolosaldean, adibidez, Inazio Agirre eta Aitziber Sarasola euskaltzaleak omenduko dituzte bihar —iaz hil ziren biak—. Agirreren familiak lore sorta eta lekukoa jasoko ditu Lizardi elkartearen parean; Sarasolarenak, berriz, Bentaundi auzoan.
Aipamen bereziez gain, urtero kilometroa erosten duten talde, enpresa eta elkarteak ere badaude. Donostian, adibidez, ETBko langileen izenean, Anjel Alkainek hartuko du aurten lekukoa, Muniesa plazan, eta hark Realekoei pasatuko die. BERRIAko langileek Andoaingo Martin Ugalde kultur parketik abiatuta egingo dute kilometroa, eta Gipuzkoatik Bizkaira Mutrikuko Hitza-ko langileek eramango dute.
Badira erronkak jarri dituzten herriak ere. Andoainen 400 zenbakiari lotuta dator Korrika. Aurten lau mende dira Tolosatik banandu eta hiribildu izaera hartu zuela, eta, hain justu, herrian egokitu da Korrikaren 400. kilometroa. Udalak erosi du, eta erronka bota die andoaindarrei: “Ea laurehun lagun batzen garen”. Korrika bihar iritsiko da herrira, 09:14an; 400. kilometroari dagokion zatia, Arantzibia tunelean hasi eta Martin Ugalde kultur parkean bukatuko da. Izena emateko deia egin du udalak andoaindarrak400.eus helbidean.
Orion beste desafio bat proposatu dute: Zabaldu Arnasa Korrika. 50 lagun batu nahi dituzte Agurainera (Araba) korrika egitera joateko. Oriotik igandean igaroko da, 14:40an; Aguraindik, berriz, hilaren 28an, 09:26an. Euskaraz bizi-bizi egitasmoaren barruan antolatu dute, Orioko Curriculuma elkartearen laguntzarekin. “Konbentzituta” daude, euskararen arnasgune diren aldetik, Euskal Herri osoko euskahaldunei ere arnasa pixka bat ematen ahalegindu behar dutela, eta ideia hori zabaldu nahi dute Korrikan. Karela kiroldegian eta kultur etxean eman daiteke autobuserako izena, hilaren 26a baino lehen.
Korrikaren adarrak
Urepeletik hasitako martxa ailegatu aurretik, Korrikak jada egin du bere bidea Gipuzkoan. Korrika Txikiak ehunka haur eta gazte bildu ditu egunotan lurralde osoko herrietan. Oraindik ere, irteteko zain daude zenbaitetan. Besteak beste, astelehenean Ordizian (10:00etan), Anoetan (15:30ean, ikastolatik) eta Mutrikun aterako dira (15:30ean, Beheko plazatik); asteazkenean Irunen (10:00etan, Txanaleta plazatik); eta datorren ostiralean Oiartzunen (eguerdian, herriko ikastetxeetako haurrekin).
Korrikaren beste adarretako batek ere Gipuzkoan jarraituko du oraindik, Korrika bukatu arte: hilaren 29an, Bilbon. Korrika Kulturalak antzerkia, zinema eta beste eskainiko ditu. Ostegunean, Five Days to Dance dokumentala jatorrizko bertsioan emango dute Beasainen, Goieniz zineklubaren eskutik, 19:00etan eta 21:30ean; Antzuolan, berriz, Zu gabe antzezlana ikusi ahalko da hilaren 28an, 19:00etan, Olaran kultur etxean.
Elkarrizketa. Xabier Artola Malangre (Korrikaren arduraduna Gipuzkoan): “Korrika da euskararen manifestazio handiena”
Leave a Reply