Bertako produktuen aldeko apustua indartu du Eroskik, eta, horregatik, Eusko Label bildotsak saltzeko akordioa erdietsi du Harakai-Urkaiko kooperatibarekin. Orain arte, bertako ganaduzaleek hazitako euskal esne bildotsak saldu izan ditu; baina, hitzarmen berriaren ondorioz, %70 inguru handituko du salgai jarritako bildots kopurua. Kooperatibak Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian ekoiztutako labeldun bildotsaren %60 baino gehiago kontrolatzen du, eta, beraz, ia 100 ganaduzale baino gehiagori ekarriko die onura tratuak.
Eroskik tokian tokiko produktuen alde egindako apustuaren beste adibide bat da. Izan ere, Made in Basque Country eskaintzaren barnean, guztira EAEko 469 hornitzaileren produktuak saltzen ditu egun. “Ahaleginak eta bi ari gara egiten tokiko produktuen alde. Ikusita zeinen harrera ona izan duen Eusko Label haragiak gure dendetan, aurten gure artzainen Eusko Label bildotsari heldu nahi diogu. Zurekin merkataritza eredu berriarekin, espero dugu bezeroek aitortzea gu garela tokiko elikagaiak eskuratzeko lekurik aproposena, denda zeharo lotuta baitago inguruneko nekazaritzako elikagaien ekoizpenarekin”, esan du Asun Bastidak, Eroskiren tokiko produktuetarako zuzendari komertzialak. Txahalarekin lortutako arrakastaren bidea jarraitu nahi dute bildotsarekin, elkarlanaren bidez salmenta %46 handitu zuten eta.
Abeltzainak pozik daude. Hala dio Jose Pablo Larreak, Harakai-Urkaiko kooperatibako kalitate arduradunak: “Gure bildots gehienak Eroskik merkaturatuko ditu. Garrantzitsua da akordio hau gure artzainentzat, eta, oro har, lehen sektorearentzat, bultzada handia izango baita; gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko paisaiaren kalitateari eusteko balioko du”.
Berezia da euskal esne bildotsa: ardi latxa ardietatik dator, amaren esnea edanez elikatzen da, eta 25 eta 35 egunen bitartean prestatzen da biltegira eramateko. Bertan, sailkatu, eta baldintza onenetan daudenak aukeratu egiten dira. Gutxieneko pisu bat ere badute, maila goreneko animaliak direla ziurtatuta gera dadin: bost kilo izan behar dituzte gutxienez eta zortzi gehienez.
Primerako haragia eskura
Erosleek primerako haragia eskuratuko dute: “Esne bildotsa zaporetsua eta xamurra da; eta ziurtagiriak berme bat ematen dio: jakitea kontsumitzen ari zaren produktua zer den zehatz-mehatz”, esan du ezbairik gabe Larreak. Gainera, haren aburuz, Euskal Herrian arkumea jateko ohitura handia dago, bai eta hamaika eratan prestatzekoa ere. “Hemen arkumea labean errea jaten da gehien; baina, badago aukera txilindroia egiteko, saiheskiak jateko…”.
Eroskin, halaber, formatu askotan eskuratu daiteke: harategian bertan, freskoa; hutsean ontziratua; edota arkume aurrez errea. Ekoizleek diotenez, akordioak ate asko irekiko dizkie: “Pausorik handiena izan da salmenta libretik konpromiso bat hartzea, bai Eroskiren aldetik, bai gure aldetik ere”.
Era berean, lanerako baldintza egokiak emango dizkie: “Egonkortasuna ematen du aurretik jakiteak gure produktuak non kokatuko diren. Horrek aukera ematen digu bazkide kopurua gehitzeko eta arkume produkzioa indartzeko”. Eta ez da hori bakarrik lortuko dutena: “Gainera, horrela, merkatua zabaldu dezakegu”. Bide honetatik, Eroskik tokiko ekoizpen ehunaren aniztasuna sustatzen du, elikagai sektorea iraunkorragoa izan dadin.
ESKAINTZAREN DATUAK
Ekoizlea. Harakai-Urkaiko Kooperatiba.
Wegunea. www.urkaiko.com.
Eskaintza. Apirilaren 1era arte.
Produktuak erosteko. www.euskalherrikoplaza.com.
Leave a Reply