HERRI KIROLETARAKO GUNE AITZINDARIA BEASAINEN

Lurralde mailako herri kiroletarako teknifikazio zentroa eraiki dute Beasaingo Antzizar kiroldegian. Horretarako, kiroldegia berriztatu egin dute. Jadanik erabilerarik ez zuen igerileku zaharraren ontzia eraitsi, eta herri kiroletan jarduteko egoitza iraunkorra sortu dute. 25 x 12 metro inguruko jokalekua edo probalekua eraiki dute, 300 metro koadrokoa beraz, eta zorutik sabaira 7,2 metroko altuera du.

Beasaingo Udalak gauzatu du proiektua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzarekin. Irailetik aurrera, 2015-2016ko ikasturtearen hasieran hasiko da proiektua garatzen, Gipuzkoako Herri Kirolen Federazioarekin batera. Goierriko herri guztietan eskola kirolean dabiltzan umeekin eta gazteekin programa bat jarriko dute martxan. Martxotik irailera bitartean, eskola kirolean dabiltzanei prestakuntza eskainiko zaie. Herri kiroletan aritu ahal izateko materiala egongo da, pista zabal baten inguruan kokatuta dauden gela batzuetan. Bakoitzak behar duen materiala hartuko du, eta pista horretan arituko dira.

Herri kiroletarako teknifikazio zentroa prestakuntzari eta hezkuntzari lotutako gune bat da, Koldo Agirre Beasaingo alkateak nabarmendu duenez. “Umeak txikitatik gureak diren betiko kirolak ezagutzen, probatzen, zer diren ikusten has daitezen lortu nahi dugu. Horretarako hasiera bat izango da gune hau, bertatik mugimendu bat bultzatu ahal izateko”.

Herri kirolak teknifikatzea da proiektu honen beste helburu bat. Batetik, haurrak eta gazteak herri kiroletan murgiltzea, eta, bestetik, entrenatzeko eta beren teknika hobetzeko aukera izatea profesional mailan dabiltzan herri kirolariek. Kirol modalitate hauek egin ahal izango dira: aizkora, lokots biltzea, trontza, sega teknika, lasto altxatzea, lasto botatzea, zaku eramatea, sokatira, giza probak, ingude altxatzea, txinga eramatea eta harri-jasotzea.

Gune irekia

Gune guztiz irekia izango da, nahi duten profesional guztientzat. “Hori da gure helburua ere, gazteak gune horretara biltzen direnean profesionalak bertatik bertara edukitzea, zertan eta nola aritzen diren ikustea, ezagutzea. Gazte horientzat erreferentzia bat izan daitezela. Profesionalen eta gazteen artean harremana sortzea da helburua, horrek gazteak motiba ditzakeelako”.

Halaber, profesionalak izan gabe herri kiroletan trebatu nahi dutenak aritzeko ere gune egokia da. “Horientzat ere irekita egongo da. Azken finean, herri kirol mundua eta sortzen duen giroa sustatu nahi dira, eta ez profesionalen artean bakarrik, gizarte osoan baizik. Lagun giroko apustuetarako prestatu nahi duenak ere, adibidez, erabili ahal izango du”.

Areto berri honek erabilpen askotarikoa izango du. Beasaingo elkarteen kirol jarduerak, ikastetxeen soinketa klaseak, eskola kiroleko jarduerak eta kiroldegiko erabiltzaile ororen behin-behineko jarduerak hartzeko ere esparru bat sortu da.

Zentroa kokatzeko, Antzizar kiroldegia aukeratu dute, hainbat arrazoi direla eta: “Beasainen eta Goierrin beti egon izan da herri kiroletarako zaletasuna, eta udalak zaletasun hori bultzatu izan du. Horri lotuta, aukera suertatu da, herriko Antzizar kiroldegian 2009an itxi zen guneari erabilera emateko”.

Beasaingoa da Gipuzkoan zabaldu den herri kiroletarako lehen teknifikazio zentroa. Aitzindaria da, beraz. Beasaingo herritarrek ez ezik, goierritarrek erabili ahalko dute.

Antzizar kiroldegia Beasaingo Antzizar auzoan dago, Igartza Oleta kaleko 3. zenbakian. Informazio gehiago Antzizar.eus helbidean lor daiteke, eta baita kiroldegiko telefono zenbakira deituz gero ere: 943-88 79 00.

Leave a Reply

Your email address will not be published.