Zortzi mila pauso bizimodua iraultzeko

Aldaketaren adibide da Marzia. Herriko eskolan ikasi zuen, eta, Batxilergoaren ondoren, kanpora joan zen, unibertsitatera. Irakaskuntza egin zuen, eta, herrira bueltan, andereño aritu zen lanean. Eskolako zuzendaria da egun. 20-22 urterekin ezkondu zen, eta ama da. “Neska askok ikasi nahi izatea ekartzen ari dira halako kasuak, kanpora joan nahi izatea, familiek emakumeez duten pertzepzioa aldatzen hastea, eta hezkuntzaren balioaz zuten pentsamendua aldatzen hastea”. Jose Manuel Ruiz Felix Baltistan fundazioko lehendakariak dioenez, “iraultza txiki bat” hasi da.

Pakistanen menpeko Kaxmirren ari da fundazioa duela hamar urtetik baino gehiagotik, Baltistan eskualdean, Hushe bailaran. 14.000 lagun bizi dira han. Askotariko proiektuak jarri dituzte martxan; oraingoan, ehun neskato eskolatzen eta bi hezitzaile trebatzen lagundu nahi dute. Mondragon Unibertsitatearekin batera, Erronka proiektua abiatu dute horretarako: Instagram sare sozialean unibertsitatearen irudia duten argazkiak jartzea proposatu dute, #erronkaprest traola erabiliz. Helburua 8.035 argazki lortzea da, Pakistango Gasherbrum II mendiak metrotan duen altuera, zehazki. Handik jaisten ari zela hil zen Felix Iñurrategi mendizalea, 2000. urtean, eta hari keinu egingo diote horrela.

Urratsez urrats egingo dute igoera. Zortzi herri daude Hushe bailaran, eta bakoitzak kanpamentu bat irudikatzen du; hegoaldetik iparraldera. Fundazioa eskola bana laguntzen ari da Saling, Matxulu, Thalis, Baley Gone, Marzi Gone, Khane, Kande eta Hushe herrietan. 1.000 argazki biltzen dituztenean, beheko kanpamentura iritsiko dira, eta unibertsitateak lehen hamabi bekak emango ditu; horrela, mila argazkitik behin, ekarpena egingo du unibertsitateak. Gailurrera iristean emango ditu azken hamasei bekak, eta baita hezitzaileak trebatzeko bi bekak ere.

Neskatoen eskolatzea “arazo oso handia” zela atzeman zuten duela zortzi bat urte. “Oro har, Pakistanen legalki zehazten da emakumeen eta gizonen arteko eskubide berdintasuna, baina ohituren, tradizioaren eta erlijioaren ondorioz, semeak bakarrik joaten dira eskolara”. Ruizek dioenez, gainera, familiek ordaindu egin behar dute hezkuntzagatik, eta kostu handia dakar horrek, sei-zortzi seme-alaba dituzten familiak baitira.

Neskak eskolara ez joateak analfabetismo handia ekarri du: duela hamar urte, fundazio lanean hasi zenean, emakumeen artean analfabetismo indizea %80 ingurukoa zen. “Inork ez zuen ikasten”. 5 urterekin, neskatoak anai-arreba txikiak zaintzeaz arduratzen ziren: kalera joaten ziren haiekin, ibaira, baratzera… Etxeko animalia txikiak ere zaintzen zituzten. Urte batzuetara, amarekin lan egitera joaten hasten ziren: mendira, ereitera, negurako egurra biltzera… “Normalean, 13 urterekin edo, hilekoa izan eta gutxira, ezkondu egiten zituzten”.

Aldaketa nabaria da. “Iaz, esaterako, babesten ari garen zortzi eskoletan neska gehiago zeuden mutilak baino; erabat ezohikoa da hori”. Eskolatzea ez ezik, ikasten jarrai dezaten ere lortu nahi du fundazioak; lehen hezkuntzatik bigarrenera igarotzea, eta gutxienez unibertsitateko lehen mailako ikasketak egitea. “Familiak eurak balioen eskala aldatzen hasi dira emakumeen rolaren gainean, ez bakarrik etxean, baita kanpoan ere. Neska bat 20-22 urterekin itzultzen da etxera, ikasketak eginda, eta irakasle gisa lanean hasten da. Familiarentzat oso soldata garrantzitsua du, emakumea diru iturri izaten hasten da, eta etxean esaten diote ez arduratzeko etxeko beste ezerez”.

Eskoletan ez dute urik, ez argirik. Askotan ezta mahai eta aulkirik ere. Bi eskoletan komunak egin ditu fundazioak, eta gainerako seietan egiteko asmoa ere badu. Eskola kanpoan egingo dituzte. “Oso sartuta daukate emakumeekiko errespetua, eta, ikasleen artean, 10-12 urte dituztenean, arazoak hasten dira”. Ruizek dioenez, orain eginbeharrak landan egiten dituzte, eskolatik gertu, eta arazoa izaten da haur batzuk, mutilak gehienetan, neskei begiratzera joaten direla, edo ukitzen saiatzen direla. “Hori izaten da neskak eskolatik ateratzeko arrazoietako bat”. Hori saihesteko, komunak aparte egiten ari dira, bata bestetik 50 metrora, neskenak eta mutilenak bereizita.

Eskolak laguntzeaz gain, eredu pedagogikoa aldatzen ere ahalegintzen ari dira, Montessori metodoan oinarrituta. Emaitzak lortu eta gazteek ikasketak ez uztea lortu nahi dute. Metodo hori Maria Montessori italiarrak garatu zuen, XIX. mende bukaeran; haurraren garapena du ardatz.

Hizkuntzari dagokionez, baltiera da haiena. “80.000 baltiar inguru dira, 170 milioiko herrialde batean”. Inork ez daki baltieraz idazten. Gizonezkoek urdua ere ikasi dute, ingurukoekin komunikatu ahal izateko —batzuek idazten ere bai—. Emakumeek, ordea, ez dakite hitz egiten, ezta idazten ere. Ingelesa ere gizonen artean entzunagoa da. “Haran guztian ingelesez zerbait dakiten emakumeak bi eskuetako behatzekin zenba ditzakegu”. Gizonek, berriz, udan garraiolari edo gida gisa lan egiten dute Karakorumera doazen espedizioetan. Atzerritik datorren jendearekin izandako harremanagatik, badakite apur bat, elkarrizketa bat izateko moduan. “Gainera, ikusi dute gehiago jakinda aukera gehiago dituztela lan egiteko”.

Inguru bakartua

Etxeak “oso oinarrizkoak” dira. Bi solairukoak normalean, egurrez eta lasto buztinez eginak. Beheko zatian animaliak izaten dituzte, neguan bereziki. Goian, berriz, familia bizi da. “Familia kontzeptua ez da hemengoaren berdina. Han familia-klan kontzeptua dute. 30-40 lagun bizi daitezke etxe batean”.

Kaleko azpiegiturei dagokienez, ez dute errepiderik; “zibilizazioa ez da iritsi”. Haran estua da Hushe, eta pareta bertikalak ditu; 5.000-6.000 metroko mendiak inguruan. Mendiko bide bat badute, baina uneoro konpontzen aritu behar dute, luiziak eta abar daudelako. “Zailtasun handia da, inguru bakartua delako”. Haran guztirako zentral elektriko txiki moduko bat dute, baina urte erdia baino gehiago argirik gabe egoten dira: “Lur-jausi bat badago, turbina apurtzen da, eta gobernuak hilabeteak ematen ditu konpondu arte, konpontzen badu. Gobernuak ez du han inbertitzeko inolako asmorik. Oso biztanle gutxi dira inguru oso malkartsuan”.

Osasun arloan, hobera egin dute uraren kalitateari dagokionez. Orain, bailarako herri guztiek dute ur edangarria; duela hamar urte herrien erdiek ere ez zuten. Gaixotasun ugariren iturri zen, heriotzenak ere bai. Higienearen gainean ere lana egiten ari dira, gaixotasunak kutsatzea saihesteko: eskuak eta hortzak garbitzeaz kontzientziatzen dabiltza, esaterako.

Erditzeekin dituzte arazo nagusienak. “Hilkortasun tasa handia da erditzeetan”. Batetik, ospitaletik urrun daudelako, eta, bestetik, erditu aurretik arazo txikiena dagoenean ez dutelako baliabiderik egon daitezkeen arazoak atzemateko. Gertuen dagoen erietxea bost ordura dago autoz. “Konturatzerako, auto bat hartu eta asko bidean hiltzen dira”. Halakorik gerta ez dadin, osasun arloko bi gizarte langile hezten hasi dira, haurdunaldian egon daitezkeen arazoak garaiz detektatzeko forma daitezen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.