Bi aldiz jaiegun

Fresko baina ateri dago Donostia igande goizez. Zortzi gradu markatzen ditu Askatasunaren Etorbideko termometroak 11:15 aldera. Berotzeko salto txikiak ematen dabil talde bat Korrikaren zain. 685. kilometroaren kartel alboan, lasterka hasteko gogoz da Andoni Merchan gazte donostiarra. Kirol arropa jantzita, dagoeneko eginak ditu hainbat kilometro; baloiaren atzetik, ordea: “Futbol partida izan dut, eta handik jarraian nator korrika pixka bat egitera”. Grosen batuko zaizkio lagunak, eta “ahal bezain beste” egingo dute korrika.

Ia hiru ordu eginak ditu dagoeneko Korrikak Donostian. Bidebietatik sartu da 08:30 aldera, eta Altza, Intxaurrondo, Egia, Loiola eta Martutene igaro ondoren, Amaratik iritsi da erdigunera. Eneko Goia EAJren Donostiako alkategaiak hartu du lekukoa Askatasunaren Etorbidean, eta badoa bidea Gros aldera. Etengabeko jende jarioa dabil auzoko kaleetan; Kursaaleko zubiaren beste aldean ere jendetza ikusten da, Parte Zaharrerantz joateko. Ikurrinak, Nafarroako banderak eta Euskaraz bizi nahi dut leloak ere ikusten dira.

Bretxan prest da jende multzo bat. Aterkia lekuko bezala hartuta, Tipi-tapa, tipi-tapa kantatzen dio haur batek aitari; presoak etxeratzearen aldeko kartelekin zain daude besteak. Eta atzerritik etorritako neska-mutilak, mapa eskuan, zer gertatzen ote den galdezka. Inguruan da Ana Ibarrondo donostiarra. Urte mordoa darama Korrikan ateratzen; aurten, gainera, lehen kilometroan egoteko aukera ere izan du. Urepelen (Nafarroa Beherea) izan zen, Korrikaren hasieran. “Beti da pozgarria hemen horrenbeste jende ikustea. Baina Urepelekoa berezia izan zen. Euskal Herri osoko jendea bilduta, musika, jaia… Oso gustura bueltatu ginen”. Bien bitartean, irten da Korrika Parte Zaharretik Bulebar aldera, eta Bretxan bildutakoak batu dira ibilbidera.

Bulebarraren amaieran, udal ordezkariek hartu dute lekukoa, Juan Karlos Izagirre alkatea buru. 696. kilometroa da. Batzuk oraintxe hasi dira korrika; besteek, berriz, oraintxe amaitu dute. Bidetik atera berri dira Amaia Jauregi eta Aintzane Otegi. Tolosatik etorri dira trenez korrika egin, eta giroa aprobetxatuz, eguna pasatzera. “Astean zehar lanarekin-eta ez da hain erraza, baina asteburua izanda askoz hobeto datorkigu parte hartzeko”, dio Otegik. Lehen korrikaldia du aurten; Jauregik, ordea, saio hirukoitza egingo du. Larunbat goizean herrian atera zen, eta Bilbon bizi denez, bukatu aurretik berriro egingo du bat Korrikarekin. “Euskaldunak garenok eta bizitza euskaraz egin nahi dugunok hau babestu behar dugu. Seinale onena litzateke halako ekintzen beharrik ez izatea, baina asko estimatzen da jendearen inplikazioa”.

Atzerapenarekin doa Korrika. 12:01 markatzen du kartelak Kontxa hondartzako pasealekutik Ondarretara bidean, 702. kilometroan; baina 12:15 dira, eta korrikalariak ez dira oraindik pasatu. Urrunetik, furgonetako animatzailearen oihuak entzuten dira. Kolore urdinez dator ibilbidearen hasiera. Realeko Olatz Etxebeste belar hockeyko jokalariak eta Beñat Almandoz haur kategoriako jokalariak dakarte lekukoa. Kilometro aldaketarekin, ETB1eko Zuek hor programakoei pasatu diete txanda, Antiguara bidean. Auzoa igaro ondoren, Añorga aldetik utzi du Donostia Korrikak. Gero eta gertuago dago Bilbo.

Leave a Reply

Your email address will not be published.