“Emakume guztiek galdu zuten gerran”

Orain arte ez da askorik hitz egin emakumezkoek 36ko gerran eta gerra ostean bizi izan zutenaz. Lourdes Herrastik (Aretxabaleta, 1958) gaiari heldu eta idatzita dagoenetik osatu du Villabona- Amasako hitzaldiko materiala. Pura Sanchezek ateratako ondorioak garbi laburbiltzen du, Herrastiren ustez, 36ko gerrak emakumezkoengan izan zuen eragina: “Emakume guztiek galdu zuten”.

II. Errepublika garaian zeintzuk izan ziren emakumezkoen onurarako aldaketa nagusiak?

Hezkuntza erreforma bat egon zen; hezkuntza pertsona guztiengana iristen zela ziurtatu nahi zen. Eskola mordo bat zabaldu ziren, eta maisu-maistren lanpostu asko sortu ziren. Ikusten zen bai gizonezkoentzat, bai emakumezkoentzat derrigorrezkoa zela oinarrizko hezkuntza bat jasotzea. Baina 36ko gerran, atzera egin zen arlo horretan. Azken finean, bazterketa bat egon zen. Nahiz eta emakumeak eskolara joan, ez zuten gizonezkoen hezkuntza berbera jaso.

Gainera, 36ko gerran, II. Errepublika garaian maistrak izandakoak erreprimitu zituzten. Lanpostuetatik kaleratu zituzten, haien ustetan behar ez zituzten gauzak erakusten zituztelako edo modu desberdinean erakusten zutelako.

36ko gerran zein lan egiten zuten emakumezkoek?

Emakumezko askok lanak hartu zituzten, gizonezkoak ordezkatzeko. Gizonezkoak mobilizatuak baldin bazeuden, emakumezkoek hartu behar zuten ardura. Bai uzta jasotzen, bai haziak botatzen, baita lantokietan ere. Gerraostean, hori dena berriz eraldatu zen, eta emakumea berriz kanporatu zuten lan mundutik. Eta, berriro, etxeko zuloan gelditu zen. Etxeko ardurak izanik, familia zaintzeko ardura izan behar zuen emakumeak. Eta ardura ez zen aldatu, urte asko pasatu arte. Oraindik arrasto asko geratzen dira; moldatu beharko liratekeenak.

Emakumezkoentzat atzerapauso handia eragin zuen, beraz, gerrak.

Bai, atzerapausoak izan ziren, eta 1960ko hamarkadaren bukaerara arte ez ziren berriro gauzak aurreratu. Pura Sanchezek dio gizonezkoetan galtzaileei eta irabazleei buruz hitz egiten dela. Baina emakumezkoek, guztiek galdu zutela. Batekoek zein bestekoek. Denek berriro etxe zulora itzuli behar izan zutelako. Nik uste dut esaldi polita dela gertatu zena laburbiltzeko. Emakumezkoek, edozein ideologia izanik ere, denek galdu zuten.

Emakumeek gerran zuzenean parte hartu zuten?

Hasiera batean bai. Milizianoak izan ziren, eta 36ko gerran parte hartu zuten. Baina gero erabaki zen ez zela oso komenigarria eta atzeko guardiara, bigarren ilarara pasatu ziren, batez ere zainketa lanak egitera edo hornikuntza lanetara.

Zergatik ez zen komenigarria?

Emakumezkoek esaten zuten gizonezkoak nahastu egiten zituztela. Gizonezkoak ez zirela sutsuki defendatzen aritzen, bestelako denbora galtzeak zituztelako. Hori argudiatu zen bere garaian, eta egia da fronteetatik emakumeak kendu egin zirela.

Dena den, hori ez zen 36ko gerran bakarrik pasatu. Bigarren Mundu Gerran ere ez ziren emakumezkoak borrokatu, eta hori geroago gertatu zen. Vietnamgo edo Koreako gerretan ere ez. Gerora ezagutu ditugun gerretan ere ez dute emakumezkoek parte hartu. Azkeneko urteetan ikusten dira emakumezko soldaduak, baina salbuespena dira, banaka batzuk dira.

Bigarren ilaran zer egiten zuten?

Erizaintza, familia zaintza, hornikuntzaz arduratu, lantegiez arduratu… Bestelako laguntza bereziak.

Fusilatuetakoen artean emakumezkorik aurkitu duzue?

Bai, hobietan aurkitu ditugunen %5 emakumeen gorpuzkiak dira. Egia da ez direla asko, baina izan ziren fusilatu batzuk. Emakumezkoak soilik dauden hobiak aurkitu ditugu. Burgosen, Torca de los Morterosen, adibidez.

Emakumeei beste zigor mota batzuk ezartzen zitzaizkien.

Fusilatzea azkenekoa zen. Gehienetan, irainak jasotzen zituzten kalean, ilea moztea, agerian uztea, laidoak jasotzea… Errizino olioa ematen zieten, adibidez. Horrekin kakalarritan jartzen zara. Pentsa, kaka dariola bizilagunek ikusten zaituzten; ilea moztuta eta kaka arropatan duzula… Hori ahaztezinezko iraina da. Familia osoarentzat. Ohorea galarazten zuen.

Bortxaketak ere izango ziren. Horren daturik ez dago, baina gaur egun izaten badira, lehenago zergatik ez ziren izango. Baina zaila da hori jakitea.

36ko gerraren inguruan bizi izandakoaz isiltasun handia egon da oro har. Emakumezkoetan handiagoa izan al da?

Emakumeetan are nabarmenagoa izan da isiltasuna. Ezin zuten ezer kontatu, ez beren buruari buruz, ez galdutako senideez. Batez ere, ardura nagusia familia babestea izaten zuten, seme-alabak babestea, beraiek salbu uzteko. Isiltasuna derrigorrezko kodea zen. Hori guztia pairatu behar izan zuten, eta isilik. Sufrimendu horrek isila izan behar zuen.

Lankide batek kontatu berri dit, Kantabriako herri batean, bisita turistiko bat egiten ari zela, emakumezko bat ikusi zuela gurpil aulkian. Senarra gerran hil zioten, eta berak badaki nork salatu zuen. Bere bizilaguna da, eta egunero ikusten du bizilagun hori. Gauzak erraz kontatzen dira, baina egunero bizi behar da horrekin. Istorio horiek anekdota bihurtzen dira, baina izugarriak dira.

Umeak kentzeko mehatxua ere gainean izaten zuten.

Bai, eta askotan pentsatzen zuten seme-alabei gertatutakoa kontatuz gero gorrotoa sor zitekeela eta haiek ere istiluetan sar zitezkeela. Horiek saihestu nahi zituzten. Hala moduz, bizirik atera ziren, eta bizirik iraun zuten.

Emakume horiek, horrelako umiliazioak jasota, nola aurre egin zioten bizitzari?

Denetik egin zuten, dena irentsi, ezer gertatuko ez balitz bezala bizi. Baina, noski, nik pentsatzen dut norberak bere bakardadean gogoan izango zituela gauza horiek guztiak. Kanpo aldera sekula ez zuten agertzen. Hipokrisia dei diezaiokegu, baina bizirik iraun behar zuten, eta familia mantendu behar zuten. Ez zuten nahi beraiek bizi izandakoa seme-alabek ezagutzea, eta guztia irentsi zuten.

Semea edo aita edo senarra gerran, haien albisterik gabe, hilda agian… Horrekin bizitzea ere gogorra izango zen.

Oso gogorra. Kasu askotan, senarra fusilatu ondoren, familia horrek zeuzkan ondasunak baloratu (lursailak, etxea, abereak…) eta balio bereko isuna jartzen zieten. Emakume horrek ezin zuen ordaindu, eta ondasun guztiak konfiskatu egiten zizkioten. Senarra hil eta jabego guztia bahitzen zieten. Legezko itxura emanez, baina benetan sekulako zigorra jarriz. Asko eta asko kale gorrian gelditu ziren edo erbestera jo zuten edo beste leku batera mugitu. Istorio gogorrak daude.

Leave a Reply

Your email address will not be published.