Jai egunen aitzakian, Urepelera joan ginen asteburuan, Korrikaren abiapuntua Nafarroa Beherean kokatu baitu AEK-k, errepide guztiak bukatzen diren herri txiki horretan. Euskal Herri osotik joandako jendea bildu zen Korrikaren lehen metroak bertatik bertara bizitzera.
Hirugarren aldia da lau urteko semeak euskararen aldeko lasterketan parte hartzen duela, baina memoria motza dute umeek, eta hainbat azalpen eskatu dizkigu: “Zer da Korrika?”, “Zertarako da Korrika?”. Eta korrika egin ondoren… “Hau da dena? Bukatu da Korrika?”. Nola azaldu semeari Korrikak, Urepelen hasi ondoren, hamar egunetan jarraitzen duela, Euskal Herri osoa igarotzen duela, iparretik hegora, gelditu gabe?
Larunbatean, Behe Nafarroa utzi eta Lapurdira, Sarara, berriro ere Korrikara. Iluntzean, jai giro paregabean, plaza bete egin zen. Denak Korrikaren zain. Bi egun lehenago utzi genuenetik, Korrika ez zela gelditu azaldu genion semeari. “Eta noiz egin dute lo?”. Euskararen aldeko lasterketak, euskararen aldeko lanak bezala, ezin du lo hartu. Esna, bizirik eta pausoz pauso jarraitu behar du. Semeak, ahoa zabalik: “Jo, ze nekea!”.
Kalean jendea euskaraz entzuteak ez du harritu semea (zenbaitetan, gu harritu gara gehiago). Bai, ordea, frantsesez ari zirela aditzeak. “Baina, ama, hau ez al da Euskal Herria?”. Nola azaldu… “Bai, hau ere Euskal Herria da. Hemen, euskaraz gain, frantsesez egiten dute, guk, euskaraz gain, gazteleraz egiten dugun bezala. Baina, dena da Euskal Herria, euskaraz hitz egiten dugulako denean”. Hamar egunetan Korrikak batuko gaitu; gainerako egunetan, euskarak batuko ahal gaitu. “Urepeletik Bilbora…”
Leave a Reply