“Irtenbidea ez da diotena sinestea”

“Kontzientzia feministarekin egindako rapa” egiten du La Furiak. Izen horrekin taularatzen da, hain zuzen, Nerea Loron rap abeslaria (Cascante, Nafarroa, 1983). Egun, Donostian bizi da. Musika mota hori erabiltzen du bere aktibismo feminista hedatzeko, eta beste lagun batzuei euren ikuspuntuak hedatzen laguntzen die.

No hay clemencia diskoko ia abesti guztiak ikuspuntu feministatik egin dituzu.

Ez dut bilatu diskoa horrelakoa izatea. Gertatzen zaidana idazten dut, eta sistemaren konfigurazioa da egunerokoan gehien gogaitzen nauena: patriarkatuan eta kapitalismoan oinarrituta dago.

Noiz piztu zitzaizun kontzientzia feminista?

Zentzua dudanetik. Ama feminista da, eta bai bera, bai aita gizarte mugimenduei oso lotuta egon dira. Txikitatik joan izan naiz manifestazioetara, feministetara eta beste aldarrikapen sozialak egiten zituztenetara. Horretan oinarritutako hezkuntza jaso dut.

Telebistan-eta raparen irudi matxista saltzen dute.

Kontua da rapa egitea nahiko “erraza” dela; Do it yourself filosofiaren barruan dago, punka bezala. Orduan, musika hori egitea nahiko eskura du jendeak. Gizartea, oro har, oso matxista da, eta hori musikan islatzen da. Niri grazia egiten dit rapa musika matxista dela nabarmentzeak: indiea edo popa hor daude. Dituzten kodeak sotilagoak dira, ez dute hain hizkuntza “itsusia”, baina abesti batzuk oso sexistak dira. Musika mota guztietan eduki matxista edo sexista asko dago.

Aldarrikatzaileagoak izan daitezkeen mezuak isilarazteagatik ematen zaie oihartzuna?

Bakoitzak gizartean betetzen duen espazioarekin du zerikusi handiagoa. Ez dut uste gainontzekoak isilarazteko denik… Nik gauza bat dut argi raparekin: 1970eko hamarkadan sortu zen Ameriketako Estatu Batuetan, beltzen komunitateetan, Harlem eta Bronxen. Borrokarako arma zen, eta funts hori 1980ko hamarkadan mantendu zen. Gero gainbeheran joan zen, medio komertzialetan gehienbat. Zer egiten du sistema kapitalistak? Interesatzen zaion zerbait erosi, hustu eta esanahia kentzen dio, gero saltzeko. Gehien iristen zaigun rapa eduki gutxien duena da, eta interes gutxien duena. Ke hutsa.

Zein osasun egoera du rap feministak?

Gero eta gehiago dago. Hainbat mota daude: neskek egindako rapa, batetik; rap aktibista, bestetik; eta, azkenik, azpitalde bat, rap feminista. Gero eta kide gehiagorekin egiten dut topo, munduko edozein tokitan.

Zein metodologia erabiltzen duzue rap feminista tailerretan?

Teoria eta praktika bereizten ditut tailerretan. Teorian, raparen historia zein izan den aztertzen dugu, eskuragarri dagoen historia. Atentzioa ematen digun zerbait hartu, eta, hortik aurrera, emakumeak agertzen diren rap-aren historia hartzen dugu. Hutsune handia dago hor. Bilaketa horretan, erreferente izan daitezkeenen zerrenda osatzen dugu. Emakumeontzako oso garrantzitsua da erreferenteak izatea.

Zeintzuk dira erreferenteak?

Bakoitzak bereak izan ditzake. Niretzako, rap feministarekin hasi zen Queen Latifah izan daiteke bat; eta, gaur egungoa, Rebeca Lane. Baina ez du zertan ezaguna izan. Horretan datza gure tailerra: gure artean ahalduntzea, eta bata bestearen erreferente izatea. Ahizpatasuna edo sisterhood deitzen zaiona sortzea da helburua.

Eta praktikan zer lantzen duzue?

Prozesua da garrantzitsuena, bakoitzak bere burua aurki dezan. Lehendabizi, raparen bitartez, inguruan zer dagoen aztertzen dugu. Gero, interesgarriak izan daitezkeen gauzak ikusten ditugu, identifikagarriak direnak. Azkenik, niri zer gertatzen zaidan aztertzen dugu; zer esan nahi dudan eta nola. Adierazteko teknikak erakusten dizkiet: errimak, nola konposatzen den abesti bat… Tailerrean gure erreferenteen bilaketa egiten dugu, baina hori historia osora estrapola daiteke. Emakumeak ez gaude historiaren errelatoan egoki islatuak. Arlo jakin baten historian bilatzen badugu —rocka, zientzia, matematika…—, ez dugu erreferenterik aurkituko. Gauzek nola funtzionatzen duten ikustea da, eta guk zer egin dezakegun erabakitzea. Irtenbidea ez da dioten guztia sinestea, ezta inguruarekin nazkatzea ere. Zerbait eraiki behar dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.